Palmaresa osatzen segitu nahi du Txuri-Urdin izotz hockeyko taldeak; garaikur gose dira jokalariak. Duela hiru denboraldi lehenengoz balentria egin eta liga irabazi ondoren, iluna izan zen hurrengoa, partida bakarra irabazi baitzuten sasoi osoan. Egoera irauli, eta bere onera itzuli ziren iaz, liga bigarrenez lortuta. Bada, jokalariak ez dira konformatu, eta hirugarrena nahi dute. Ahalegin horretan, lehen urratsa egin dute jada: bigarren amaituta, ligako finalerdietako kanporaketa jokatuko dute, hiru partidatara. Beren atzekoa izango dute aurkari: Puigcerda. Bihar dute lehen neurketa, etxetik kanpo. Hurrengo biak, berriz, Donostian izango dira, datorren asteburuan.
Itxaropentsu dago Haizea Fernandez de Romarategi jokalaria (Gasteiz, 2004). «Azken hilabetean beste gauza batzuk lantzen aritu gara, bai entrenamenduetan eta baita partidetan ere, eta uste dut funtsezkoa izan dela. Ondo prestatuta goaz finalerdietara». Denboraldi honetan bi aldiz jokatu dute Kataluniako talde horren aurka, eta emaitzek txanponaren bi aldeak erakusten dituzte. Lehen jardunaldian donostiarrek irabazi zuten, 2-0. Bigarren itzulikoan, ordea, galdu egin zuten, 5-0. Fernandez de Romarategiren arabera, «inflexio puntua» izan zen porrot hura, eta hala hartu zuten: esnatu beharra zuten. «Partida horren ondoren, gauza espezifikoagoak lantzen hasi ginen. Orain beste modu batera planteatu dugu partida; askoz prestatuago gaude», azpimarratu du Txuri-Urdineko jokalariak.
Lehia parekatuak izango direla uste du, eta, ondo hasteko, funtsezkotzat jo du bihar irabaztea. «Irabaziz hastea oso garrantzitsua izango da. Gainera, etxetik kanpo denez, han irabazten badugu gero uste dut askoz errazagoa izango dela hemen, eta beste modu batera hartuko dugula».
Gol aldeari erreparatuta, ate aurrean finago aritu da Donostiako taldea: 87 gol sartu dituzte, eta 58 aurkariek. Kontrara, defentsa lanetan sendoago aritu dira katalanak: 13 gol baino ez dizkiete sartu; 24, berriz, Txuri-Urdini. «Asteburu honetan Maria Sierra izango dugu atean. Gure atezain denak dira oso onak, baina Maria edukitzea oso lagungarria da. Haien atezaina ere onenen artean dago. Oso zaila izango da garaitzea, baina hori ere kontuan hartu dugu, eta hori lantzen ere aritu gara».
«Azken hilabetean beste gauza batzuk lantzen aritu gara, eta uste dut funtsezkoa izan dela. Ondo prestatuta goaz finalerdietara»
HAIZEA FERNANDEZ DE ROMARATEGITxuri-Urdineko jokalaria
Pausoz pauso iritsi nahi dute gailurrera, baina helburua argi dute: liga irabaztea. Ahalegin horretan, bideari ere garrantzia eman dio gasteiztarrak. Jokalarien artean duten harremana eta taldeko giro ona nabarmendu ditu: «Denon parte hartzea ezinbestekoa da».
Beste finalerdietan, Majadahondak eta Uhartek neurtuko dituzte indarrak. Nafarrek zail dute sailkatzeko. Majadahondak partida bakarra galdu du sasoi honetan: hain justu, Txuri-Urdinen aurka.
Kanpora joateko nahia
Etorkizun oparoa aurreikusten diote Fernandez de Romarategiri, baina oraina ere bada. Ligako golegile nagusia da —11 partidatan 23 gol sartu ditu—, baita asistentzia gehien eman duen jokalaria ere. «Oso pozik nago».
Hirugarren denboraldia du Txuri-Urdinen, eta Gasteizko Bipolo taldean ere jokatzen du, mutilekin. Tartean, AEBetan ere aritu zen urtebetez, 2022-2023ko sasoian, Massachusettsen, Eva Aizpurua taldekidearekin batera. «Alde handia dago AEBetako eta hemengo hockeyaren artean. Han, orokorrean eta eskolan bertan hockeya oso garrantzitsua da. Edonon dago, edonon hitz egiten da. Hemen hori ez da gertatzen. Estatu Batuetan ikasi nuen guztia ez nuke aldatuko ezergatik. Egunero entrenatzen nintzen, eta agian hiru partida nituen astero. Hemen hori ezinezkoa da. Niretzat pribilegio bat da hori bizi izana».
Ikasteko eta jokalari moduan trebatzeko balio izan ziola nabarmendu du: «Jokatzeko modua, pentsatzekoa, niretzat aldatu egin zen Estatu Batuetara joan nintzenean».
Beste liga batzuetan jokatzeko gogoa ere badu. Hurrengo denboraldian izango du aukera: Irakasle Ikasketak egiten ari da, eta Erasmus programa baliatuta atzerrira joateko asmoa du. Ikasketa horiek bukatzean ere, denbora batez kanpoan aritu nahi luke: «Suediara edo halako herrialde batera joatea gustatuko litzaidake. Hango hockeyko liga eta maila askoz hobea da, eta gutxienez urte bat edo bi han jokatzea izugarria litzateke».
Asmoak asmo, partida bat baino ez du buruan orain gasteiztarrak: biharkoa. Puigcerdari irabazita, mahai gainean lehen kolpea eman nahi dute. Donostian jokatuko diren hurrengo partidetarako, animatzera joatekoa deia ere egin die Fernandez de Romarategik zaleei.