Saskibaloizale klasikoari begietako mina emango dio, baina errealitatea da. Kroazia Europako saskibaloi harrobi on eta oparoenetakoa da. Hango selekzioko joko-antolatzailea, ordea, Baltimoren jaiotakoa da, AEBetan. The Wire telesailak munduan ezagun egin duen hirian eman zituen lehen boteak Dontaye Draperrek. 2011z geroztik, baina, kroaziarra ere bada, eta, 2011ko eta 2013ko Europako Txapelketetan egin bezala, elastiko koadroduna jantziko du hurrengo asteetan. Egin duen hautua, gainera, ez da azken uneko larrialdi baten ondorioz izan, AEBetan jaiotako beste jokalari bat baitzegoen haren aurretik, Oliver Lafayette, hain zuzen ere; baina hark min hartu duenez, Draper deitu du Velimir Perasovicek.
Gaur hasiko den Europako Txapelketan parte hartuko duen selekzio bakoitzak tokiko bertako herritartasuna hartutako jokalari bat izateko eskubidea du. Lehian ariko diren 24 selekzioetatik ia erdiek baliatu dute aukera hori: 11k, hain zuzen. Hori bai, aukera baliatu duten gehienek AEBetako jokalari bat aukeratu dute. 2011n, Bo McCalebbek finalerdietara eraman zuen Mazedonia, eta JR Holdenek bere garaian maila onean jokatu zuen Errusiarekin. Haien ereduari jarraikiz, Europako hainbat gobernuk dekretu bidez eman diete herritartasuna AEBetan jaiotako jokalariei.
Draperrez gain, A. J Slaughter (Polonia), Blake Schlib (Txekia), Matt Lojeski (Belgika), Jamar Wilson (Finlandia), Jacob Pullen(Georgia), D'Or Fischer (Israel), Richard Hendrix (Mazedonia), Jeromek Randle (Ukraina), Alex Renfroe (Bosnia) eta Bobby Dixon (Turkia) dira Europako Txapelketan parte hartuko dute estatubatuarrak. Elkarrekin multzo jokalari bikaina egingo lukete; 11 dira,gainera, selekzio bat antolatzeko adina. Nolabait, AEBak txapelketako 25. selekzioa dira.
Bi herritartasun dituztenak ere badira, Erik Murphy finlandiarra eta Daniel Hackett italiarra, esaterako, baina horiek gaztetatik euren herrialdetan zailduriko jokalariak dira.
Nazionalizaturiko jokalarien auziak zeresan asko eman du Europan, eta tradizio handiko selekzioetan eztabaida sortu du. Milos Teodosic serbiarrak oso argi hitz egin zuen gaiaz, iaz: «Ez naiz selekziora itzuliko nazionalizaturiko jokalariren bat badago. Talde errealak behar ditugu, eta harrobiko gazteei aukera eman». Serbiaz mintzo dela kontuan hartuta, ulertzekoa da. Alexander Djordjevic hautatzaileak uko egin zion aukera horri. Biak Europako Txapelketan ariko dira, etxeko jokalariekin osaturiko selekzioan.
Nazionalizaturikoen edota «naturalizaturiko jokalari atzerritarren» auzia ez da berria. 1990eko hamarkadan Greziak balkaniar ugari nazionalizatu zituen edo Europako ekialdeko herrialdeek AEBetako jokalariak erreklutatu zituzten. Talde danteskoak osatu ziren, Nazioarteko Federazioak (FIBA) mugak jartzea erabaki zuen arte: bakarra selekzio bakoitzeko. Horrek selekzioak aukeratzera behartu ditu. Poloniak edo Ukrainak, esaterako, AEBetako hainbat jokalariren artean aukeratu behar izan dute.
Hautatze kasu ezagunena, baina, Espainiarena izan da: Nikola Mirotic montenegroarra eta Serge Ibaka kongoarraren artean aukeratu behar izan du. NBAko bi jokalariak gazte mailetan iritsi ziren Espainiako Ligara, eta Espainiako Gobernuak biei eman zien herritartasuna. Ibaka min hartuta dagoenez, hautu erraza izan du Sergio Scariolok. Beste kasu bat da Anton Gavel alemaniarrarena. Aurretik Eslovakiarekin jokatu zuen, eta FIBAren baimen berezia jaso du Alemaniarekin jokatzeko.
Hogeita bosgarren selekzioa
Europako Saskibaloi Txapelketa gaur hasiko da, eta lehian ariko diren hogeita lau selekzioetatik 11k dute gutxienez AEBetan jaiotako jokalariren bat euren taldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu