Badaude Olinpiar Jokoetan historia egin duten kirolariak; marka guztiak hautsi dituzten atletak. Ez da zertan kirolzalea izan Usain Bolt edo Michael Phelps nor diren jakiteko, adibidez. Eta, orain, bada bide horretan arrastoa utzi nahi duen beste norbait; eta garrantzitsuena, lortzeko adina dohain dituen gimnasta bat: Simone Biles du izena (Columbus, AEB, 1997), eta 24 urte besterik ez ditu. Historiako gimnastarik onenen pare jarri dute adituek, eta estatubatuarrak lorpenen zerrenda loratuz erantzun dio aitortza horri. Hura izango da, ezbairik gabe, Olinpiar Jokoetako izar nagusietako bat, eta distira egiteko irrikaz helduko dio erronkari, ohikoa duen irribarrea soinean; nortasun handiz.
Argi eta garbi hitz egin du Mikel Ruiz de la Illa euskal gimnastak: «Urreak irabazteko faboritoetako bat da, banaka nahiz taldeka». Bigarrenez ariko da Biles Olinpiar Jokoetan, 2016an Rio de Janeiron debut arrakastatsua egin ondoren: lau urrezko domina lortu zituen, eta brontzezko bat. Hala, berretsi zuen gimnastika modernoaren ikurra dela: oraina eta etorkizuna. Beste erakustaldi batez disfrutatzeko esperoan izango ditu jarraitzaileak. «Nire ustez, zerbait interesgarria erakutsiko du urte honetan ere». Jokoetarako zer edo zer gordetzen ari dela iritzi dio Ruiz de la Illak.
Desafioak ez du kikiltzen Biles, eta ausardiaz aurre egiten dio datorrenari. Hori izan da loria dastatzera eraman duten faktoreetako bat; baita ariketetan berritasuna eta originaltasuna txertatu izana ere. «Ateratzen du bizitasun bat... besteekiko markatzen duen diferentzia nabarmena da». Aurtengo Olinpiar Jokoetan, ordea, izango du presio erantsi bat: harengan jarritako itxaropenak. Izar moduan iritsi zen Riora, eta haren «legatua zimendatzeko» aukera moduan seinalatu dute Tokio; hamaika begi izango ditu kolkoan. Ruiz de la Illaren ustez, eragin ahal dio, baina lehiaketa ona egingo duela uste du:«Dominak lortuko ditu, ziur; ikusiko da zenbat». Bere onena ematea espero du, eta irribarretsu itzultzea Tokiotik.
Haren bertuteak aztertu ditu: «Gorabeherarik ez duen gimnasta bat da; aparatu guztietan ondo ibiltzen da. Indar handia du hanketan, eta zehatza da». Giharretan duen «potentzian» jarri du azpimarra. «Nire ustez, ez du ahulgunerik». Txikia da altueraz 1,42 metro, baina handiak egiteko gai dela frogatu du; artistikoan artista da Biles.
Ibilbide oparoa
24 urteko gimnasta estatubatuarrak palmaresa osatzen segitzea du asmo Tokion; eta hura da dominak lortzeko hautagai nagusia. Ez da gutxiagorako. 2013an hasi zen nazioartean bidea egiten, eta, ordutik, geraezin dabil: erakustaldiz erakustaldi. Aise nagusitu da lehiaketa guztietan. Munduko Txapelketetan domina gehien lortu dituen gimnasta da: 25; horietatik 19, urrezkoak. Eta beste hainbat marka ere hautsi ditu. Bilesek baditu bere izena daramaten lau ariketa ere.
Gainera, hori guztia lortzeko bidea ez da samurra izan. Haurtzaro zaila izan zuen, familiako arazoak tarteko, eta 2018an jakinarazi zuen Larry Nassar AEBetako selekzioko euren medikuak sexu abusuak egin zizkiola. Rion aritutako beste taldekideek ere salatu zuten. Nassar Michigango Unibertsitatean (AEB) ere egondakoa zen, eta denera 300 emakume inguruk jasan zituzten abusuak. 40 eta 125 urteko espetxe zigorra betetzera kondenatu zuten. Biles jota egon zen. «Oso bizitza gogorra bizi izan du», adierazi du Ruiz de la Illak.
Kirol arloari erreparatuta, miresmenez hitz egin du euskal gimnastak: «Biles egiten ari dena ezin da hitzekin deskribatu. Harritzen nau. Historia egiten ari da, eta, nire ustez, oraindik, domina asko ditu irabazteko». Eta hau gehitu du: «Egundokoak lortzen ari da Simone Biles, eta oraindik badago gehiago ikusteko». Nadia Comaneci mitikoak ere bota zuen: «Ez dut uste inoiz ikusiko dugunik hura bezalakorik. Ez dauka parekorik». Gimnasta estatubatuarrak adierazi zuen Tokioko Jokoen ondoren erretiroa hartzeko asmoa duela, baina iradoki du balitekeelaatzeratzea.
Ikusteko dago, baina, bitartean, Jokoak dauzka begiz jota. Urte eta erdiz txapelketetatik kanpo egon ondoren, iragan maiatzean sasoiko itzuli zen. Beste balentria bat egin zuen: Lurtxenko jauzi bikoitza maniobra; emakumezkoen lehiaketa ofizial batean inoiz ikusi ez den jauzi bat. Eta ez nolanahikoa: gimnastikan zailtasun handiena duten mugimenduetako bat da. Horiek horrela, Jokoetan banakakoan eta aparatuetan gailentzeko faboritoa da estatubatuarra, baita taldekakoan ere. Aipatzekoa da, 24 urterekin, hura dela AEBetako selekzioko nagusiena.
Bihar ekingo diote lehiari. Bilesek ikuskizuna ematen jarraitu nahi du, eta ikusleak ustekabean harrapatzen segitu. Hala bada, gozatua ziurtatua izango da. Zaila da gimnasta estatubatuarra podiumetik kanpo imajinatzea. Elementu berriak ateratzea «oso zaila» dela iritzi dio Ruiz de la Illak, eta Jokoetan dagoen maila «oso ona» dela dio. Baina Bilesek beste behin harrituko dituela uste du.
TOKIO 2020. GIMNASTIKA
HISTORIA EGITERA
Simone Bilesek bigarrenez hartuko du parte Olinpiar Jokoetan, eta hura izango da lehiaketako izar nagusietako bat. Munduko Txapelketetan domina gehien lortu dituen gimnasta da: 25.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu