Mads Pedersenek (Trek) irabazi du Espainiako Vueltako hemeretzigarren etapa. Danimarkarrak nagusitasuna erakutsi du esprintean, beste behin, eta hirugarren etapa garaipena lortu du. Taldeburuak azkenaurreko etapan pentsatzen ari dira, eta ez da inor mugitu Pielagoko (9 kilometro luze eta %5,9ko pendiza) bi igoeretan. Sailkapen nagusian 2.07ren aldea dauka Remco Evenepoelek (Quick-Step) Enric Masekiko (Movistar), eta bihar erabakiko da aurtengo Vueltako garailea, etapa bat faltako bada ere.
Etapa hasi bezain pronto hainbat saiakera izan dira tropeletik ihes egiteko, baina hiru txirrindularik bakarrik lortu dute eguneko ihesaldian sartzea: Brandon Mcnultyk (UAE), Jonathan Caicedok (Education) eta Ander Okamikak (Burgos-BH). Tropelean Trekek ezarri du erritmoa Pielagoko aurreneko igoeran. Lawson Craddock (BikeExchange) saiatu da aurrekoekin bat egiten, baina ez du lortu, eta tropelak irentsi egin du. Hiru minutu baino gehiagoko aldea ere izan du aurreko hirukoteak, baina Treken lanari esker, kontrolpean izan dute ihesaldia une oro.
Pielagoko bigarren igoeran ezerezean utzi du tropelak eguneko ihesaldia. Trekek talde osoa jarri du lanean, Pedersenekin etapa irabazten ahalegintzeko, eta pixkanaka hainbat txirrindulari talde nagusitik atzera gelditu dira. Bahrainek erritmoa bizitzea erabaki du, baina arazorik gabe jarraitu dute taldeburuek. Azkenerako, uste baino lasaiagoa izan da Pielagoko bigarren igoera. Ez da erasorik egon, eta elkarrekin egin ditu tropelak bai igoera, baita jaitsiera ere.
Elkarrekin iritsi da tropela helmugara, eta esprintean erabaki da etapa. Pedersenek berak abiatu du esprinta, eta Fred Wrightek (Bahrain) gurpila ondo hartu dion arren, ez du danimarkarra aurreratzeko indarrik izan. Taldearen lana borobildu egin du Pedersenek, eta hirugarren etapa garaipena lortu du munduko txapeldun izandakoak.
Bihar izango du Espainiako Vueltak azkenaurreko eguna. Bertan erabakiko da aurtengo garailea –birtualki bada ere–, eta su artifizialak espero dira. Mallorcarrak gogor estutu beharko du liderra maillot gorria eskuratu nahi badu; 2.07ren aldea baitago Evenepoelen eta Masen artean, sailkapen nagusian. Podiumeko azken posturako Juan Ayuso (UAE) eta Miguel Angel Lopez (Astana) arituko dira lehia bizian. 42 segundoko abantaila dauka espainiarrak, baina Lopezek esperientzia gehiago du horrelako egoerak kudeatzen.