Max Verstappen

Hirugarrena, errazena

Sennaren, Piqueten eta Laudaren parean jarri da Max Verstappen, 1 Formulako hirugarren Munduko Txapelketa irabaziz. Baina ez dago argi noiz arte arituko den.

ALI HAIDER / EFE.
Laurentzi Garmendia
2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Antzinako Grezian jainko mailara igoko zuten Max Verstappen. Ez soilik hamazazpi lasterketatik hamalau irabazi dituelako. Ez soilik hiru txapelketa irabazi dituelako jarraian. Gaur egun duen estatusa zein ukiezina den, horixe nabarmendu behar da. Carlos Sainzek Singapurren lortutako garaipenari esker, Red Bullek lasterketa guztiak ez irabaztea lortu zuen. Anekdotikoa, besterik ez. Verstappenek agintzen baitu orkestra honetako erritmoan. Pan, pan, pan. Guztien gainetik dago, eta badaki. Bere buruarengan duen ziurtasunak egiten du nagusi.

Ez da begi bistakoan gelditu. Red Bullen RB19 autoa suziri bat da, nahiz eta Sergio Perezek etekin gutxi atera dion aspaldian. Diseinatzaileek, kalkuluetan ari direnek, mekanikariek... guztiek egin dute lan, gainera, halako emaitza lortzeko. Baina gidaria ezin da gutxietsi. Hamalau garaipen lortzea gauza bat baita. Eta zein hamalau lasterketa izan diren ikusi ondoren, beste gauza bat da. Garaipen batzuk errazak izan baitira, baina beste batzuk, ondo landutakoak. Azken horietako asko izan dira aurten. Haietako bat irabazteak meritu handia du. Bada, zer-nolako meritua duen hamalau irabazteak, eta are gehiago hamar jarraian.

Lasterketa askotan euria egin du aurten, ezohiko neurrian gainera. Monakon, Kanadan, Austrian, Erresuma Batuan, Hungarian, Belgikan eta Herbehereetan. Lasterketa egunean euriak batzuetan barkatu bazuen ere, orokorrean asteburu zailak dira halakoak 1 Formulako autoentzat. Euria loteriaren parekoa da, emaitzetan goitik behera eragin dezakeen neurrian. Itsaspena urriagoa da, aquaplanning arriskua handiagoa, eta, ikuspegia ere okertu egiten da. Verstappen ez da gauzak ahalik eta lasaiena hartu nahi dituzten horietako bat. Alderantziz: odol berokoa da, eta taldeak kontrolatzen du haren grina. Horregatik, halako asteburu zailetan garaile atera izanari balioa eman behar zaio.

Heldutasuna lortu du

Horri guztiari esker, besteen errespetua bereganatu du. Askotan errepikatu den bezala, 1 Formula oso oroitzapen laburrekoa da. Duela bi urte, Lewis Hamilton ukiezina zen, eta Verstappen lehen aldiz hasi zitzaion lanak ematen. Urte hartan, Hamiltonek irabazi zuen berriro, zazpigarrenez. Igandean, Verstappenek bere titulua garaipenarekin ospatu zuen egunean, Hamiltonek ez zuen bihurgune bat ere iraun lehian. Ezer gutxi zuen jokoan, eta, hala ere, bolantearen mugimenduarekin kalera joan zen. Dagoeneko ez du zalapartarik eragiten haren erretiro posibleak. Duela bi urte, gauzak bestelakoak ziren, bi pilotuek lehia estua baitzuten. Hamiltonen tokia Verstappenek hartu du orain.

Badu zerbait 1 Formula moderno honek, azken hamarkadetan bereziki saritu baititu gidari eta talde dominatzaileak. Sebastian Vettel eta Red Bull nagusi izan ziren lau urtez, 2010ean hasita. Tarterik gabe, Hamilton eta Mercedes iritsi ziren ondoren, zazpi tituluen marka ezarriz. Jarraian datoz Verstappen eta Red Bull, oraingoz hiru garaikurrekin, baina datorren urtekoa dagoeneko labean berotzen ari da. Aurkari guztiak horren aise menderatzeak meritu ukaezina du, baina ez du lehia estu baten aho zaporea uzten. Salbuespena 2021. urtea da, Hamiltonengandik Versateppenenganako trantsizio urtea. Azken lasterketako lotsagarrikeria alde batera utzita, 1 Formularen urterik zirraragarriena izan zen hura. Eta hortik Verstappen garaile irten izana; hori ere bada zerbait.

Beste belaunaldi batekoa da Verstappen, eta hori ulertu behar da haren hurrengo pausoak aurreikusteko. Oso txikitatik bere aitaren agintepean izan da, lasterketan diziplinari jarraituz. 16 urterekin, 2013an Europako eta Munduko kart txapeldun izan zen. Hurrengo urtean, 1 Formulara egin zuen jauzi.

Hamar urte geroago, munduko gidaririk onena da, lehiaketa zailenetako batean. Lortu du nahi zuena: lortu du guztien aitortza. Ez du Hamiltonen errekorra hausteko asmorik, dagoeneko argi baitu zer egin nahi duen 1 Formula uzten duenean, eta une hori uste baino gertuago dago. Haren bizitza ez da 1 Formula. Horretan ez da Ayrton Senna bezalakoa, edo Michael Schumacher bezalakoa. Gidari aparta da, baina, helburua betea duela iruditzen zaionean, alde egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.