Argi hitz egiten du beti Miguel Madariagak (Lemoiz, Bizkaia, 1944), Euskadi Fundazioko presidenteak, baina horixe falta zaio egoerari: argitasuna. Atera nahi du Kontinental mailako taldea, baina denborarekin esprintean ari da, gaur amaituko delako ezinegonaren etapa nagusia. Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu, eta Jon Odriozolaren bidea defendatu du. Aurrekontuaren erdia falta duen arren, oraindik ez du esan azken hitzik.
Bai, ez; ez eta bai. Nola dago Miguel Madariagaren proiektua?
Argi hitz egingo dizut: momentu honetan bi enpresa dauzkat lotuta, eta bien artean 200.000 euro jartzeko prest daude. Baina beste 250.000 euro behar ditut datorren denboraldian taldea ateratzeko.
Zaleak, txirrindulariak eta inguru guztia nekatuta daude jada. Aterako da zerbait azkenean, bai edo ez?
Nekatuen eta kezkatuen ni nago. Hau guztia bere lekuan egongo zen Gipuzkoako Aldundiak hartu duen erabakia hartu ez balu.
Asier Sarriegi Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zuzendariak onartu du dokumentu hori badagoela —Fundazioak 2012an 500.000 euro inguru jasoko zituela zioena—, baina argi omen zegoen behin-behineko dokumentua zela hura, eta dirua, izatekotan, ez zela fundazioarentzat soilik.
Ez, ez, ez. Kontratu hori Euskadi Fundazioarekin dago sinatuta, eta Asier Sarriegik sei bat batzar egin ditu nirekin; horietako batzuetan Martin Garitano ahaldun nagusia bera ere egon da, eta baita Ikerne Badiola Kultura, Gazteria eta Kirol diputatua ere. Eurek badakite zer zor duten. 2012an sinatuta dago dokumentua, 2013an kobratzeko. 2011n sinatutakoa, adibidez, arazorik gabe kobratu genuen 2012an. Gertatu dena da Euskaltel joan dela gero atzetik, Fundazioari porrota eragiteko asmoz. Aldundiak argi hitz egin beharko du; hori hala bada, Euskaltelena delako erru guztia. Diru hori eduki banu, ez nintzen ibiliko batera eta bestera.
Tarte horretan Koldo Saratxaga Ner Groupeko buruarekin ere elkartu zinen. Adostasun bila?
Denbora amaitzen ari zen, eta Koldo Saratxagak Gipuzkoako Aldundiarekin oso harreman ona daukala esan zidatelako elkartu nintzen berekin. Orain artean harreman ona eduki dut berekin; joan nintzen, hitz egin genuen, erakutsi nizkion dokumentu guztiak, eta kito. Ondoren aldundiarekin, Jaurlaritzarekin eta Euskadiko Federazioarekin zer hitz egin duen ez dakit. Hor okertu zen dena. Ni ez naiz egon batzarretan, ez nindutelako han ikusi nahi. Dakidan bakarra da fundazioa eta ni neu alde batera utzi nahi izan gaituztela; lurperatu egin nahi izan gaituztela. Baina ez dute lortu, eta horregatik gabiltza orain bakoitza alde banatara tiraka.
Hitz eman dezakezu Ner Groupekin ia-ia lotuta zegoela dena?
Ez, ez. Ez zegoen ezer. Ezer ez. Aipatu bezala, aldundiaren zorraren inguruan hitz egiteko eta bermeren bat lortzeko elkartu nintzen ni Koldo Saratxagarekin. Hori konponduta, zati bat jasota besterik ez bazen ere, denok prest egongo ginen beste bide bat hartzeko. Baina diru hori behar dut dauzkadan zorrak ordaintzeko.
Zaleek eta txirrindulariek eurek ez dute ezer ulertzen, eta epeak amaitzen ari dira.
Txirrindulariek eurek aurkitu behar dute irtenbideren bat besteen zain egon gabe. Oso eroso egon dira behiak esne asko eman duenean, baina orain behiak ez dauka esnerik. Miguel Madariagak edo Jon Odriozolak ez, eurek ere zerbait egin beharko dute; inork ez die egingo oparirik.
Jon Odriozolarekin hitz egin al duzu azken egun edo asteotan?
Aurrez aurre behin hitz egin dudala uste dut, eta argi esan zidan bere proiektua zeukala, oso proiektu polita zela, eta ezertarako ez zuela behar ez fundazioa, ez ni eta ez inor. Nik oso ondo ulertzen diot Joni; bere proiektua atera behar du aurrera. Horretan ez daukat inolako arazorik.
Nafarroan Caja Rural dago Kontinental Profesional mailan; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere ez al da hobea, ika-mikak utzita, maila horretako talde bat osatzea?
Bai, bai. Erabat ados nago horrekin. Baina niri inork ez dit deitu bi proiekturen lekuan bakarra egingo dugula esanez; inork ez dit esan batzar bat egin behar dugunik; inork ez dit esan sobera nagoenik eta fundazioa utzi behar dudanik... SOS Euskadi mugimenduak ere 4.000 sinadura bildu omen ditu; pentsa zenbat diru bilduko luketen bakoitzak ehun euro jarriko balitu. Baina, orain artean, hitz asko bai, sinadura asko bai, baina argitasun gutxi ikusi dut kontu honetan guztian. Hemen auzokoari erraz ixten zaio iturria urik edan ez dezan, baina ondokoa salatu ez, norberak egin behar du ahal duen guztia.
Bestelakoa da jende askoren ustea: «Madariagak berea nahi du, eta berea ez bada, ez du ezer nahi».
Gauza bat utzi nahi dut argi: Jon Odriozolaren proiektuak aurrera egin balu, ni lasai-lasai geratuko nintzen nire fundazioan, nire txokoan. Nik Jonekin ez daukat inolako arazorik. Oso mutil jatorra da, eta aurrerantzean ere halakoa izango da niretzat. Baina nor dago Jon Odriozolaren ondoan? Nor dago Jonen atzean? Nork nahi du Euskadiko txirrindularitzak argitasunik ez izatea? Gazteak irteerarik gabe uztera doaz, eta hori gerta ez dadin ari naiz ni lanean. Inbidia eta inor ondoan ikusi ezina da hemen daukagun arazorik handiena.
Azaldu duzu zure proiektuak azken unean aurrera egingo balu, zortzi bat txirrindulariko taldea nahiko zenukeela. Gutxi-asko, aurten fundazioan aritutako txirrindulari horiek ziurtatuta edukiko lukete, beraz, lekua?
Ez, ez, ez. Horiek ez lukete edukiko lekurik. Aurten Euskadi taldean ibili direnetatik gutxienez bospaseik sinatu dute Jon Odriozolaren proiektuaren alde daudela eta Miguel Madariagarekin ezer ez dutela jakin nahi. Ulertuko duzun bezala, nire aurka sinatu duten txirrindulariek ez daukate lekurik nire taldean. Ondo iruditzen zait Jon Odriozolarekin joan nahi izatea. Eta benetan diot. Baina, noski, hori esanda, ondoren nire proiektuan ez daukate lekurik.
Urriaren 31n amaitu zen Espainiako Federazioan dokumentuak aurkezteko lehen epea, eta gaur amaituko da bigarrena. UCIri, berriz, astelehenerako egin behar zaio ordainketa.
Kito. Ia-ia ez dago denborarik jada. UCIk astelehenean itxiko du atea, eta ordurako egin behar da ordainketa. Behin ordainduta, gero eskatuko dizkidate dokumentu guztiak, txirrindulari guztien izenekin. Baina ordaintzea da lehen pausoa. Txirrindulariekin ez dut hitz egin oraindik, baina ahal ditudanak salbatuko ditut nik.
Miguel Madariaga. Euskadi Fundazioko presidentea
«Hitz asko bai, sinadura asko bai, baina argitasun gutxi dago hemen»
Mezu kontrajarriak dauzka Miguel Madariagak: proiektua gauzatzeko, aurrekontuaren erdia badauka jada, baina ia-ia amaitu da denbora, eta basoaren beste erdia falta zaio betetzeko. Berea dela dioen dirua eskatzen ari zaio oraindik ere Gipuzkoako Aldundiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu