Hiruretatik azkarrena

Marczinskik Poljanski eta Mas garaitu ditu Espainiako Vueltako seigarren etapako helmugan. Van Garderenek 26 segundo galdu ditu

Hiruretatik azkarrena.
Gorka Intxausti Aranguren.
2017ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Tomasz Marczinski (Lotto Soudal) nagusitu zen atzo Espainiako Vueltako seigarren etapan. Pawel Poljanski (Bora) eta Enric Mas (Quick Step) aise menderatu zituen azken esprintean. Sailkapen nagusiari dagokionez, Alberto Contador (Trek) erasokor aritu zen Garbin gora, eta soilik Chris Froome (Sky) eta Esteban Chaves (Orica) izan ziren hari jarraitzeko gai .Tejay van Garderenek (BMC), adibidez, bigarren postua galdu zuen. Bi aldiz erori zen, eta behin zulatu zitzaion gurpila, 26 segundoren atzerapena izan zuen Froomerekiko. Simon Yatesek (Orica) eta David de la Cruzek (Quick Step) ere denbora galdu zuten helmugan, hamazazpi segundo liderrarekiko. Egun okerragoa izan zen Romain Bardetentzat (Ag2r). Froomerengandik 6.26ra iritsi zen, eta sailkapen nagusiaren lehiatik kanpo gelditu da.

Eguneko ihesaldia 28 lagunek osatu zuten. Garbi mendatean gora banatu zen taldea, eta haren jaitsieran elkartu ziren Mas, Poljanski eta Marczinski. Ez zegoen batere argi iritsiko ote ziren —une batez zazpi segundoren tartea besterik ez zuten izan atzeko taldearekiko—. Bukaerara iristean igarri zen esperientzia, azken kilometrora iristerako utzi zion erreleboak emateari Marczinskik. Mas gazteari esprinta bideratzea egokitu zitzaion, eta haren gurpila hartu zuen, gainera. Azkarrena hankaz, eta azkarrena buruz ere.

Vueltako etaparik luzeena jokatuko da gaur, 207 kilometro, Lliriatik Cuencara. Profil gorabeheratsua dauka. Hirugarren mailako hiru mendate daude: La Montalbana —zortzi kilometro eta %4,3ko batez besteko pendiza—, Santa Cruz de Moya —8,7 eta %4— eta Castillo —bi eta %7,2. Azken horren harrizko errepideak tropela hauts dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.