Hirugarrena, Marc Bertran

Eskuin hegaleko atzelari kataluniarrak hiru denboraldirako kontratua sinatu du Osasunarekin

Erredakzioa
Iruñea
2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Azkar ari da Osasuna datorren denboraldirako taldea osatzen. Bi aste eskas joan dira Lehen Mailako liga zenetik, eta Iruñeko taldeak jada hiru jokalari fitxatu ditu datorren sasoiari begira. Ibrahima Balde aurrelari senegaldarra izan zen lehena, Ruben Gonzalez erdiko atzelari galiziarra ondoren, eta Marc Bertran eskuin hegaleko atzelari kataluniarra azkena. Osasunak atzo bertan egin zuen ofizial Marc Bertranen fitxaketa. Tenerifeko jokalari ohiak hiru denboraldirako kontratua sinatu du, eta sei milioi euroko etete klausula izango du. Osasunak ez dio ezer ordainduko Teneriferi, jokalariari hilaren 30ean amaitzen baitzaio kontratua.

29 urte ditu Marc Bertranek, eta eskarmentu handia Lehen Mailan, orain hamar urte egin baitzuen debuta, Espanyolekin. Hain zuzen ere, Bartzelonako talde horren harrobian hazi zen. Halere, ez zuen ibilbide luzea egin han, hiru sasoi eskas. Aukerarik gabe, Bigarren Mailara jo zuen. Kordoban, Cadizen eta Lorcan aritu zen. Unai Emeryren aginduetara Lorca Lehen Mailara igotzear egon zen, eta Marc Bertranek lan bikaina egin zuen. Lan horrek saria izan zuen, Tenerifek fitxatu baitzuen. Eta Kanaria uharteetako (Espainia) taldean jokatu du azken bost denboraldietan, lau Bigarren Mailan eta bat Lehen Mailan. Sasoi guztietan oinarrizkoa izan da.

Marc Bertran ez da izango ziurrenik Tenerifetik Iruñera bidaia egingo duen jokalari bakarra. Iruñeko taldeak eskaintza egin dio Juan Francisco Martinez Nino aurrelari espainiarrari, eta ezustekorik ezean, jokalariak eskaintza onartuko du. Marc Bertranena bezala, Ninok Teneriferekin duen kontratua ere hilaren bukaeran amaitzen da. Nino ere eskarmentu handiko jokalaria da, 30 urte baititu —31 egingo ditu etzi—. Bere kirol eskarmentua, hala ere, Bigarren Mailara mugatzen da kasik, Lehen Mailan bi sasoitan soilik aritu baita. Sasoi honetan hamasei gol sartu ditu.

Bestalde, Andres Fernandezek eta Ion Etxaidek, Osasunak utzita Huescan aritu diren jokalariak, denboraldi-aurrea egingo dute lehen taldearekin. Oscar Vega eta Jorge Galan, berriz, beste urtebetez ariko dira utzita; lehena, Huescan, eta bigarrena, Bigarren Mailako beste talde batean. Jokin Esparzaren etorkizuna, azkenik, argitu gabe dago oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.