Historia da Waltary Agustiren aurkaria. Buruz buruko trinket txapelketa hasiko da gaur, Arrangoitzen (Lapurdi), eta kubatarra zazpigarren aldiz jarraian irabazten saiatuko da. Bere helburu pertsonala hamar aldiz irabaztea da, baina aurretik beste langa batzuk ditu igarotzeko. Txapela jantziko balu, trinket txapelketa nagusi gehien irabazi duen inoizko pilotaria litzateke. Oraingoz, Manu Martiaren handiarekin berdinduta dago garaipen zerrendan.
Waltary da faborito bakarra. Berak ez irabaztea ezusteko handia litzateke. Beste hamalau pilotarirekin parte hartuko du, hamabi berezko eta bi amateur: Antton Amulet eta Bixente Lazkano; Lazkano da amateur mailako iazko txapelduna. Txapelketak bi hutsune handi ere baditu: Herve Etxeberri eta Patrick Ozafrain,iazko 3. eta 4. sailkatuak. Etxeberri bizkarrean min hartuta dago, eta Ozafrainek berezkoekin jokatzeari utzi berri dio.
Frantziako Federazioak antolatu du berriz txapelketa, eta pilotari guztiak lau adarretan banatu ditu. Adar bakoitzak zerrendaburu bana du zain final-laurdenetan, iazko emaitzen arabera hautatuak: Waltary Agusti iazko txapelduna, Paxkal Ezkurra txapeldunordea, Thierry Arizmendi eta Ximun Lanbert. Hiru adar hiru kanporaketakoak dira, eta bat bikoa baino ez, Waltaryrena hain zuzen. Etxeberriren lesioak utzi du hankamotz txapelketa. Adar bakoitzaren bukaeran bi finalerdi jokatuko dira, eta ez dago ligaxkarik. Erabaki hori berritasun handia da. Finala, azkenik, otsailaren 9an jokatuko da, igande goizean, ohiko denez, Baionako Moderne trinketan.
Waltary da lehen adarreko zerrendaburua, eta aurretik partida bakarra dago, Peio Ducassouk eta Herve Bonetbeltxek gaur zortzi jokatuko dutena. Adar hori, Ximun Lanbertenarekin gurutzatuko da finalerdietan. Adar horretako lehen partida Bixente Lazkanok eta Andde Kurutxarrik jokatuko dute. Kurutxarriren aurreneko partida izango da bizkarreko arazoen ondorioz urtebetez geldirik egon ondoren. Irabazleak Alexis Intxauspe izango du hurrengo kontrario.
Ezkurra II.a, sasoi oso onean
Paxkal Ezkurra da hirugarren adarreko burua; gaur hasiko da. Superprestige torneoa irabazi berri du, maila bikaina emanda gainera, eta hark dirudi Waltaryren oztopo nagusia txapelaren bidean. Gaurko partida Olivier Jeannots eta Antton Amuletek jokatuko dute, Arrangoitzen (19:00). Irabazleak Batita Ducassou izango du zain gaur zortzi, eta, ondoren, Ezkurra II.a. Laugarren adarra Thierry Arizmendirena da. Astelehenean hasiko da, Peio Larralderen eta Gregori Agirreren arteko kanporaketarekin. Irabazleak Laurent Lanbert izango du hurrengo koska, eta finalerdien aurretik, Arizmendi.
Historia du orain aurkari
Waltary Agusti buruz burukoa zazpigarrenez irabazten saiatuko da aurten, aurretik inork lortu gabeko marka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu