Pilotaren historia liburuetan agertuko da gaurko eguna. Binakako finaleko emaitza edozein dela, mugarriren bat ezarriko da Bilboko pilotalekuan (17:45, ETB1). Txapelketako bi bikote onenek egingo dute topo, eta partida handia espero da. Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea batetik, eta Juan Martinez de Irujo eta Beñat Rezusta bestetik. Asegarcekoak dira faborito apustuetan: 100-80ri, eta norbaitek azken unean joatea erabakitzen badu, sarrerak lor ditzake Asperen bitartez. Garestienak eta merkeenak dituzte salgai.
Mikel Urrutikoetxeak historiarekin egingo du askaria gaur. Txapelketa bikaina egin du, atzelari postuan jokatuta, eta urte luzez gogoratua izango den balentria lor dezake. Txapela janzten badu, bere postu naturaletik kanpo binakako txapeldun bilakatzen den lehen pilotaria izango da. Handia da hori. Baina ez da hori eskura duen mugarri bakarra; izan ere, txapela jantziz gero, hiru modalitateetako —buruz buru, binaka eta lau t'erdian— tituluak irabazten dituen seigarren pilotaria izango baita. Klubeko beste bost kideak Julian Retegi, Fernando Arretxe, Juan Martinez de Irujo, Abel Barriola eta Aimar Olaizola dira.
Aimar Olaizolak ere badu bere zor pertsonala kitatzeke. Gaurkoa du bere ibilbideko 24. finala, eta jokaturiko azken hirurak galdu ditu. 2013an irabazi zuen azken txapela, lau t'erdikoan. Hogeita lau final horietatik, sei binakakoan jokatu ditu, eta lau galdu, eta galduriko lauetatik hirutan Irujo izan du parean. Beraz, gaur bi bolada hauts ditzake: azken urteetakoa eta bere kontrario kutunaren aurkako binakako finaletakoa.
Juan Martinez de Irujok ere badu mugarri bat eskura. Ez da Urrutikoetxearena bezain handia, baina badu bere garrantzia: binakako txapel gehien lortu dituen pilotaria bihur daiteke. Irujok bost txapel irabazi ditu, Julian Retegik eta Antton Maizek adina, eta irabazita, bakarrik geldituko litzateke txapeldunen sailkapenean. Hori gutxi ez, eta bosgarren atzelari bat gehituko luke bildumara. Bide batez, 23. finala du, Olaizola II.ak baino bat gutxiago, eta Julian Retegik baino hiru gutxiago. Gaurkoa Irujo eta Olaizolaren arteko hamahirugarren finala da, eta seina irabazi dituzte.
Beñat Rezusta da kantxa gainean egongo den laugarren pilotaria. Hiru urte daramatza profesionaletan, eta gaurkoa du Lehen Mailako txapelketa bateko aurreneko finala. 2014an Bigarren Mailako bi irabazi zituen, eta orain baliotsuago bat nahi du. Bide batez, horra bere mugarria, edo bitxikeria: irabaziz gero, binakako txapela janzten duen lehen atzelari ezkerra izango da.
Gorrien sasoia
Historia liburuko lerro horiek idazteko, baina, finala jokatu behar da aurretik, eta apustu zaleen ustez, Olaizola II.a eta Urrutikoetxea dira faborito. Apustuak euren alde irtengo dira pilotalekuan: 100-70i eta 100-80ri artean —Gipuzkoa aldean jada apustu batzuk egin dira momio horiekin—. Internet bidezko apustu etxeetan, berriz, errenta handiagoa da gorrien alde.
Faboritoak izatea normala da. Irujo eta Rezusta lehen faseko bikoterik onena izan ziren, partida bakarra galdu baitzuten. Galduriko hori, baina, gaurko aurkarien kontra izan zen, lehen itzulian. 13-3 galtzen hasi ondoren, Irujo eta Rezusta 17-16raino gerturatu ziren, baina, azken txanpan, ahalegina ordaindu zuten. Behetik gorako bide horretan, luze jokatuz egin zuten min. Lehen fasean ez zen beste partidarik egon, bigarren itzuliko partidan Xalak jokatu baitzuen Irujoren ordez.
Momioak gehien baldintzatu dituen partida, dena den, finalerdietako ligaxkakoa izan da. Egun hartan, Olaizolak eta Urrutikoetxeak erakustaldia eman zuten, eta 22-12 irabazi. Partida bikaina jokatu zuten; Urrutikoetxeak, bereziki. Lan handia egin zuen defentsan, boleaz, eta joko guztia lehen koadroetara mugatu zuen. Olaizola, berriz, ezin inspiratuago egon zen, eta hamasei tanto egin zituen errematean.
Urdinen gakoa, beraz, luze jokatzea da, eta aukeraketan pilota aproposak aurkitu zituzten horretarako. Jardun horretan erabakigarria izango da Irujoren jarduna. Iberokoak partida handia egin beharko du gaur irabazteko, ezin duelako Rezustaren gainean bakarrik utzi piloteoa agintzearen ardura. Era berean ikusi beharko Bergarako atzelariak nola eusten dien kirioei bere lehen finalean. Bukatzeko, bitxikeria bat: pilotariek elastiko berria estreinatuko baitute. Retegi II.ak eta Galarza III.ak 1991n jokaturiko finala omendu nahi izan dute diseinuarekin.
Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala
Historiarekin merienda egiten
Olaizola II.a eta Urrutikoetxea dira faborito gaur, Bilbon, binakako finalean. Zaratamokoak balentria lortuko du, postutik kanpo txapela irabazten badu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu