Juanto Apezetxea. Helvetia Anaitasunako entrenatzailea

«Hobetu dugu, baina atzean konfiantza hartu behar dugu»

Sei partida daramatza Apezetxeak Anaitasunan, eta, tarte horretan, aurreko bederatzietan baino puntu gehiago lortu du taldeak. Orain arteko hobekuntzari eutsi nahi dio aurrerantzean.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
2015eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Egoera «kritikoan» hartu zuen Juanto Apezetxeak (Bertizarana, Nafarroa, 1968) Helvetia Anaitasunaren ardura, orain dela hilabete eta erdi. Azken-aurrekoa zen Iruñeko taldea, bederatzi partidatatik sei galduta. Ordutik, dezente hobetu da taldearen egoera. Sei partidatatik hiru irabazi ditu, eta beste bat berdindu, talde handien aurka lehiatuta ere. Eta aurrera egin du EHF kopan zein Espainiakoan. «Pozik» dago entrenatzailea.

Zergatik onartu zenuen Anaitasunak egindako eskaintza?

Klubetik deitu ninduten laguntza eske. Ez ziren konforme taldea nola jokatzen ari zen ikusita, eta deitu egin zidaten. Nik baietz esan nien. Tira, Anaitasunako bazkide naiz. Esan zidaten pentsatu zutela Javi Graciarekin batera har nezakeela ardura; hura taldean ibili zen aurreko sasoian, eta ongi ezagutzen du jendea. Konpromisoa hartu genuen, eta hemen gaude.

Kargua hartzean, esan zenuen epe ertain-luzera hasiko zela aldaketa igartzen. Dagoeneko nabari da, ordea. Espero al zenuen horren hobekuntza azkarra?

Egia esan, ez nekien. Zaila zela banekien, azken-aurrekoak ginelako, bost punturekin bederatzi jardunalditan. Egoera, beraz, nahiko kaskarra zen, nahiko kritikoa. Uste dut hobera joan garela; sei partidatan zazpi puntu lortu ditugu, eta, gainera, bizirik jarraitzen dugu Europan eta Espainiako Kopan, eta hori garrantzitsua da. Beraz, nahiko pozik gaude. Nahiko ongi ari gara entrenatzen, baina jabetzen gara hurrengo hilabeteak oso zailak eta gogorrak izango direla, eta hiru lehiaketetan parte hartzeko sufritu egin beharko dugula. Baina urte polita izango da, eta espero dugu gozatzea.

Zertan aldatu da taldea?

Lehen gauza, rolak. Garrantzitsua da rolak maneiatzea. Asobal ligan beti daude garrantzizko jokalariak, profesionalak, eta dagokien rola eman behar zaie. Gero, taktikoki, 6-0 defentsaren aldeko apustua egin dugu, Alex Garza eta Antonio Bazan erdian jarrita. Eta erasoan, uste dut taldea askoz orekatuago dagoela defentsan baino. Hobetuz joan gara, baina konfiantza hartu behar dugu atzean, defentsan.

Espainiako Kopan ere egin duzue aurrera. Cangasekin lehiatuko zarete final-laurdenetan. Ez dirudi aurkari erraza denik.

Ez, geratu diren taldeen artean denak dira zailak. Dena den, uste dut Cangasen kontrako partida nahiko irekita egongo dela. Ederra litzateke Espainiako Kopako Lauko Finala jokatzea, eta uste dut hobe dela Cangasen kontra jokatzea Bartzelonaren kontra baino. Hor dugu aukera. Uste dut nahiko parekatua egongo dela.

Esan izan duzu ilusioa pizten dizula Espainiako Kopak.

Bai, jabetzen gara Asobal ligan gauza handirik ezin dugula egin, baina garbi geratu da gai garela partida batean Naturhouse bezalako talde bat garaitzeko. Hori, normalean, Kopan gertatzen da. Ligan ez da asko mugitzen taldearen tokia, erdian, goraxeago edo beheraxeago... Baina Espainiako Kopan ezberdina da: zorte pixka batekin, lor daiteke finalerdiak jokatu edo finalean sartzea.

EHF kopako ligaxkan ere ariko zarete. Taldearen egungo egoeran, ez al da zama handiegia?

Bai, sekulako zama da, eta aukera gutxi dugu aurrera egiteko. Hor dauden taldeak gu baino hobeak dira, batez ere Chambery: egundoko taldea da, Europako talderik onenetarikoa. Gainera, aurreko kanporaketan, kanpoan utzi du Fuechse Berlin, egungo txapelduna. Bestalde, Errumaniako CSM Bukarest taldearen partidak ikusten ibili naiz, eta talde ona da. Eta Suediako Ystads IF oraindik ez dut ezagutzen, baina badira bi jokalari oso onak, Suediako selekzioan ibiltzen direnak. Lukas Nilsson da horietako bat, hurrengo urteetan Europan izar bat izango dena. Eta hor jokatzen du Kim Anderssonek ere, aurten PSGra joatekoa zena. Beraz, egoera horretan, gozatzea da gure xedea. Ea lortzen dugun partidaren bat irabaztea, batez ere etxean. Polita izango da Anaitasunan halako taldeak ikustea. Presiorik gabe, ea ezustekoa eman dezakegun.

Bartzelonaren aurkakoa da hurrengo partida, otsailaren 2an. Azken emaitzek arnasa eman dizuete lehiari aurre egiteko.

Nik beti esaten dut halako partidak errazak direla, komatxoen artean, ez dagoelako presiorik. Ziurrenik, nahiko ongi jokatuko dugu, baina Bartzelonaren kontra oso ongi jokatuta ere litekeena da galtzea. Ilusioa beti dago, eta nik ez dut Bartzelona aurreko urteetan bezain ongi ikusten. Eman ahal diegu ezustekoren bat, baina ia ezinezkoa da: 76 partida irabazi dituzte segidan. Zaila izanen da, baina uste dut ona dela lehen partida izatea; hala, pixka bat luza dezakegu denboraldi-aurrea. Gero etorriko da benetako erronka, Bartzelonarekin jokatu eta gero: Granollers, Bukarest... Hor egongo da kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.