Bukatu da Velimir Perasovicen hirugarren aldia Kirolbet Baskoniaren aulkian. Etapa bakoitzak amaiera diferentea izan du. Lehena 2007an izan zen, eta bihotzeko arazo batek behartu zuen entrenatzailea kargua uztera. 2016an, berriz, talde arabarra Euroligako Lauko Finalera eraman eta gero, Anadolu Efesera joatea erabaki zuen.Oraingo honetan, ordea, entrenatzaileen patuak kondenatu du: emaitza txarrek eta taldeak hainbat partidatan emandako itxura kaskarrak.
Asteak ziren Perasovicen kargugabetzearen aukeraz hitz egiten zela. Lehen aldia azaroaren 14an izan zen, etxean Maccabiren aurka 83-113 galdu eta gero. Hurrengo lehietan buelta eman zion egoerari. Baina berriz agertu ziren mamuak Anadoluk beste belarrondoko bat eman zionean:77-102. Zaleek txistuekin agurtu zuten taldea, erakutsitako lehiakortasun faltarengatik, eta defentsan egindako lan kaskarrarengatik. Perasovici berari abailduta ikusten zitzaion, eta egoerari buelta nola eman jakin gabe. Jayson Grangerren eta Patricio Garinoren lesio larriek ez diote ezertan lagundu.
Dena den, aste honetan Euroligan jokatutako bi partidak erabakigarriak izan dira. Asteartean berriro ere ehun puntutik gora jaso zituen Valentziaren kontra, eta 105-77 galdu zuen, azken laurden oso kaskarra jokatu ostean. Herenegun, berriz, Real Madrilek nahi erara irabazi zion: 55-77.
Horren aurrean, Baskonia eta Perasovic ados jarri dira kontratua eteteko. Atzo eman zuten erabakiaren berri. Baskoniak «eskerrak» eman zizkion egindako lanarengatik. Zaleak izan zituen gogoan entrenatzaileak. «Beti izan dut haien babesa, bai garai onetan, baina baita txarretan ere». Onartu zuen taldeak «aldaketa bat» behar zuela egoera iraultzeko. «Bihotzez espero dut gauzak ondo ateratzea, niretzat oso berezia izan baita hainbeste maite dudan klubean egotea».
Hirugarren aldi honetan Perasovicek urtebete eskas egin du karguan. Izan ere, iazko azaroaren 16an iritsi zen taldera, Pedro Martinez ordezkatzeko. Ez zituen, ordea, helburuak bete. Kopan estreinakoan utzi zuen kanpoan Joventutek; ez zen Gasteizko Euroligako Lauko Finalerako sailkatu; eta, ACB ligan ere, Zaragozak utzi zuen at titulurako lehen kanporaketan.
Orain arte Perasovicen laguntzaile izan den Josep Maria Berrocalek hartuko du taldea zuzentzeko ardura. Aurreko sasoian Estudianteseko entrenatzaile izan zen, eta udan iritsi zen Gasteizera. Igandean, Burgosen aurka, bera eseriko da aulkian. Ikusteko dago gero jarraituko duen, Bartzelonako eta Panathinaikoseko entrenatzaile ohi Xabi Pascualen izena ere bolo bolo ibili baita.
Baskoniak bihar jokatuko du Burgosen aurka. Gaur izango da, ordea, Bilbo Basketen txanda. Aurreko jardunaldian lortutako garaipenari segida eman nahi dio Alex Mumbruk zuzendutako taldeak, etxean Betisi irabazita (18:00). Espainiarrak jaisteko postuetan daude, hiru garaipenekin.
Ohorezko Mailan derbia izango da, Lointek Gernikak IDK Gipuzkoa hartu baitu Malosten (19:00). Oso aldarte diferentean ailegatuko dira. Gernikak garaipen garranzitsua lortu zuen asteazkenean Eurokopan, Minsken kontra, eta ondo bideratua du final-hamaseirenetarako sailkatzea.IDK-k, berriz, kolpea jaso zuen aurreko jardunaldian. Puntu bakarreko aldeaz Valentziaren aurka galdu eta gero, zuloan segitzen du.
RPK Araskik, berriz, Teneriferen aurka jokatuko du (18:00). Madelen Urietaren taldeak Koparako sailkatzea lortu zuen aurreko jardunaldian, eta garaipenak biltzen segitu nahi du.
Hirugarrenez hautsi dute
Kontratua etetea adostu dute Baskoniak eta Perasovicek, emaitza txarren erruz. Igandean Josep Maria Berrocalek zuzenduko du taldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu