Hondarribia-Irun elitetik kanpo gelditu da

Lehen taldea desagertu egin da, ez duelako garaiz lortu ligak eskatzen duen 70.000 euroko bermea

Hondarribia-Iruneko jokalariak —ezkerrean—, Obenasakoei eskua ematen, iragan sasoian, elkarren aurkako derbiaren ondoren. Bi taldeak desagertu egin dira. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Hondarribia
2013ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Hondarribia-Iruneko lehen taldea desagertu egin da. Arrazoia ligak eskatzen duen 70.000 euroko bermea ez aurkeztea izan da. Taldeek uztailaren 5ean aurkeztu behar zituzten ligan jokatu ahal izateko baldintza guztiak, eta Hondarribia-Irun epea atzeratuz joan da, bermea ez baitzuen lortzen. Azkenean, espero zitekeen albiste txarrena iritsi da: taldearen desagerpena.

Leire Aranburuk, Hondarribia- Iruneko presidenteak, aurpegi serioarekin hasi zuen prentsaurrekoa atzo. Argi hitz egin zuen: «Espainiako Federazioko presidenteak kanpoan utzi gaitu. Ez dizkigu atzerapen gehiago onartu, eta ez dugu bermea lortu». Etsipena nabaria zen bere ahotsean. «Dena eman dugu taldeak jarrai zezan, baina ezinezkoa izan da. Tristura eta pena handia ematen digu, baina hau da errealitatea».

Taldea ligatik at uzteko erabakia hartu zutenei mezu bat eman nahi izan zien. «Aurka bozkatu zutenei hitz egiten diet: aurten gu izan gara, baina datozen urteetan beste batzuk izan daitezke. Denbora gehiago eman behar zeniguten». Une latzak diren arren, esker ona adierazi zien erakundeei. «Alde horretatik, ezin gara kexatu. Aurrekontuaren %90 publikoa izan da orain arte. Egungo egoera soziala ulertzen dugu». Zuzendaritza taldeari ere «egindako lan guztia» eskertu zion, eta jokalariak ere izan zituen gogoan. «Azkenera arte itxaron digute». Taldea desagertu bada ere, ezda ez direlako saiatu, zuzendaritza iragan denboraldia amaitu bezain laster hasi baitzen hurrengo sasoia prestatzen. «Oscar Cea kirol zuzendariak lan asko egin du», esan zuen. Orain, harrobiko lanean ariko da buru-belarri.

Ezin ados jarri

Hondarribia-Irunek bermea lortu izan balu, hiru euskal talde leudeke Lehen Mailan. Izan ere, EHU eta Ibaizabal iragan sasoian igo egin ziren. Aranbururentzat, horrek are larriago bihurtzen du desagerpena. «Gipuzkoako bi talde gaude Lehen Mailan, eta ez gara gai adostasunera iristeko. Antolaketa falta nabarmena dago. EHU igo zenean, Gipuzkoako Federazioarekin batzartu ginen, hiru teknikari eta aldundikoak. Guk Gipuzkoan talde bakarra nahi genuen, erreferentzia izango zena. Federazioa, baina, ez zegoen ados. Talde gehiago, jokalari gehiago, hori zen haien pentsaera. Aldundiak diru sarrera berdina izango zela aurreratu zuen. 210.000 euro bien artean banatzeko —iaz talde bakarrak jaso zuena baino %20 gutxiago—.EHUk babeslea du, eta guk ez». Minduta, ironia azaleratu zuen.«Borondateak ez du ezertarako balio ekintzak ez badaude. Lehen, gu ginen erreferentzia Gipuzkoan. Hiriburuko talde bat da orain, kasualitatea izango da».

Ez da lehen aldia liskarrak dituztela Gipuzkoan emakumeen saskibaloia antolatzeko orduan. 1993an ere antzeko zerbait gertatu zen. Orduan harremanak eten egin ziren. «Dirudienez, ez dugu aurrerapausorik eman. Iragan sasoian presidente izateko erronka hartu nuen, Donostiako jendearekin harreman ona baitaukat, eta akordioa lortu eta Gipuzkoako taldeak batu nahi nituen. Hasiera batean denok konforme geunden, baina adostasuna zertzeko garaian, taldeek ez genuen bat egin. Azkenean, bakoitzak bere bidea hartu du».

Bideak amildegira eraman du Hondarribia-Irun.«Erreferentziako talde bat egon behar luke. Juniorretara iristean batzen gaituen talde bat. Badago agiri bat, baina inoiz ez gara sinatzera iristen». Orain hutsetik hasiko da taldea. Azpiko mailek jarraituko dute, eta helburua «goi mailako jokalari gipuzkoarrak prestatzea» izango da.

Krisi ekonomikoak gogor jo du kirola, are gehiago talde apalak, eta hori garbi ikusi da emakumezkoen eliteko saskibaloian. Iragan sasoian bi euskal talde ziren Lehen Mailan, Hondarribia-Irun eta Obenasa. Biak desagertu dira arazo ekonomikoen ondorioz. EHUk eta Ibaizabalek hartu diete lekukoa, mailaz igota. Ligan hamabi talde egongo dira guztira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.