Euskotren Liga

Arraun Lagunak-ek hirugarren liga irabazi du, Hondarribian gailenduta

Poparean egindako lan bikaina baliatu du 'Lugañene'-k hamahirugarren bandera ere irabazteko. Orain arte jokatu diren guztiak irabazi ditu, eta hiru besterik ez dira gelditzen liga amaitzeko.

Arraun Lagunak garaipena ospatzen. JON URBE / FOKU
Arraun Lagunak garaipena ospatzen. JON URBE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abuztuaren 10a
18:16
Entzun

Ikaragarria ari da egiten Donostiako Arraun Lagunak kluba. Hamahirugarren bandera ere berea du, gaurkoan Hondarribikoa irabazita. Gainera, ez da lortu duten sari bakarra. Izan ere, gaurko garaipenarekin Euskotren Liga ere irabazi dute  matematikoki. Hiru estropada gelditzen dira oraindik liga amaitzeko, baina handia da donostiarren nagusitasuna. Donostiarra izan da bigarren gaur, Tolosaldearen eta Orioren aurretik, hurrenez hurren.

Dagoeneko Kontxako Banderan daukate iltzatuta begirada Juan Mari Etxabek eta hark zuzentzen duen taldeak, eta ezkutatu ere ez dute egiten. Liga esku artean zeukaten jada, eta gaurkoan matematikoki irabazi dute. Orain, helburua iazkoa errepikatzea da; alegia, Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabaztea. Hala ere, badute beste erronka bat ere donostiarrek: Euskotren Ligako estropada guztiak irabaztea. Atzokoan hamahirugarrena astinduta, hiru besterik ez dira gelditzen liga amaitzeko, eta hirurak irabazi nahi ditu Lugañene ontziak. Bandera guztiak irabazten dituen lehen taldea izan nahi du Lugañene traineruak.

Estropada osoa egin du gaurkoan ere Etxaberen taldeak. Irteeratik hasita lortu du estropadaren burua Arraun Lagunak-ek, eta ez du askatu helmugara bitartean. Hala ere, ederki izerditu behar izan du hamahirugarren bandera irabazteko. Donostiako beste traineruak, Donostiarrak, estutu egin ditu bizilagunak. Parean egin dute lehen luze ia osoa, eta presa ere sartu zaio Lugañene-ri. Hala ere, lehen luzearen azken txanpa bikaina egin dute Etxaberenek, eta ziabogara bitartean eta poparean ihes egin du Arraun Lagunak-ek. Hiru segundo bizkorrago iritsi da ziabogara, eta bi minutuan hamabi segundora handitu du aldea. Pozarren ospatu dute garaipena, baina oraindik lan egin behar dutela adierazi du Andrea Astudillo patroiak: «Liga irabazi dugu, baina erronka bat daukagu aurretik: estropada guztiak irabaztea. Gero pentsatuko dugu Kontxan ehuneko ehunean».

«Erronka bat daukagu aurretik: estropada guztiak irabaztea. Gero pentsatuko dugu Kontxan ehuneko ehunean»

ANDREA ASTUDILLOArraun Lagunak taldeko patroia

Gainerako hiru postuetarako, lehia gutxi izan da. Hasieratik gelditu da oso atzean Orio, eta ezin izan dio egoerari buelta eman. Azkenerako, ia 35 segundo galdu ditu Arraun Lagunak-ekiko. Tolosaldea ohi baino apalago aritu da. Donostiarrak atzean utzi du brankan lan bikaina egin ostean, eta, poparean azkarrago aritu den arren, ez da nahikoa izan donostiarren ondora iristeko. Hamalau segundora iritsi da donostiarren Bantxa, eta 23ra Tolosaldea.

Hondarribia, sufrituta

Bigarren txandan Hondarribia nagusitu da, ia asteburuero egin duen bezala. Nabarmen da beste hirurak baino talde indartsuagoa, eta behin eta berriro erakutsi du hori. Zortea ere alde izan dute gaurkoan. Izan ere, laugarren kalea egokitu zaio zozketan, denek nahi izaten dutena alegia. Ateratzerako orduan babesa izaten du kale horrek, eta itzulerakoan nahi bezala mugitzeko aukera izaten da albokoei aurrea hartuz gero. 

Kalea, baina, arraunlariek egiten dute hobea edo okerragoa, eta aurrekoan ederki estutu zuen Ama Guadalupekoa Cabok. Lehen luzearen lehen erdian lau segundo galdu ditu Galiziako taldeak, baina, denbora aurrera joan ahala, hobera egin du, eta ziabogan bi segundo eskasera hurbildu da. Hibaikarekin lehia estua daukate galiziarrek, eta berehala utzi dute atzean errenteriarren Madalen ontzia. Horrek hauspotu egin ditu galiziarrak, eta Hondarribiaren bila joan dira. Pixkanaka-pixkanaka hurbildu egin dira galiziarrak etxekoen ondora, eta parean iritsi dira azken berrehun metroetara. Bertan urrezko puntu bat zegoen jokoan; Hibaika atzean gelditu da, hamar segundo baino gehiagora, eta puntu bakarra ez, bi puntu ere murrizteko aukera zeukan Cabok sailkapen nagusian. Hala ere, ezin izan du helburu hori lortu. Olatua hartu du etxeko taldeak, eta, azkenerako, Hondarribia bi segundo lehenago iritsi da amaierako esprintean. Hibaikak ez du bere egun onena izan, eta ia hamabi segundora helmugaratu da. Tiran ere urruti gelditu da; 30 segundo galdu ditu helmugan, txandakideen aldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.