Bera zen faboritoa, eta zaleen uste guztiak bete ziren azkenean. Nerea Arrutik (Urnieta, Gipuzkoa, 1990) irabazi zuen igandean Euskal Herriko Aizkora txapelketa, Elgoibarren (Gipuzkoa). Hirugarren txapela du jarraian, eta Nerea Sorondoren marka berdindu du. Sorondo bera izan zen bigarren, eta Laiene Pikabea hirugarren. Lortutakoarekin «oso pozik» dagoela onartu du urnietarrak, baina ez da horrekin bakarrik konformatzen, eta aurrera begira jarraitu nahi du.
Txapelketa hasi eta berehala hartu zuen aurrea txapeldunak. Faborito argia zen, eta lehiatzeko unean «gorputzaldi oso ona» izan zuela adierazi du. Egin beharreko lana hauxe zen: sei enbor moztu behar izan zituzten aizkolariek, 36 ontzako bi, 45 ontzako bi, eta beste bi kana erdiko. «Uste nuen baino hobeto amaitu nuen fisikoki. Lehendabiziko bi enborretan oso urduri nengoela nabaritu nuen, baina aurrea hartu nuenean lasaitu egin nintzen, eta nire lanak egin nituen sentipena daukat». Etxean egindako prestaketa plazan erakutsi izanaren lasaitasuna ere badauka txapeldunak: «Erregularra izatea lortu nuen, eta, etxean egindako lanarekin alderatuta, antzera aritu nintzen. Normalean, etxean txapelketan bertan baino saio hobeak egiten dira, baina igandean oso ondo sentitu nintzen azkenerako».
Beste behin, aise irabazi zuen txapela Arrutik. 17 minutu eta 33 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko, Sorondo bigarren sailkatuak baino hiru minutu eta erdi gutxiago (21.05). Hirugarren postua eskuratzeko, berriz, lehia bizia izan zuten Pikabeak eta Oihana Fernandez de Barrenak. Azkenerako, ordea, hernaniarra igo zen podiumera: Fernandez de Barrenak baino hamazazpi segundo lehenago amaitu zituen lanak.
Iaz egin bezala, aurten ere Elgoibarren jokatu zen Euskal Herriko Txapelketa. Jende asko joan zen plazara, eta egunak ere lagundu egin zuen. Esker oneko hitzak izan ditu Arrutik: «Sekulako giroa zegoen. Eguraldiak asko lagundu zuen, baina jende aldetik ere giro bikaina zegoen. Aspaldi ez nuela ikusten hainbeste jende emakumeen txapelketa batean. Jendez beteta zegoen plaza, eta oso gustura aritu ginen».
«Normalean, etxean txapelketan bertan baino saio hobeak egiten dira, baina igandean oso ondo sentitu nintzen»
NEREA ARRUTIAizkolaria
Plazara salto egin zuenetik, onenen pare aritu da Arruti, eta berehala utzi zituen agerian bere dohainak. Ordea, ez da horretara mugatu, eta urtez urte ari da aurrez egindakoak hobetzen. Orain, ordea, hasiera hartan ez bezala, bolo-bolo darabilte haren izena. Parte hartzen duen lehiaketa bakoitzean faboritotzat jotzen dute, eta horrek, azkenean, presioa ere badakar kirolarirentzat. Arrutik, ordea, ez dio erreparatzen jendeak dioenari: «Ez diet halakoei kasu askorik egiten. Ni pertsona urduria naiz. Neurez naiz urduria: ez da kanpotik iritsi daitekeen presioarengatik datorkidan zerbait. Asko hitz egiten da, bai, baina egia esan, nigan ez du eragin handirik».
Beti faboritoa izatearen zergatiaz galdetuta, berak ere ez dakiela adierazi du. «Kirol asko egin dut betidanik. Ez dakit horregatik izango den edo ez, baina sufritzen badakidala esango nuke, orain arte asko sufritu baitut beste kirol batzuetan. Horrek laguntzen didala ziur nago». Hala ere, argi dago lortzen ari dena lortzeko lana dagoela atzean. Gabriel Saralegiren esanetara aritzen da aizkoran. «Gabrielen esku egoten dira entrenamenduak. Nola ikusten nauen, horren arabera gauza batean edo bestean jartzen nau. Enbor txikietan gutxi ibiltzen naiz, eta gero ikusten da 36 ontzakoan ez naizela oso abila gainean mantentzen [barrez]. Astean bitan egiten dut aizkoran, eta nire kontu lantzen dut fisikoa». Aizkorarekin izan duen hobekuntzan jarri nahi izan du arreta: «Aurten hobetu egin dut teknikoki. Nik ere ikusi dut, eta gustura nago horrekin. Baina oraindik asko daukat hobetzeko. Badakit indarra badaukadala, eta indarra beti da lagungarria. Baina teknika hobetzen ari naiz orain, eta horrek zerikusi handia dauka».
Bereari erreparatzen dio
Igandean Euskal Herriko hirugarren txapela jantzita, Sorondoren marka berdindu du. Hala ere, urnietarrak ez du horrekin itsutu nahi: «Ez diot arreta jartzen besteek aurrez egin dutenari, eta orain ere ez diot ondokoari erreparatzen. Nik nire markak egin nahi ditut. Egia da hurrengo urtean irabaztea polita litzatekeela, marka hori hobetuko bainuke, baina ez diot horri erreparatzen. Jende oso ona dator atzetik, eta geroz eta zailagoa da irabaztea».
Aurten «oso ondo» sentitzen dela adierazi du behin eta berriz, eta «beste marka batzuk lortzen» saiatzen ari dela onartu du. Ez dauka atseden askorik hartzeko asmorik; izan ere, bi helburu ditu aurki, azaroan biak: Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da lehendabizi, eta kanakoaren marka mozteko eguna ere jarri dute, hilaren 17an. «Orain horri begira jarriko gara buru-belarri, eta gero gerokoak».