Txapeldunen Ligako beste ekitaldi bat amaituko da gaur. Borussia Dortmundek eta Real Madrilek jokatuko dute finala Londresko Wembley estadioan. Espainiarren izena nabarmena da txapelketaren historian; arrastoa utzia du Europako Kopa zenetik, eta garaikur gehien dituen kluba da alde handiz: hamalau ditu guztira, sailkapen horretako bigarrenak halako bi —Milanek zazpi aldiz irabazi du—. Erregetza hori indartu nahi du hamabosgarrena eskuratuta, baina alemaniarrak ez daude oparitarako. Borussia Dortmundek urrun du orain 27 urte lortutako titulua, apalean duen bakarra, eta bigarrena bereganatzea du helburu, kosta ahala kosta.
Orain arteko emaitzek nabarmen egiten dute Real Madrilen alde. Ez alferrik, hamazazpi aldiz jokatu du Europako txapelketa nagusiaren finala, eta, hirutan ez beste, aldi guztietan irabazi du. 1981ean galdu zuen azken aldiz. Borussiak, berriz, hirugarren aldiz parte hartuko du finalean, 1997ko garaipenaren eta 2013ko porrotaren ondotik.
Egungo jokalarien artean Matt Hummelsek eta Marco Reusek bakarrik parte hartu zuten egun hartako lehian. Hain justu ere, egungo taldekide Emre Camek altxatu zuen kopa, Bayern Munichen elastikoarekin. Hura eta Niklas Suele dira Borussian garaikurra eskuratu duten bakarrak; Suelek ere Bayernekin lortu zuen, baina 2019-2020ko sasoian. Kontrara, Real Madrilen sei soilik dira inoiz irabazi gabekoak: Aurelien Tchouameni, Fran Garcia, Joselu Mato, Arda Guler, Jude Bellingham eta Brahim Diaz. Aulkietan, Carlo Ancelotti eta Edin Terzic egongo dira. Zaildua eta berria. Italiarrak lau aldiz eskuratu du Txapeldunen Liga entrenatzaile gisa, eta 28 titulu bildu ditu orotara. Terzicen garaipen zerrendan Alemaniako Kopa bat dago.
«Helburua, irabaztea»
Agerikoa denez, alde handia dago bi kluben artean. Adi, ordea: historiak ez du jokatzen. Futbolean, partidaren egunean asmatu behar da. Errealitate horrek hauspotuta ekingo dio Borussia Dortmundek. Terzic gazteak —42 urte beteko ditu urrian— finalaren atarian esan duenez, helburua ez zen finalerako sailkatzea, «Txapeldunen Liga irabaztea» baizik. «Irabazteko, txapelduna gainditu behar duzu, eta txapeldun betierekoa dugu zain. Hamalau aldiz lortu dute; haietako bost, azken hamarkadan».
Ancelottik, berriz, aurkaria goratu du atarikoan: «Argi dugu txapelketa honetan esperientzia duen talde bat dela. Txapeldunen Ligako finalera ailegatu dira, eta, hortaz, finala jokatzeko bi talde onenak ariko gara». Izan ere, Real Madrilek bere liga irabazi du sasoi honetan, eta Txapeldunen Ligan hamalau partida jokatu ditu, alerik galdu gabe. Borussia Dortmund pattalago aritu da; bosgarren amaitu du Bundesliga, eta, Europan berriz, bi neurketa galdu ditu. Kontuak zer diren, ordea, orain artekoek balioa galduko dute gaur gauean gertatzen denaren arabera. Bi taldeek eskura dute loria, baina, horretarako, Londresen irabazi behar dute.
Borussia Dortmund-Real Madril
Borussia Dortmund. Kobel; Ryerson, Hummels, Schlotterbeck, Maatsen; Can, Sabitzer; Adeyemi, Brandt, Sancho; eta Fuellkrug.
Real Madril. Courtois; Carvajal, Ruediger, Nacho, Mendy; Camavinga, Kroos, Valverde, Bellingham; Rodrygo eta Vinicius.
Epailea. Slavko Vincic (Eslovenia).
Lekua. Wembley (90.000 ikusle).
Ordua. 21:00 (La1 eta TF1).