FUTBOLA

Hobekuntza du helduleku

Reala askoz hobeto aritu zen Real Madrilen aurka, eta horri heldu nahi dio gaur Mallorcan, bolada txarra eteteko.

Luka Sucic. JAVI COLMENERO / EFE
Luka Sucic, baloiarekin, Real Madrilen aurkako partidan. Erdilari kroaziarrak oso lehia ona egin zuen. JAVI COLMENERO / EFE
Julen Etxeberria.
2024ko irailaren 17a
05:05
Entzun

Realak gaizki hasi du denboraldia. Bost jardunaldi jokatuta, lau puntu besterik ez du. Duela hamar urte ez zuela horren uzta eskasa bildu garai honetan. Hori gutxi ez, eta etxetik kanpo lortu ditu puntu guztiak. Ezinean ari da Anoetan, jokatu dituen hiru partidak galdu baititu.

Baina galtzeko moduak eta moduak daude, eta, azkeneko neurketan, joan den larunbatean, Real Madrilen aurka, talde txuri-urdina aurrekoetan baino askoz hobeto aritu zen. Erasoan ez asmatu izanak —Luka Sucicek bi jaurtiketa bota zituen zutoinera, eta Sheraldo Beckerrek bat, langara—, eta epaileak oso zorrotz arituta adierazi zuen bigarren penaltiak kondenatu zuten Reala. Askoz gehiago merezi izan zuen, eta horren erakusle da Carlo Ancelotti Real Madrileko entrenatzaileak berak norgehiagoka amaieran esan zuela «ziurrenik» ez zutela irabaztea merezi izan.

«Minduta eta izorratuta» zegoen Imanol Alguacil partida amaieran, baina Realeko entrenatzaileak hasieratik azpimarratu nahi izan zuen taldeak «gauza on asko» egin zituela, eta horiei «erreparatu eta heldu» behar dietela. 

Zertan aritu ziren ondo txuri-urdinak? Defentsan eta erasoan. Bi jokalari nabarmendu ziren, biak aurten iritsitakoak: Nayef Aguerd eta Sucic. Erdiko atzelari marokoarrak lehen partida jokatu zuen, eta oso seguru aritu zen. Erdilari kroaziarra, berriz, aurretik zortzi minutuz baino ez zen aritua, baina, larunbatean, hasieratik aritu, eta bikain jardun zen. Zentzu handiz mugitu zuen baloia, eta arrisku handiz iritsi zen erasora. Zutoinek eragotzi zioten lehia osoan egin zuen lan ederra biribiltzea.

Realak gaur du aukera hobekuntza emaitza ona lortuz indartzeko. Mallorcari egingo dio bisita, Espainiako Lehen Mailako zazpigarren jardunaldiko partidan (19:00, DAZN). Txuri-urdinek Nizan (Frantzia) jokatuko dute hilaren 25ean, Europa ligako lehen norgehiagokan, eta hori dela-eta ariko dira gaur Palman (Herrialde Katalanak).

Imanolek larunbatean esandakoari eutsi zion atzo. «Urrun gaude nahi dugunetik, baina asko hobetu dugu. Real Madrilen aurka egindakoa da bidea; partida handia egin genuen. Baina ezer gutxirako balio du irabazi ezean, eta, batez ere, segidarik eman ezean. Taldearen erantzuna ikusi nahi dut orain: ez dadila izan egun bateko kontua». 

Deialdiari dagokionez, Javi Lopez ez dago zerrendan, min hartu baitzuen Real Madrilen aurka.  

Jagoba Arrasate ari da Mallorcan, eta, haren esanetara, taldea hainbestean ari da. Bost puntu ditu, Realak baino bat gehiago. Joan den larunbatean jokatu zuen azkenekoz, etxean, eta 1-2 galdu zuen Vila-realen aurka. Kolpea izan zen, bisitariek 94. minutuan sartu baitzuten garaipenaren gola. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.