Hamalau hitz ditu tatuatuak ezker besoko barru aldean. Hara begiratzen duen aldiro, Samuel Beckett idazle eta olerkari irlandarraren esaldi ezagunena irakurtzen du Stan Wawrinkak: «Beti saiatzen. Beti huts egiten. Ez dio axola. Saiatu berriz. Berriz huts egin. Hobeto huts egin». Kolpe bakoitzaren ostean altxatzearen apologia da. Suitzarraren mantra, huts egitearen poderioz ikasi duen tenislariarena. Ondo ikasi gainera, herenegun Roland Garros irabazi baitzuen, eta, bide batez, finalean, Novak Djokovicen Parisko madarikazioa gehiago luzatu zuen.
2002an egin zuen profesionaletako debuta Wawrinkak. Jatorri poloniarreko suitzarra eta nekazarien semea, Roger Federerren Davis Kopako bikotekidea izateagatik egin zen ezagun. Gehienetan, gainera, ia modu iraingarrian, kide horrekin Federerrek selekzio mailako titulua ez zuela inoiz ere irabaziko entzun baitzuen. Haren itzalean beti. Hainbeste, iragan larunbatean, Roland Garroseko final bezperako prentsaurrekoaren lehen galderan, Federer izendatu zuten, irabaziz gero hark adina Roland Garroseko titulu izango zituela esateko.
Wawrinka 2008an hasi zen itzaletik irteten. Olinpiar Jokoetako urrezko domina irabazi zuen Federerrekin eta ATPko bi final jokatu. Eskuin kolpe gogorrari esker, konpartsa hutsa baino gehiago izan zitekeela erakusten hasi zen, eta 2009an, lehenbizikoz irabazi zion erkide ezagunari. Egun handi solteak ziren, baina ez zuen segidarik, ezta emaitza onik ere torneo handietan. Gaia bazuen, baina mentalki biguna zen. Haren bizitzan Magnus Norman agertu zen arte. Tenislari ohi suediarra Roland Garroseko txapeldunorde izan zen 2000. urtean, eta, entrenatzaile moduan, Robin Soderling Parisko bi finaletara eraman zuen. Wawrinkarekin gauza bera egin zezakeela ohartu zen 2013an, eta 28 urteko tenislari gihartsu haren izaera berria zizelkatzen hasi zen.
Soderling haitz bat zen psikologikoki, gogorra, eta Wawrinkak haren antza du orain, baina tenislari hobea da. Eskuineko errebes kolpe bikaina du, Gustavo Kuertenek zuenaren antzekoa. Hori ondo daki Normanek, Kuertenen aurka galdu baitzuen bere ibilbideko partidarik garrantzitsuena. Entrenatzaileak diziplinatu egin du Wawrinka, eta profesionalago bilakatu. Pisua galtzera behartu zuen, bere buruan sinesten, eta 28 urterekin sufritzen irakatsi zion. «Ondo dago pistatik kanpo pertsona adeitsua izatea, baina barruan irabazle bat izan behar du», eta lehiakorragoa da orain. Bizitza aldatu dio Normanek, eta Wawrinkak tenisa baino ez du buruan.
Apustuak fruitua eman du. 2013ko AEBetako Irekian finalerdietara iritsi zen, eta 2014an, Australiako Irekia irabazi zuen. Torneo hartan Rafael Nadali, Novak Djokovici eta Roger Federerri irabazi zien —Andy Murrayri gehiagotan irabazi dio—. Gizonezkoen puntako tenisa lauren arteko kontua zela zirudienean Wawrinkak edozeini ezustekoa emateko gai dela aldarrikatu zuen. Aurten ere ondo aritu da Melbournen, finalerdietara iritsi zen, baina Roland Garrosen jo du goia.
30 urterekin pasatu du lehenbizikoz 4. txanda Parisen, eta Musketarien Kopa jaso du. Roland Garrosen erasora jokatu du, kolpe irabazle asko pilatu eta sarera igoz. Federer kanporatu zuen final-laurdenetan eta Djokovic, gero, finalean. Munduko 1. zerrendaburua hondoko marraren atzetik izan zuen ia partida osoan. Finalaren ondoren azaldu zuenez, Normanek agindu zion modu horretan jokatzeko.
Galtzak, modan
Wawrinkaren jokoak adina zeresan eman dute bere galtzek. Txapelketa osoan koadrodun galtza deigarri batzuk erabili ditu. «Bainatzeko, jokatzeko eta lo egiteko erabiltzen ditut», azaldu zuen umoreko. Twitter sare sozialaren bitartez adarjotze ugari jaso ditu, eta makina bat txantxa irakur daitezke. Hainbesterainokoa izan da harrabotsa, non tenislariak babesten duen etxeak milaka eskaera jaso dituen Internet bitartez. 42 euro balio dute. Hori bai, Wimbledonen ezingo ditu erabili, han zuriz jantzita jokatu beharko du.
Stan Wawrinka
«Hobeto huts egin»
Roger Federerren itzalpetik irten, eta gorakada harrigarria izan du azken bi urteetan. Entrenatzailez aldatu, lehiakor bilakatu eta aurre egin die sailkapeneko oilarrei. Herenegun Roland Garros irabazi zuen, bere ibilbideko bigarren 'handia'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu