Historia distiraz bernizatu nahi du

Realak Erromaren aurkako itzulerakoa jokatuko du gaur, kanporaketa iraultzeko helburuz. Txuri-urdinek Europako txapelketa batean jokatuko duten 100. partida izango da

Realeko jokalariak, entrenamenduan, atzo. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Realak mugarri bat ezarriko du gaur. Txuri-urdinek orain 49 urte hasi zuten Europako ibilia, eta tantaka-tantaka abiatutako bidean abiadura hartu dute azkenaldian. Azken urteotan ohikoa bilakatu da donostiarren parte hartzea, eta horri esker ailegatu da zifra biribilera. Orain baino lehen ere egun gogoangarriak bizitakoa da Europan. Ostrava, Milan, Liverpool, Glasgow, Hanburgo, Atenas, Lyon... Makina bat dira txuri-urdinen begi ninietan iltzatutako lekuak.

Erroma izan da azkena. Realak historia egingo du iluntzean, eta distiraz bernizatu nahi du, Europa ligako final-zortzirenak gaindituta. Italiako hiriburuko taldearen aurka ariko da gaur, kanporaketako itzulerako neurketan.

Taldeak kolpea hartu zuen gaur zortzi, joanekoan galduta, eta maldan gora ekingo dio partidari (0-2). Ordea, badu aurrera egiteko esperantzarik. Jokalariek eta teknikariek agerian utzi dute hori, azken egunetan egindako adierazpenetan. Imanol Alguacil «ahal dugu, ahal dugu» esanaz sartu zen atzo Zubietako entrenamendu zelaira.

Realak lehendik ere estutu ditu italiarrak. 1979an, teknikari oriotarra artean mutil koskor bat zela, Inter Milanen aurkako kanporaketa jokatu zuen Donostiako klubak. Orduko UEFA txapelketan izan zen. Joanekoan, galdu egin zuen Italian (3-0), eta kanporaketa gainditzeko zorian izan zen Atotxan (2-0). Askoren ustez, zelai zaharreko norgehiagokarik suharrena izan zen.

Orduko hautsek piztu dute aste honetako sua. Oraingoan, baina, Reala ez da estutzearekin konformatzen. Sailkatu egin nahi du. Ehun partiden kopurutik harago, Europan nor dela esan. Jose Mourinhoren taldeak du abantaila. Realak, aldiz, Anoeta. Izan ere, bete egingo da Amarako estadioa. Zaleek partida aurretik jarria dute hitzordua, taldea babesteko.

Erroma menperatzeko prest daude, jokalariak bezalaxe. Hori adierazi zuen Mikel Oiartzabal jokalariak, partida aurreko prentsa agerraldian: «Ilusioz beterik gaude. Gauzak ondo egiteko konfiantza dugu, eta gau historiko bat nahi dugu bizi. Aurreko astekoa igaro zen, eta gaurkoari begira gaude jada», nabarmendu zuen kapitainak.

Eibartarrak uste du Erromari aukera gutxi ematea garrantzitsua izango dela gaur iluntzeko neurketan, eta ezinbestekotzat jo du zaleen babesa: «Beti daude gure alboan, eta gaurkoan ere hala izango da. Oso garrantzitsuak dira, eta badakite hori». Jokoari dagokionez, «bi areetan asmatzea» jo du gakotzat.

«Konpon daiteke»

Oiartzabalen iritzi berekoa da Imanol ere. Haren esanetan: «Joan zen ostegunekoa aukera ona zen, baina oraindik konpon dezakegu, gauzak hobeto eginda. [Defentsan] aukera gutxiago eman behar dugu, aurrean gehiago sortu, eta, batez ere, aztiago ibili».

Realak berreskuratu ditu orain baino lehen erizaindegian egondako jokalari gehienak. Hortaz, Imanolek deialdian sartu ditu Aritz Elustondo eta Umar Sadiq ez beste jokalari guztiak. Lehen taldeko jokalariekin osatu du 24 laguneko zerrenda ia osoa: Unai Marrero atezaina da salbuespena.

Prestatzaileak «izugarrizko ekaitza» eskatu du iluntzerako: «Halakoa sortu behar dugu, zaleen eta gure artean. Olatu handiak egongo dira barruan, 30 metrokoak: Nazaren bezala. Guk motorrik gabe hartuko ditugu olatuak, zaleekin arraunean. Olatu horietan ondo ibili behar da surfean, eta, horretarako, ausarta izan beharra dago. Gu hala izango gara. Zaleen aurrean, posible da».

REALA-ERROMA
Reala. Remiro; Barrenetxea, Zubeldia, Le Normand, Rico; Zubimendi, Merino, Silva; Oiartzabal, Kubo eta Sorloth.
Erroma. Rui Patricio; Mancini, Smalling, Diego Llorente; Karsdorp, Cristante, Matic, El Shaarawy; Dybala, Abraham, Pellegrini
Epailea. Istvan Kovacs (Errumania).
Lekua. Reale Arena (39.500 ikusle).
Ordua. 21:00 (Cuatro).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.