Euskal Herriko Itzulia. A zer parea... Egoi Martinez eta Gorka Verdugo

Hitzak neurrian, lana erruz

Herri berean, eskola berean eta talde berean hazitakoak dira Egoi Martinez eta Gorka Verdugo. Profesionaltasuna da bien ezaugarri nagusia, eta taldekide eredugarri bihurtu dira.

Gorka Verdugo eta Egoi Martinez, atzo, Gasteizko irteeran, elkarri bizkarra emanda. RAUL BOGAJO / ARP.
unai zubeldia
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ez dira hitz askoko txirrindulariak, ez dute titular ikaragarrik botatzen hizketan hasitakoan. Baina zentzuz egiten dute hausnarketa bakoitza. Euskaltel-Euskadiko bi langile eredugarri dira etxarriarrak. Bi haurren aita da Egoi Martinez (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1978), eta abuzturako espero du lehenengoa Gorka Verdugok (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1978). Irribarre txikiarekin, aldaketarako prestatzeko aholkua eman dio Egoik.

BERRIA. Etxarri Aranatz zer dago banatuta, Egoiren aldekoen eta Gorkaren aldekoen artean?

EGOI MARTINEZ. Ez dut uste. Pentsatzen dut herria asko poztuko dela Gorkaren momentu onekin, baina baita nireekin ere. Gainera, ez daukate aukeraketa egin beharrik, ez dugulako gauza askorik irabazten. Beraz, bion alde egon daitezke.

B. Ongietorri bereziagoren bat egingo zizueten noizbait bietakoren bati…

GORKA VERDUGO. Lasterketak irabazten dituztenei egiten dizkiete horrelako gauzak. Gu nahiko ezkutuan ibiltzen gara, eta horrela hobeto, agian.

B. 1978an jaioak zarete biok. Eskolan-eta elkarrekin ibilitakoak zarete?

E. M. Bai, bai, 3 urte genituenetik elkarrekin ibili gara.

B. Eskolako kontuak aipatzen hasi beharko dugu orduan…

E. M. Hobeto izango da gaur egungoak kontatzea. Baina berezia da, bai, bizitza guztian elkarren ondoan egotea. Lagun-talde desberdinekoak gara, baina lanak elkartu izan gaitu beti. Ez zaigu denbora gehiegi ere geratzen tropelean, eta, akaso, momentu horretan bananduko gara pixka bat.

B. Bihurri aurpegia dauka Egoik. Zintzo-zintzoa ere ez zen izango hau umetan.

G. V. Oso-oso zintzoa zen. Kirol guztietan zen ona, eta ikasten ere abila zen. Ikasle formala zen.

B. Altsasun zegoen batean, Johan Bruynnelen deia jaso eta Discovery Channelen eskaintza onartzea erabaki zuen Egoik. Gorka, zu ez zara ausartzen atzerrira joateko pausoa ematera?

G. V. Horrelako deirik ez dut jasotzen-eta! Baina etxeko taldeak eman zidan aukera profesionaletan aritzeko, eta oso gustura nabil bertan.

B. Ez da izango ingelesez justu antzean moldatzen zarelako, ezta?

G. V. Ez, ez; moldatuko nintzateke, ez pentsa. Ikasten aritu naiz orain dela gutxi, eta zerbait egingo nuke.

B. Ondo ezagutzen duzue elkar. Zer goratuko zenukete batak bestearena, eta zer aldatuko zenukete, aldatzen hasita?

E. M. Oso pertsona ona da Gorka, eta oso kirolari profesionala. Nire ustez, horiek dira eduki daitezkeen bi ezaugarri garrantzitsuenak. Izaera kontuetan, berriz, desberdinak gara. Serioagoa da bera; gehiago kexatzen naiz ni… Baina profesional gisa antzeko ikuspegia daukagu.

G. V. Antzekoak gara, bai. Oso adiskide ona da Egoi, beti egoten delako laguntzeko prest. Batzuetan beretik gehiegi ere ematen du agian, baina eskertzekoa da. Bizikleta gainean, berriz, oso-oso profesionala da.

B. Egoi Martinez aipatuta, Simon Gerransekin gogoratzen dira gehienak beti; eta Gorka Verdugoren izena botata, aurpegiko kolore gorrixkari buruz hasten dira hizketan…

E. M. Simon Gerransekin hitz egin izan dut 2008ko Tourreko etapa hartatik. Berak berea egin zuen; momentuan ez nuen ulertu, baina orain ulertzen dut. Ez dago beste ezer tartean. Ez daukat inongo arazorik berekin. Ordutik egin duen guztiarekin, uste dut argi geratu dela noren aurka galdu nuen etapa hura. Une hartan denek aipatu zuten nolatan irabazi zidan txirrindulari ezezagun hark; baina begira nolako garaipenak pilatu dituen ondoren.

G. V. Nik zer esango dizut ba aurpegiko koloreari buruz! Eguzkiak gehiago ematen dit beti!

E. M. Aita da kolore beltzekoa baita ere, ezta?

G. V. Bai, beltz samarra da… Familiako kontuak izango dira.

E. M. Azken urteotan izugarrizko maila lortu duzu Gorka, eta geroz eta hobeto moldatzen ari zara. Baina noizko lehenengo garaipen hori?

G. V. [barrez hasi da]

B. Eskaintzak pentsatuta edukiko dituzu jada, ezta?

G. V. Eskaintzak bere kasa etorriko dira; irabaztea da kontua. Baina ondo lan egitea da nire helburua. Horren ordainetan garaipena iristen bada, hobeto, baina ez nago arduratuta. Ingurukoak nire lanarekin pozik egotea nahikoa garaipen da niretzat.

B. Aita lanetan dezente aritutakoa da jada Egoi; zure kasuan, Gorka?

G. V. Abuztuan hasiko naiz lan horietan.

B. Zorionak orduan!

G. V. Eskerrik asko.

B. Aholkuren bat eskatu beharko diozu Egoiri. Orain aprobetxatu aukera.

E. M. Aholkurik ez diot emango nik, baina egunerokoa asko aldatuko zaiola abisua pasako diot; batez ere, bigarrenarekin. Lehenengo seme-alabaren kasuan, hor egoten da ama, eta berak egiten du lan guztiaren %90. Baina bi daudenean… Amak ezin du denarekin, eta aitari ere egokitzen zaio lanaren zati bat. Baina oso bereziak gara txirrindulariak. Jendeak askotan ez du ulertzen, baina bizikletatik jaitsi eta nekatuta bizi gara. Une oro atsedena behar dugu. Adibide gisa, joan den astean izugarrizko eguraldia egin zuen Etxarrin, eta haurrak futbolean jolasteko gogoz elkartu ziren parkean. Nik ezin jolastu, ordea. Gauza txikiak dira, baina gogorra egiten da batzuetan. Hori bai, ematen duena kentzen duena baino askoz gehiago da.

B. Gorka, zure kasuan bederatzigarren denboraldia da aurtengoa, eta zuretzat, Egoi, 11.a. Noiz arte jarraitzeko asmoa duzue?

G. V. Niri asko gustatzen zait kirol hau. Oraindik ez zait kostatzen entrenatzera joatea; lehiatzea pixka bat gehiago, baina, tira... Aurten amaituko zait kontratua, baina urte batzuk gehiago jarraitzea espero dut oraindik.

E. M. Nik gogo gutxixeago daukat. Une honetako mailari eutsiz gero, argi dago jarraituko dudala. Maila ona daukat oraindik, eta egiten dudanak asko betetzen nau. Baina Gorkak baino bi urte gehiago daramatzat tropelean, eta hiru asteko itzuli gehiago egin ditut. Bera fisikoki goraka doa, eta ni, beharbada, ez nago jada nire mailarik onenean. Horregatik da nire kasuan gogorragoa jarraitzea. Baina neure buruarekin serio hizketan hasten naizenean, logikoena jarraitzea dela ondorioztatzen dut.

G. V. Egoik tropelean jarraitzea espero dut, nik bakarrik ez dakidalako zer egingo dudan entrenamenduetan. Gogorra litzateke egunero bakarrik entrenatzea. Animatu egin beharko dut, bestela...

B. Entrenamenduetan zein da taldeburua?

G. V. Biok eta inor ez.

E. M. Oso serioak gara entrenamenduetan. Kalitatea badaukagu, baina profesionaltasuna da gure arma nagusia. Oso gutxitan despistatzen gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.