PILOTA

Historikoen artean dago Jokin Altuna

Buruz buruko txapela hirugarrenez irabazi ondoren, biharamun gozoarekin agertu da pilotari amezketarra. Balentria naturaltasunez barneratu du, «heldutasun betean» sentitzen baita. Oporretan indarrak berrituta, garaipen gehiagoren gose itzuliko da.

Jokin Altuna. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jokin Altuna, txapelarekin eta txapeldunaren koparekin, gaur goizean, Amezketan. MAIALEN ANDRES / FOKU
jon eskudero
2024ko ekainaren 3a
17:42
Entzun

Astebeteko oporraldia «soilik» izanagatik, merezita hartuko du atseden Jokin Altunak datozen egunetan. Unai Lasori 22-5 irabazi eta buruz buruko txapela hirugarren aldiz jantzi eta gero, Aspeko pilotariak gaur goizean goiz bildu ditu kazetariak Amezketan (Gipuzkoa). Maletak eta autoa prest baitzituen Conil de la Fronterara abiatzeko (Espainia). Txapelaren ospakizunak «ordu txikiak» arte luzatuagatik, suma zitekeen txapeldunak biharamun gozoa zuela. «Gustura nago, poza ezin ezkutatuta. Nabaritzen dut gorputza besteetan baino freskoago dudala, finala ez baitzen gogorra izan. Zoriontsu naiz, ez bainuen inoiz pentsatuko banaka hiru aldiz txapeldun izango nintzenik». Oporren beharra daukala aitortu du. «Maletak prest nituen aurrez, eta beharra dut indarrak berritzeko. Astebetez egongo naiz oporretan, baina egun gehiago balira hobe izango nuke. Deskonektatu beharra daukat, eta txapelaz gozatu nahi dut».

Izan ere, bere profesional ibilbidean zortzigarren txapela jantziagatik, txapeldun izatera «ez da inor ohitzen». Buruz burukoari dagokionez, 2018an jantzi zuen lehenbizikoa Altuna III.ak, Aimar Olaizola 22-14 garaituta. «Txapel haren ondorena ez nuen ongi kudeatu. Presioa erantsi nion neure buruari, eta iruditzen zitzaidan elastiko gorria soinean derrigortua nengoela partida guztiak irabaztera». Hiru urte geroago izan zen txapeldun berriz, 2021ean, Beñat Rezusta 22-5 menderatuta. Emaitza berarekin Lasori irabazita, garaipenak beste era batera barneratzen ditu orain amezketarrak. «Txapelek eskaintzen didaten poza ez da aldatu urteetan zehar, baina orain helduagoa naiz pertsona eta kirolari gisa, eta lasaitasunez gozatzen ditut garaipenak, emozio gehiegirik gabe». Horregatik, atzo familiari eman zion lehentasuna. «Lehenbizi, partidaren ondoren aldageletan ordubetez egon nintzen lasai-lasai, eta gero familiarekin afaldu nuen, sakelakoa autoan utzita. Ondoren bai, parranda kozkorra egin genuen lagun artean».

«Heldutasun betean nago, eta oreka lortu dut kirolari eta pertsona gisa. Neure buruari asko eskatzen diot, eta pilotaz gozatzen jarraitzea dut helburu». 

JOKIN ALTUNAAspeko pilotaria

Parrandak eta bestelakoak baimendurik zituen Altuna III.ak, «ametsetako finala» jokatu baitzuen. «Oraindik ez dut aztertu partida, baina berehala sumatu nuen oso fresko nengoela hanketatik. Sentitu nuen Laso eta nire arteko partidetan pizten zela zerbait berezia, orain arte ez bezala, harmailak gainezka baitzeuden. Hain ongi jokatu eta hain eroso irabaztea ezustea izan zen niretzat ere». Lehia gogorragoa espero zuen, are gehiago kontuan izanda 22-7 galdu zuela amezketarrak Lasoren aurka final-laurdenetako ligaxkan. «Oraindik buruan nuen orduko hura, baina banekien orduan baino askoz hobeto nengoela. Txapelketa zaila izan da, prestatzaileak egur handia eman dit azken egunera ahalik eta ondoena iristeko, eta lanak saria izan du. Poza bikoitza da».

Izar handien parean

Nekez pentsatuko zuen duela ia hamar urte debuta egin berritan hiru aldiz txapeldun izango zenik buruz buru. Emaitza horiekin, Miguel Gallastegiren eta Patxi Eugiren markak berdindu ditu amezketarrak. Hortaz, pilotazaleen galdera garbia da. Non du muga Altuna III.ak? «Ez dut horretan pentsatzen; oraingoaz gozatu nahi dut. Hiru txapel banaka lortzea deskribaezina da, eta oso gustura nago nire lanarekin. Badakit hurrengo hamar urteak ez direla orain arteko berak izango emaitza aldetik, baina sasoiari eustea da nire erronka». 28 urterekin, inoizko helduen sentitzen da txapelduna. «Esango nuke heldutasun betean nagoela eta oreka lortu dudala kirolari eta pertsona gisa. Neure buruari asko eskatzen diot, eta pilotaz gozatzen jarraitzea dut helburu».

Izan ere, horixe du sekretu nagusia Altuna III.ak: pilotan jokatzen disfrutatzea. «Gustatu egiten zait pilota, eta, lana baino gehiago, niretzat pasioa da. Txikitatik maite dudan kirola da. Esaten dut atseden beharra dudala momentu hauetan, baina ziur nago oporretan nagoenean pilotan ibiltzeko gogoa ipiniko zaidala». Txapelei baino gehiago, urte osoko erregulartasunari ematen dio garrantzia. «Jokoari erreparatuta, uste dut iazko urtea izan nuela onena, baina ez nuen txapelik lortu. Aurten, berriz, izugarrizko urtea izan da emaitzei dagokienez, baina ez hainbestekoa jokoari begiratuta. Nire helburua ongi entrenatzea eta saiatzea da, ez txapelak lortzea. Hau ez da matematika».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.