Hobetu dutela erakusteko garaia

Eibar Cocodrilas Sevillaren aurka ariko da gaur, Ohorezko Mailako finalerdietan (15:30), Sevillan. Sasoi honetan, bitan izan dira aurrez aurre, eta andaluziarrak gailendu dira.

Eibarrek aurreko asteburuan amaitu zuen liga erregularra, CRATen kontra. ALBERTO SEGADE.
Iñaki Berastegi.
2023ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Gaizki hasi zena bikain amaitu daiteke. Eibar errugbi taldeak galdu egin zituen denboraldiko aurreneko bost partidak, baina, azkenerako, ligako kanporaketak jokatzeko sailkatu da. Gipuzkoako taldeak hirugarren sasoia dauka Espainiako Ohorezko Mailan, eta bigarren aldiz arituko da titulua eskuratzeko borrokan.

Zelaian ez ezik, bulegoetan ere borrokatu behar izan du Eibarrek kanporaketetarako sailkatzeko. Izan ere, CRATen aurkako lehenengo itzuliko partidan jokalari bat legez kanpo zelairatu zuela argudiatuta, lehiaketa epaileak bi puntuko zigorra ezarri zion euskal taldeari, eta garaipenarengatik irabazitako bost puntuak kendu. Joan den astean, baina, Kirola Arbitratzeko Espainiako Epaitegiak arrazoia eman zion Cristina Guntinen taldeari, eta kendutako puntu guztiak bueltatu zizkion. Horri esker, lehen fasea amaitzeko partida bat falta zela, Eibarrek matematikoki lortu zuen kanporaketetara igarotzea. «Oso pozgarria izan zen albiste hori jasotzea. Auzia ebatzi bitartean, horretan ez pentsatzeko lan handia egin dugu jokalariok eta talde teknikoak», dio Eider Garcia jokalariak (Berriz, Bizkaia, 2005). Yamila Oteroren F lizentziarekin izandako arazoa argituta, jokalaria guztiz normal ari da taldearekin.

Ligako seigarren jardunaldian iritsi zen Eibarren denboraldiko lehendabiziko garaipena. «Asko kosta zitzaigun lehendabiziko garaipen hura eskuratzea, baina buelta eman diogu egoera zail horri, eta ondo ailegatuko gara azken txanpara». Urtea amaitu aurretik onbideratu zuen Eibarrek denboraldi hasiera txarra, eta 2023an jokatu dituen sei neurketatik lau irabazi ditu. «Talde berria gara, eta, horrenbestez, denbora behar izan dugu jokalari berriak ondo egokitzeko. Jardunaldiz jardunaldi hobetuz joan gara». Dena den, Garciak uste du Majadahondaren aurka irabaztea izan zela mugarrietako bat. «Garaipen hori oso garrantzitsua izan zen: indar handia eman zigun».

Cocodrilas Sevilla lehen faseko txapeldunaren aurka jokatuko du gaur Guntinen taldeak, Cartujako kirol instalazioetan. Sasoi honetan, bi aldiz neurtu dituzte indarrak Eibarrek eta Cocodrilas taldeek, eta Sevillako taldea izan da irabazle bietan. Unben 12 -45 nagusitu zen Andaluziako taldea, eta Sevillan, berriz, 50-12. «Talde osoa bada ere, aurrelariekin min egingo diegula uste dut. Joko azkarra egin ohi dute, kanpoko jokalari oso onak dituztelako. Gure indargunea, berriz, lehen lerroa da». Beste finalerdia Majadahondak eta El Salvadorrek jokatuko dute (16:00).

Sevillaren aurkako partida erabakigarri horretarako, jokalari garrantzitsu batzuk falta izango ditu Eibarrek. Sabrina Poulin kanadarra da horietako bat. «Bere herrialdera bueltatu behar izan du. Asko nabarituko da haren falta, jokalari bikaina izateaz gain gainontzekoei erakusten dien horietakoa delako. Espero dugu datorren urtean itzultzea. Edonola ere, atzerritarrek utzitako lekuak bete dituzten jokalariak ondo aritu dira, gazteak izan arren».

Denboraldiko partidarik garrantzitsuena bada ere, Garciak nabarmendu du «normal» lan egin ahal izan dutela, nahiz eta asteazkenera arte ez zuten jakin partida zehazki noiz jokatuko zen. «Ziurgabetasun pixka bat nabaritu arren, larunbatean jokatu balitz bezala lan egin dugu. Gogotsu gaude, eta ilusioz beteta». Bestalde, nabarmendu behar da bi finalerdiak bi emakumezko epailek zuzenduko dituztela: Jenny Lee eta Lorena Martinezek izango dute ardura hori.

Getxo, igoera lortu nahian

Eibarren finalerdia ez ezik, euskal errugbiak izango ditu beste partida garrantzitsu batzuk asteburuan. Esaterako, Baionak Montpellierren bisita jasoko du gaur (17:00), Jean Daugerren, Top14 ligako 23. jardunaldian. Gregory Pataten taldeak ligako azken hiru partidak galdu ditu.

Bestalde, Getxok partida bakarra behar du emakumezkoen Espainiako Ohorezko Mailara itzultzeko. Bihar, Faduran, Bartzelona menderatu beharko du (12:30). Galduz gero, Ohorezko Mailako azken-aurreko sailkatuaren aurka bigarren aukera izango du Bizkaiko taldeak.

Espainiako Gizonezkoen Ohorezko Mailan, Ordiziak atseden hartuko du jardunaldi honetan, eta Gernikak Les Abellesen bisita jasoko du bihar (12:00), Urbietan. Miarritzek ere ez du partidarik jokatuko asteburuan .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.