Waltary Agusti eta Bixintxo Bilbao

Hoberako aldatzen

Binakako txapeldun izan berri dira. Aurrelariak laugarrenez irabazi du; atzelariak, bigarrenez jarraian. Bilbaok penaz utzi zuen ezkerpareta, baina ez zaio damutu trinketean hastea.

AURORE LUCAS.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Zintzotasunez hitz egiten du Bixintxo Bilbaok (Ziburu, Lapurdi, 1991). «Ezkerpareta utzi eta trinketean hasi nintzenean, kolpea hartu nuen. Bi urte buru-belarri entrenatzeko apustua egin, eta ez nuen debutatzerik lortu. Gogorra izan zen». Hego Euskal Herriko ikuspegian zabaldua da ezkerpareta profesionala utzi eta trinketaren bidea hartzen duten pilotariek atzerapausoa eman dutela, eta hori zuen barneratua Bilbaok. Bi urte geroago, baina, iritziz aldatu du, berezkoen artean puntara iritsi da, eta oso pozik dago. «Askotan urrun joan nahi duzu, eta etxe alboan hobeto zaude. Biziki pozik ari naiz trinketean; jendeak ezagutzen nau, eta partida asko jokatzen ditugu. Ondo eskertua natzaie zaleei».

Bi urte daramatza Bilbaok berezkoekin, eta birritan irabazi du binakako txapelketa. Azkenekoz, herenegun, Waltary Agustirekin bikote eginez. Finalean, 40-23 irabazi zuten, Phillippe Bielle eta Battitta Ducassouren aurka. Buruz burukoan ere bi aldiz iritsi da finalerdietara. «Niretzat ezustekoa izan da hartu dudan maila, eta zaleentzat ere bai. Hala ere, egia da azken urte honetan gogor egin dudala lan; berrespena nahi nuen, eta lortu dut». Txapela ondo ospatu zuen, gainera. Iragan astean bere urtebetetzea izan zen, eta, herenegun, finalaren ondoren, 50 pertsona bildu ziren bazkaltzera.

Bilbaorena hobera eginiko aldaketa izan da. Trinket pilotari askok probatu izan dute ezkerparetan, Paxkal Ezkurrak kasurako, baina Ziburukoak bide luzea egin zuen afizionatuetan. 2013an, esaterako, DV torneoko finala galdu zuen. Telletxearekin jokatu zuen, Artola eta Peñasen aurka. «Artola, Ezkurdia... Horien aurka jokatzen nuen afizionatuetan. Ongi aritu nintzela uste dut. Aspe eta Asegarcerekin probatu nuen; batez ere, Asperekin. Jokin Etxanizek debutatzeko maila banuela esan zidan, Bigarren Mailan jokatzeko, baina hautu hori egitea ez zegoela bere esku. Debutatzea ez da bakarrik kirol mailaren araberakoa izaten: nongoa zaren, zenbat jende mugi dezakezun... Halako aldagaiek garrantzi handia dute, eta nik ez nuen zorterik izan».

14 urte bete arte, trinketean aritu zen, eta, 22rekin, berriz ere taula luzearen itzalera jo zuen, «plazera hartzeko». Ezkerpareta fisikoki gogorragoa dela dio Bilbaok, eta han hartutako indarrak egokitzapen prozesuan lagundu dio. Egun, ezkerparetan jokatzea erabat alboratua du. «Biak uztartzea ezinezkoa da. Trinketaren maila oso altua da, eta partida asko jokatzen ditugu. Ia asteburuero ditugu partidak, eta ezker-partetan jokatzeari utzi diot. Hori bai, ezkerparetan jokatzea maite dut, eta noizean behin entrenamendu bat edo beste egiten dut». Ez zaio damutu aldatzea, eta zaleek ere atseginez hartu dute. «Kostan: Ziburun, Donibane Lohizunen... ez da oso ohikoa esku-huskako pilotariak egotea, eta, han jokatzen dudanean, nabaritzen dut maitasun hori». Entrenamendu gehienak, dena den, Azkainen egiten ditu. «Ramuntxo Muxikarekin entrenatzen naiz, Sebas Gonzalezen botilero zena. Gero, prestaketa fisikoa Miarritzen egiten dut, eta nire osabak ere laguntzen nau».

Oraingoz, beste batzuen aginduetara egiten du prestaketa fisikoa, baina bere burua ere presta zezakeen, prestatzaile izateko ikasketak bukatu berri baititu. Duela bi hilabete bukatu zituen, eta lanean hasi nahiko luke. «Trinketean torneo asko jokatzen badituzu, bizitzeko adina irabaz daiteke. Hemen ez dugu kontraturik; partida eta torneoen arabera kobratzen da, eta puntakoek asko jokatzen dituzte. Halere, egokiena beste lantxo bat edukitzea da; pilotari ibilbidea 35-40 urterekin bukatzen dela ezin da ahaztu. Egun, Larraldek, Ducassouk, Ezkurrak eta Waltary berak ere lan egiten dute».

Trinketeko pilotari profesionalen soldatak xumeagoak izan ohi dira, baina, Bilbaok dioenez ,gero eta alde gutxiago dago ezkerparetakoekin; Bigarren Mailakoekin, bereziki. «Nahiago dut trinketean puntakoekin egon, txapelen lehian, ezkerparetan Bigarren Mailan baino. Han baldintzak ere ez dira hain onak. Bigarren Mailakoek ez dute gerorik; kontratu motzak dira denak». Halere, trinketean ere dena ez da pagotxa. «Asko gaude, eta puntakoak dira torneo asko jokatzen dituztenak. Zazpi-zortzi bat gara; hortik atzera, zaila da pilota bizibide bihurtu ahal izatea».

Etorkizunera begiratu, eta trinketak baduela uste du. «Esku pilota elkartea lan ona egiten ari da, eta partidarik ez da falta. Babesleak ere badaude, baina gehiago egon zitezkeen». Hor Bilbaok hutsune handi bat ikusten du: telebista. «Bilakaera izan nahi duen edozein kirolek telebista behar du. Pena da ETBk trinketaren aldeko apusturik ez egitea. Ez dakit zergatik ez zaion interesatzen trinketa. Canal+ek zesta-punta ematen du; agian, hori izan daiteke bidea. Baina, tira, herenegungo finala Internet bidez eman zuten, eta, iruzkinak frantsesez izan arren, esperientzia ondo irten zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.