Txapela kentzeko moduko lana egin, eta jantzi du txapela, hala, bigarren urtez jarraian. Hodei Ezpeleta aizkolari eibartarrak irabazi du Euskal Herriko Aizkora Txapelketa Nagusiko finala. Eguerdian aritu dira norgehiagokan, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Lehia bizia izan da, estua zinez. Xabier Zalduak egin du bigarren, eta Jokin Urretabizkaia Basozabalek hirugarren.
Lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko zituzten gaur egin beharrak. Txapeldunak 47 minutu eta 42 segundoan egin ditu lanak; Zalduak 49 minutu eta 17 segundo behar izan ditu; Basozabalek, berriz, 53 minutu eta 53 segundo. Horien atzetik sailkatu dira Joxe Antonio Etxeberria (56'07''), Luis Mari Txapartegi (58'40'') eta Iban Resano, ordu bat eta 44 segundotan eginik lanak.
Sei aizkolarien artean, hain justu ere Ezpeleta zen faboritoa gaurko finalerako, itxuraz. Ordea, kontua ez zen argi, eta askok esana zuten Urretabizkaia Basozabalek ere izanen zuela irabazteko aukera ederrik, baita Zalduak ere. Horiek horrela, Ezpeletak gogor estutu behar izan du hauspoa garaile izateko. Izan ere, grinez aritu dira beste biak, Zaldua batik bat.
Ezpeleta izan da aurreneko hasiera-hasieratik. Ordea, hurbil zituen Zaldua eta Basozabal, eta, hain justu ere, bi horien artean izan da dantza gehien sailkapenean; bigarren eta hirugarren nor geldituko lehian. Erlojuak aurrera egin ahala, tartea irabazi dio Zalduak Basozabali, eta Ezpeletak berak ere erruz egin behar izan du ahalegina, nafarrak aurrea har ez zezan. Hamargarren enborrean, baina, adarra atera zaio Zalduari, eta sufritu egin du orduan. Ezpeletak ez du hutsik egin, fin segitu du amaierara arte. Berea da txapela, bigarrenez.
Finalaren aurretik, emakumezkoak ere aritu dira gaur enborrak mozten Bizkaia pilotalekuan –erakustaldia egin dute, ez baitzen txapelik jokoan–. Nerea Arruti izan da garaile; Irati Astondoak egin du bigarren, eta Maika Aristegik, berriz, hirugarren.