Hobetu nahiak ez du mugarik

Unai Emeryren alboan, aulkian, 'arrakasta' izena dago idatzita entrenatzaile denetik. Ibilbide loriatsu horren oinarrian aldagai asko daude: lan egiteko modu bat, pertsona, haren izaera eta futbola bizitzeko pasioa.

ALESSANDRO DELLA VALLE / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Arrakasta bermatzen duten iragarki komertzial horietan azaltzeko oso egokia da Unai Emery. Harekin darama edonora. Futboleko taldeetara, esan nahi da. Hondarribiko entrenatzailea non, loria han. Distira gehien Europa Ligako lau garaikurrek egiten diote: hiru Sevillarekin irabazitakoak, bata bestearen atzetik, 2014tik 2016ra, eta azkenekoa, iaz, Vila-realekin. Zakua handi dezake Txapeldunen Ligan talde horrekin, bihar bertan baitu finalerdien joanekoa, Liverpoolen zelaian (bestea gaur da, Manchester City eta Real Madrilen artekoa).

Baina ez dira itzalpean gordetzekoak beste bi hauek ere, adibidez: Lorcan estreinatu zen aulkietan, eta denboraldi erdian, Bigarren Mailara igo zen taldea; gutxi behar izan zuen gero Lehen Mailarako jauzia emateko. Almerian ondoren, Lehen Mailara igo zen, hurrengo sasoian aise ibiliz elitean.

Behin irabaztea kasualitatea izan daiteke. Bitan ere bai, akaso. Baina hainbestetan garaile izatea kausalitatearen ondorio da. Zerbait dago atzean. Zerbait dauka Emeryk. Zerbait baino gehiago, zerbait asko. Lana edozeinek egin dezake, baina lan ona, ez. Emeryrena ona da. Nolakoa da bera, baina?

Denak bere hasiera du, eta jaioterrira joan behar da Emeryren kasuan. Hondarribiko taldean ari zen jokatzen, Infantil mailan. Mikel Jauregi herrikidea (1965) zuen entrenatzaile, eta, haren bitartez, klubeko txikiak entrenatzen hasi zen. Herrian hasitako harremana Valentziara eta Moskura eraman zuten biek gero, analista gisa hartu baitzuen Emeryk Jauregi. Ondo ezagutzen du: «Futbola asko ikusi du umetatik. Azkenean, aita entrenatzailea izan zen, eta aitona, jokalaria». Jauregik azkar antzeman zion bazuela zerbait berezia orduan jokalari bakarrik zenak: «Futbola ikusi egiten zuen, bazuen iritzia, eta bizi egiten zuen. Berari bakarrik eragiten zioten erabakiez gain, bestelako ikuspegi zabala ere bazuen, entrenamenduena, taldearena...». Horra oinarria eta hasiera: «Gero, garatuz joan zen».

Garapen horretan hurrengo mugarrietako bat Reala B-n izan zuen, Sansen. Mikel Etxarrirekin (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1946) egin zuen topo. Orduan entrenatzaile, eta gero erreferente. Emeryren beste ezaugarri baten berri eman du: «Eztabaidatzea gustatzen zitzaion. Galdetu egiten zuen, futbolaz asko pentsatzen zuelako. Gorabeherak ere izan genituen pare bat aldiz». Etxarrik gogorarazi egiten dizkio oraindik: «Azkar erantzuten dit: 'Gogoratzen zara oraindik?'».

Ezker hegaleko jokalari arina zen Emery. Teknikoa. Abila. Baloia oinean, baina entrenatzailea buruan ordurako. Lorcan eman zioten aukera, 2004aren amaieran. Bigarren B Mailako talde horretan jokatzen ari zen, baina gaixotu egin zen sasoi hasieran. Ezin jokatu. Taldea mailaz igotzeko hautagaietako bat zen, baina oker zebilen, kanporaketetan sartzeko hamahiru puntura. Entrenatzailea, Quique Yague, kalera bota zuten, eta Emery aulkian jarri. Baiezkoa esan aurretik, ordea, galdera Etxarriri: «Bere taldekide ohi baten bitartez galdetu zidan ea entrenatzaile izan zitekeen jokalari izan zen denboraldi berean».

Iñaki Bea (Amurrio, Araba, 1978) taldekide zuen, eta ondo gogoan dauka Hondarribikoaren lehen hitzartzea: «Jokalari gisa, adarra asko jotzen genion, eta bera ere zalea zen horretan. Baina hitzartze horretan serio-serio hitz egin zigun. Mailaz igotzen saiatu behar genuela, eta talde onena gurea zela. Ilusioa piztu zigun». Baita entrenamendu berritzaileak jorratu ere: «Unairekin hasi ginen baloi jabetzak helburuekin lantzen, eta sei seiren aurkako partidak benetako grinarekin jokatzen». 2005eko urtarrilaren 9an estreinatu zen aulkian, Ecijan (Espainia), eta 0-3 irabazi zuen Lorcak.

Palmareseko aurreneko koska ekainaren 26an jarri zuen, non eta Irunen: Bigarren Mailara igo zen Lorca, Real Union kanporatuta; orain, Real Unionen jabe da. Bizitzaren beste zirrikituetako bat ere izan zuen igoera horretako bideak: aurreko kanporaketan, Alacant kanporatu zuen Lorcak, eta Jose Bordalas —orain Valentzian— zuen entrenatzaile. «Ezinezkoa zena lortu zuen», ekarri du gogora Beak.

Taldekide eta jokalari-entrenatzaile ez ezik, gelakide ere baziren Bea eta Emery. «Futbolaz aritzen ginen hizketan beti. Oso astunak ginen». Gogoan du nola erabiltzen zituen hoteletako geletako botilak: «Taktika esplikatzen zidan haiekin: Lauko lerroa, bostekoa, bi aurrelari...». Igande eguerditan Canal Plus kateak botatzen zuen partida ia astero ikusten omen zuten biek. Beak gogoan du nola gustatzen zitzaion Emeryri 2004-2005eko denboraldiko Eibar, Mendilibarrena —Bea laguntzaile izan zuen Eibarren—: «'Begira nola presionatzen duen goian partida guztietan', esaten zidan».

Emeryren pasioaren berri ematen ari da Bea, eta, hain zuzen, haren bereizgarrien artean, horixe nabarmendu du hasteko: «Jokalariengana asko iristen da, pasioari esker». Lasaitasuna helarazten ere bai omen daki, hala ere: «Ezaugarri oso ona da hori, adibidez kanporaketak gainditzeko, penalti jaurtiketetan eta abar. Badaki jokalariaren lekuan jartzen». Zelaian ari denari sekulako laguntza ematen dio: «Koordenada guztiak ematen dizkio irabazteko, informazio ona egoera guztiei aurre egiteko: A plana, B plana...».

«Akatsetatik ikasiz joan da»

Informazio zehatza eman behar duenak eduki egin behar lehendabizi, eta horixe du beste bereizgarrietako bat Emeryk. Zeregin horretan lantaldean eduki zuen Jauregi Valentziako azkeneko bi denboraldietan eta Moskun: «Oso ondo prestatzen ditu partida guztiak. Bideoa asko erabiltzen du, konturik txikienei ere erreparatzeko, gero jokalariei kontatzeko». Futbola besterik ez du buruan: «24 orduz, etengabe, buruari bueltaka ari da beti».

Jauregik gogoan du nolakoa zen Emeryren egun bat Valentzian: «Ordutegiekin kaotiko samarra da, baina entrenamendu gunera aurrena iristen zen, eta azkena ateratzen». Zereginak, asko: «Eguneko entrenamenduari azkeneko buelta bat eman, bideoak ikusi, taldearenak edota aurkariarenak, jokalariren batekin bilera, lantaldeko entrenatzaileekin eta abar».

Inori galdetu gabe ikus daiteke nolako grinarekin bizi dituen partidak Emeryk. Entrenamenduetan ere antzera ibiltzen da: «Beti dago energiarekin, eta baikor gainera. Partida bat galdu ondorengo lehen entrenamenduan beti dago indartsu, egurrean, aurrera egiteko gogoarekin, eta horren aurrean jokalariak ezin dira burumakur eta etsita egon. Kutsatu egiten ditu indar horrekin. Asteko lehen lan saio horretan, ez zaio antzematen taldeak azkeneko partidan irabazi edo galdu egin duen».

Guztiaren gainetik, baina, Jauregik bi helduleku goraipatu ditu lagunaren inguruan: «Oso umila da, eta badaki besteei entzuten. Horri esker, egokitzen jakin izan du, eta akatsetatik ikasiz joan da. Horrela, hobetzen segitzeko aukera guztiak dauzka». Bat nabarmendu du hutsegiteen artean: «Valentzian ikusi zuen beste batzuek hartzen zituztela erabakiak beragatik. Zergatik? Ba, ez zelako elitekoa oraindik, eta zaleek eta kazetariek sekulako presioa egiten zutelako. Ez zen sartzen hainbat erabakitan horregatik. Kanpoko presioak gainditu egin zuen». Ikasgai horren barruan joan da ikasten: «Konturatu da entrenatzailea botatzen dutela kalera, eta botatzen badute bere ideiekin izan dadila, gauzak garbi esanda esan beharrekoari, ausart. Komunikabideek eta zaleek esan dezaketenari, bost». Garaipenak lagun horretan: «Autoritate eta sinesgarritasun handia lortu du. Orain ez du dudarik egiten iritzi bat ematean, edozeinen aurrean, klubean, kanpoan... Irmoa da hizketan eta erabakiak hartzen, taldean eta klubean».

Moldatu da beste gauza batean ere: «Lehiakorragoa da orain. Baditu printzipio batzuk aldaezinak, baina aurkariaren estilora egokitzen saiatzen da. Badaki aurkaria bera baino hobea denean asmatu egin behar duela indargune horiek ahultzen». Ez du estilo jakin batean sartzen Emeryrena: «Espazio librea bilatzen egin du hobera. Jokalari azkarrak ere nahi ditu orain. Baloia eduki nahi du, baina espazioak menderatu ere bai, aurkariaren ahulguneak aurkituz». Ez du harritu lagunaren arrakastak: «Hasieratik bete ditu helburuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik