Hogeita bian amaitzen da

Titin III.ak lau t'erdiko eta binakako txapelketak jokatuko ditu 2014ko sanmateoetan erretiroa hartu aurretikAurkakoa zabaldu zen arren, Aspek ez du antolatuko agur partiden zirkuitu bat

Titin III.a, zutik erdian, atzo Logroñon emaniko prentsaurrekora gerturatu ziren Errioxako beste pilotari, teknikari eta bere familiako kideekin. R. B. / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Erlojua hasi da atzeraka zenbatzen. Urtebete eta aste bat falta da Titin III.a azkenekoz jokatzen ikusteko. Mitoak 2014ko sanmateoen ondoren joko ditu azken pilotakadak, Aspek Logroñon antolatuko dion omenaldi jaialdi batean. Titinek 45 urte izango ditu orduan, 22 urte luzeko profesional ibilbidea, eta 1.800 partida baino gehiago jokatuak. «Enpresarekin adosturiko agurra da, etapozik nago lorturiko akordioarekin», argitu zuen atzo Titinek berak. Bere azken urtea, baina, ez da nolanahikoa izango. Irailean lau t'erdiko txapelketa jokatuko du, final-zortzirenetan sartuta, eta neguan, binakakoa. Gero, udan, enpresak jartzen dizkion partidak jokatuko ditu, baina oraingoz ez dago aurreikusita agur partiden zirkuiturik egitea, bere garaian Julian Retegiren azken hilabeteetan egin zen gisakoa.

«Pilotan hogeita bira iristea da helburua, eta nik, 2014ko irailaren 13an 22 urte beteko ditut profesionaletan. Agurra iritsi behar zela banekien, barneratua nuen; bada, orain badakit nola izango den». Titin argitasun harrigarriz mintzatu zen bere agurraz. Aurrelaria Fernando Bidarte Aspeko burua eta Iñaxio Errandonea enpresako zuzendari komertzialarekin batera agertu zen hedabideen aurrean, Logroñoko hotel batean. Azken egunetan bili-bolo ibili da bere agurra noiz eta nola izango zen, eta Retegi II.ak izan zuen moduko agur jaialdien zirkuitu bat izango zela zabaldu zen, baina printzipioz ez da halakorik egongo. «Hurrengo urteko feria bukatu, eta egun bat edo bira, Aspek jaialdi berezi bat antolatuko du haren omenez Logroñon», azaldu zuen Bidartek, «baina herri edo hiribururen batek agur jaialdiren bat antolatu nahi badio, denborarekin antolatuko ditugu».

Titinek «erronka» jarri dio bere buruari azken urtean: «lehiakorra izatea», Aspek langa goian jarri diolako. Bidartek hurrengo lau t'erdiko eta binakako txapelketak jokatuko dituela adierazi zuen. «Lau t'erdikoa kontratuan duelako, eta bere kirol maila ona delako. Gainera final-zortzirenetan hasiko da, ez behe-behetik, bera aurkariaren zain egongo da». Binakakoa proba gogorragoa izango da, eta ezusteko erabakia da, Triciokoak ez baitu uda oso ona egin. Bidartek, halere, fede ia itsua du berarengan. «Titinek, baina, berrindartzeko gaitasun harrigarria du, eta buruan zerbait sartzen zaionean, bete egiten du. Sasoiko badago, jokatuko du, enpresak fede osoa duelako berarengan».

Titinek, baina, badaki enpresa barruko lehia gogorra dela, eta ez du nahi binakako txapelketako postua opari diezaioten. «Ondo prestatuko naiz, lehiakorra izan nahi dudalako. Debutatu nuenetik, urtero jokatu dut binakakoa, eta azken urtean ere jokatu nahi nuke. Sasoi onean egon beharko dut, ondo prestatuko diren enpresa kideak daudela badakidalako». Aditzera eman zuenez, sasoi betean egongo ez balitz, ez luke parte hartuko.

Iñaxio Errandoneak enpresaburuaren erabakia babestu zuen. «Titin inoizko pilotaririk onena izan da, eta jendea erakartzeko duen ahalmena harrigarria da. Asko hitz egin da bere mailaren inguruan, baina iaz, esaterako, garai hauetan garaipen batez besteko okerragoa zuen, eta gero sanmateoak irabazi zituen». Orduan,Titinek bere burua puntan ikusteko gai bada, eta enpresak ere babes guztia ematen badio, zergatik hartu erretiroa? Eta zergatik orain? Titinek azaldu zuen. «Gero eta gehiago kostatzen zait gauzak egitea. Pribilegiatua izan naiz, pilotan jokatzetik bizi izan naizelako, baina prestatzea gero eta gogorragoa da urtero».

Omenaldia, Logroñon

Binakakoa bukatuta, enpresa partidak jokatuko ditu Titinek, «estelarrak izan daitezen saiatuko gara», azaldu zuen Bidartek. Udan herri askok Titin ikusi nahiko dutela uste dute enpresan, bai behintzat Errandoneak. «Herri askotan galdetu digute aurten, 'hau izango al da azken urtea?', 'utziko al du?'. Titinek jarraitzaile asko ditu, berarengandik esaten den hori egia delako, berdin dio 200 biztanleko herria izan, edo pilotaleku handi bat, bere onena ematen du beti».

Agurreko jaialdia prestatzeko urtebete baino gehiago falta da, eta Titin ez zen ausartu nolakoa nahiko zukeen esaten. Azken partida beste hiru errioxarrekin jokatzeak ilusioa egingo liokeela esan zuen, eta noski, Logroñon. Errioxa aldean badago zabaldu duenik bertako gobernua pilotalekuari izena aldatzea aztertzen ari dela, Titin III.a jartzeko. Pilotariak oraindik ez du horretan pentsatu nahi; denbora badago, eta umoreko mintzatu zen erretiratu ondoren zer egingo duen azaltzean. «Pilotari lotuta jarraituko nahiko nuke, klubean edo... Egia esan pilotan jarraitu nahi baldin badut beste ezer egiten ez dakidalako da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.