Txuri Urdineko jokalariak, atzo, liga irabazi eta gero. BERRIA

Hirugarrena, nekez lortua baino oso baliotsua

Majadahondari azken partidan irabazita, ligako garaikurra irabazi du berriz ere Txuri Urdinek. Ainhoa Salillas atezainak finala txapelketaren isla izan dela berretsi du: «Oso paretsu ibili gara, eta hori ona da gure kirola haz dadin».

Txuri Urdineko jokalariak, atzo, liga irabazi eta gero. BERRIA
Txuri Urdineko jokalariak, atzo, liga irabazi eta gero. BERRIA
ainara arratibel gascon
2025eko martxoaren 17a
17:07
Entzun 00:00:0000:00:00

Astelehen gozoa dute gaur izotz hockeyko Txuri Urdin taldeko emakumezkoen taldeko jokalariek, atzo Majadahondan liga irabazi eta gero. Hirugarrenez izan dira txapeldun lau urtean. «Oraindik barneratu ezinda gaude zer lortu dugun. Atzoko ospakizunaren ondoren, gaur denek ikastera edo lanera joan behar izan dugu, eta uste dut gaur arratsaldetik aurrera hasiko garela barneratzen. Izango dugu denbora merezi bezala ospatzeko», azaldu du Ainhoa Salillasek, taldeko atezainetako batek.

Finala denboraldi osoaren isla izan dela uste du, azken partidan eta gol baten aldeaz erabaki baitzen: 2-3. «Oso paretsu ibili gara denboraldi osoan». Donostiarrak neurketa hasi bezain laster jarri ziren aurretik, Iara Hayeken gol bati esker. Baina lehen zatia amaitzear zela gola sartu zuten etxekoek. Bigarren zatia oso parekatua izan zen, eta hirugarrenean argitu zen nor izango zen txapeldun. Donostiarrek partidaren aginte makila hartu zuten, estutu egin zuten, eta bi gol lortu zituzten: 1-3. Bi golak Haizea Fernandez de Romarategik sartu zituzten

Baina etxekoek ez zuten amore eman, eta 2-3koa egin zuten. Sufritzea tokatu zen neurketaren azken zortzi minutuetan. Baina merezi izan zuen. «Titulua hor dago, eta oso pozik gaude. Baina ez dut uste garrantzitsuena hori denik. Urte osoan egin dugun lana nabarmendu nahiko nuke. Hilabete beteak izaten dira. Denboraldia motza da, urritik martxora bitartekoa, eta hilabete horietan asko bidaiatu behar izaten dugu, berandu entrenatu, kirola ikasketekin eta lanarekin uztartu... Denboraldi osoan horri guztiari eustea gogorra da». 

«Titulua hor dago, eta oso pozik gaude. Baina ez dut uste garrantzitsuena hori denik. Urte osoan egin dugun lana nabarmendu nahiko nuke»

AINHOA SALILLASTxuri Urdineko atezaina

Balio handia eman dio lortutakoari. «Egia da bosgarren partidan irabazita asko sufritzen dela. Baina gure kirolaren ikusgaitasunarentzat eta hazkundearentzat ona eta garrantzitsua da halako parekotasuna egotea. Maila gero eta hobea da, eta finala horren erakusle izan da. Majadahondak eta Puigcerdak aurrerapauso bat eman dute, eta guk ere beste pauso bat eman behar izan dugu».

Hiru taldeak harrobian egiten ari diren lana nabarmendu du. «Gurean, bost jokalari igo dira denboraldi honetan lehen taldera. Oso jokalari gazteak dira, 2010ean eta 2011n jaiotakoak, eta hori ere azpimarratzekoa da».

Atzoko partida irabazteko gakoa zein izan zen galdetuta, hauxe erantzuna: «Une erabakigarriak ondo kudeatu genituen, eta oso batuta egon ginen». Finalari erreparatuta, berriz, mugarri bat izan zela azaldu du: «Etxeko lehen partida galdu eta gero, 1-2 jarri ginen atzetik. Hurrengo bi partidak irabazi behar genituen txapeldun izateko». Egoera horretatik «sendotuta» atera zirela esan du: «Emaitzan edo markagailuan baino gehiago, arreta jokoan jarri genuen, gure jokatzeko era izotzean islatzean. Azkenean, ondo atera zaizkigu gauzak. Irmo egin dugu lan, oso batuta egon gara, eta hori ere funtsezkoa izan da».

Ospakizuna partida amaitu bezain laster hasi zuten: «Jokalarion senideak eta lagunak han ziren, eta haiekin ospatu nahi izan genuen. Aldagelan ere egin genuen, datorren denboraldian aldaketak izango baitira, eta zerbait berezia egin nahi izan genuen. Bestalde, Donostiara iritsi ginenean harrera txiki bat egin ziguten. Eskertzekoa da, oso polita izan baitzen».

Asteburuan, Kopa

Orain datorren asteburuan dute jarria arreta, Espainiako Kopa izango baitute jokoan. Finalerdietan Jaka izango dute kontrario, eta irabaziz gero Majadahondaren edo Puigcerdaren aurka neurtuko dituzte indarrak finalean. «Txapelketa diferentea izango da, eta, gainera, hainbat jokalari faltako zaizkigu. Adibidez, taldeko argentinarrek selekzioarekin jokatzera joan behar izan dute». Baina gogotsu daude garaikur hori lortzeko ere: «Ligan bezala, lehen helburua izango da gure jokoa pistan erakustea, eta hortik abiatuta ondo lehiatzea».

Behin denboraldia amaituta, taldean aldaketak izango dira. Adibidez, bi argentinarrek ez dute jarraituko, eta ezusterik ezean, ezta Maria Sierra atezainak ere. «Lehen liga irabazi eta gero ere aldaketa asko izan genituen taldean, eta hurrengo denboraldia oso zaila izan zen. Oraingoan, berriz, multzo sendoagoa daukagu, eta harrobian ere lan handia egin da. Beraz, ez dut uste aldaketa hainbestekoa izango denik».

Berak hazten jarraitu nahi du. «Batez ere mentalki aurrerapauso handi bat eman dut denboraldi honetan: autoestimuan, arretan... Hori funtsezkoa da, eta horretan jarraitu nahi dut. Bestalde, teknikoki ere badut zer hobetua. Ni patinen gaineko hockeytik nator. Diferenteak dira, eta batez ere patinekin irristatzerakoan badut zer ikasi».

Taldeko hiru atezainen artean duten batasuna azpimarratu du: «Maria erreferente bat da. Luxua da hainbesteko eskarmentu duen jokalari bat ondoan izatea; asko ikasten da. Bestalde, Ona [Sierra] oso gaztea eta grinatsua da, eta ingurukoei transmititzen digu hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.