Valentzia 1-0 Athletic

Hodeietatik jaitsi behar izan du

Valentziaren zelaian eten zaio bolada bikaina Athletici, hiru hilabeteren ondoren galdu egin baitu. Erasoan argitasuna falta izan zaie zuri-gorriei, eta etxekoek gol aukera bakarra baliatu dute.

(ID_13517855) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Hugo Duro gola ospatzen, atzean Nico Williams dagoela. MANUEL BRUQUE / EFE
jon eskudero
2024ko urtarrilaren 20a
22:00
Entzun

Noizbait behar zuen. Hiru hilabete zeramatzan Athleticek partidarik galdu gabe, baina gaur amaitu zaio bolada ona, Valentziaren zelaian. Erarik okerrenean amaitu ere. Besteak beste, azkenaldiko erakustaldietatik urrun, partida eskasa jokatu baitute zuri-gorriek. Valentziak planteamendu zuhurra izan du hasieratik, eta etxekoen joko asmoari aurre eginda aritu da une oro Ernesto Valverderen taldea. Gol aukerak sortzeko arazoak izan ditu, eta, aukera apur horietan, Valentziako atezainak ongi erantzun du. Etxeko taldeak ere ez du irabazteko meritu handirik egin, baina Hugo Durok bigarren zatian sarturiko golak balio izan dio horretarako, eta gerora ederki asmatu du aldea kudeatzen. Hortaz, hamalau partida galdu gabe egon eta gero, punturik bildu gabe itzuli dira etxera zuri-gorriak. Dena den, tinko jarraituko dute Europako postuetan, 41 punturekin.

Ligaren lehen itzulian San Mamesen gertatu bezala, Valentziak hasieratik erakutsi du badakiela Athletici neurria hartzen. Orduko hartan bina berdindu zuten, eta Valverderen taldeak arazo handiak izan zituen aurkariari gain hartzeko. Bada, gaur ere antzerako zerbait gertatu zaio. Etxekoen lehentasuna zera izan da, lerro guztiak gertu eduki eta aurkaria deseroso sentiaraztea. Bete du helburua. Lehen minutuak intentsitate handikoak izan dira, baina gerora joko lehorra eta taktikoa nagusitu da. Athleticek baloia gehiago izan du oinetan, baina sakontasunik topatu ezinda aritu da etengabe. Nico Williamsek ahalegina egin du birritan ezker hegaletik, baina ez du aterik topatu.

Halako partida itxietan gertatu ohi den bezala, jakina da hutsak garesti ordain zitezkeela, eta Yuri hanka sartzeko zorian izan da, atsedenaldiaren atarian. Baloi arriskutsua galdu du bere areatik gertu, eta Valentzia gola sartzeko zorian izan da. Jokaldi horrekin laineza hartuta, etxeko taldeak asko estutu du azken minutuetan, estrategia jokaldien bidez batez ere, baina ez du golik sartu. Zuri-gorriek gustura hartu dute aldageletarako bidea.

Gidoi bera espero zen bigarren zatiari begira, baina Athleticek pauso bat aurrera eman du erasoan, eta Sancetek partidako aukerarik garbiena izan du 49. minutuan. Eskuin hegaletik jasotako pasea ongi errematatu arren, baloiak zutoin ondotik kanpora ihes egin dio. Hamar minutu beranduago erantzun du Valentziak. Ate aurrean bakarrik egon arren, baloia kanpora bidali du Hugo Durok. Hots, hurrengo jokaldian ez du barkatu aurrelariak. Gayaren erdiraketa sareetara bidali du, buruz. Yurik erraztasunak eman dizkio. Kolpeari erantzun nahian, Valverdek bost aldaketa egin ditu jarraian, eta zelairako bidea hartu dute Galarretak, Unai Gomezek, Villalibrek, Adu Aresek eta Raul Garciak.

Suspertzeko gaitasunik gabe

Bi aurrelari peto zelaian izanik, pentsatzekoa zen Athleticek baloi luzeen bidez joko zuela erasora azken minutuetan, baina ez du susperraldi zantzurik ere erakutsi. Unai Gomezek aukera on bat izan du 80. minutuan, baina beste aukera arriskutsurik ez dute sortu zuri-gorriek. Valverdek porrota onartu besterik ez du egin prentsa aretoan. «Ikusten zen jokaldi batean erabakiko zela nork irabaziko zuen, eta haiek asmatu dute. Beste egun batzuetako argitasuna falta izan zaigu azken metroetan. Triste gaude, baina denboraldia bikaina da oraindik ere, eta burua altxatu behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.