Arrauna

Hondarribia, Orio, Urdaibai eta Ondarroa txapeldun Gipuzkoako eta Bizkaiko traineru txapelketetan

Hamairugarren aldiz irabazi dute txapelketa Hondarribiak eta Urdaibaik. Oriok hirugarren aldiz irabazi du, eta Ondarroak, bigarrenez.

Urdaibaiko arraunlariak, txapelketa irabazi berritan, Lekeition (Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU
Nagore Arin.
2022ko ekainaren 12a
15:13
Entzun

Garaipen gozo batekin hasi dute traineru denboraldia Hondarribiak, Oriok, Urdaibaik eta Ondarroak: Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketa irabazi dute –aurtengoan, liga hasi aurretik jokatu dira biak–. Hondarribian (Gipuzkoa) jokatu da lehena, eta Lekeition (Bizkaia) bigarrena. Gipuzkoako txapelketari dagokionez, Hondarribiak irabazi du gizonezkoen norgehiagoka, eta Oriok emakumezkoena. Bizkaiko txapelketan, berriz, Urdaibaik irabazi du gizonezkoena, eta Ondarroak emakumezkoena.

Gipuzkoan, Hondarribia izan da gizonezkoen sailkapenean hogei minuturen azpitik estropada amaitu duen traineru bakarra. Donostiarra saiatu da distantzia hori mantentzen, baina azkenean Ama Guadalupekoak gailendu dira, non eta etxean. Atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Donostiarra, Orio eta Getaria. Emakumezkoetan, nagusitasunez gailendu dira Orioko arraunlariak, eta bigarren postuan gelditu da Tolosaldea, Arraun Lagunak eta Donostiarra elkarteen aurretik. Garaipen sortari so, hamahirugarren garaipena izan da Hondarribiarena; hirugarrena, berriz, Oriorena.

Bizkaian, Urdaibai eta Zierbena traineruek soilik bukatu dute estropada 21 minuturen azpitik. Hasieran, nahiko parekatuta ibili dira Ondarroarekin, baina azkenean Bermeoko arraunlariak gailendu dira. Atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Zierbena, Ondarroa eta Kaiku. Emakumezkoen sailkapenean, Ondarroako arraunlariak gailendu dira. Bigarren eta hirugarren egin dute, hurrenkera honetan, Deustuko eta Portugaleteko traineruek. Garaipen sortari so, hamahirugarren garaipena izan da Urdaibairena; bigarrena, Ondarroarena.

Gaurko berotuaren ondoren, datorren astean etorriko da ligen txanda: KAEko lehen maila eta ETE gaur zortzi hasiko dira, eta astebete geroago, berriz, KAEko bigarren maila. Euskolabel eta Euskotren ligen txanda, bestalde, uztaileko lehen asteburuan izango da.

Ikusi gehiago:Aurreneko berotu handia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.