Ohikoa duen irribarrearekin agertu da Sanni Franssi Realeko jokalaria elkarrizketarako (Vaasa, Finlandia, 1995). Gustura dago Donostian, eta gero eta garrantzi handiagoa du, bai zelaian, bai handik kanpo. Kapitainetako bat da. Biharko derbiari begira, baikor da. Real Madrilen aurka Kopan jokatu aurretik egina dago elkarrizketa.
Nola dago taldea aurreko asteburuko porrot mingarriaren ostean? Izan ere, kontrolatua zenuten neurketa batek ihes egin zizuen Deportivoren kontra, epaileak Elene Leteri txartel gorria erakutsi eta gero.
Ondo. Emaitza gogorra izan zen. Baina ezin dugu atzera begira geratu, hori ezin baitugu aldatu. Gainera, uste dut emaitza alde batera utzita gauza on asko egon zirela. Batetik, lehen zatian txinpartatsu jokatu genuen, ziurtasunez: denbora asko egin genuen Deportivoren zelaian, eta ez ziguten gol aukerarik sortu. Kontrolpean izan genuen partida. Bestalde, bigarren zatian, jokalari bat gutxiago genuela, taldearen jarrera oso ona izan zen. Dena eman genuen berdintzeko, eta gertu izan genuen puntu bat lortzea. Ondo eta prest gaude igandeko derbirako, bai mentalki, bai fisikoki.
Zer-nolako partida espero duzu?
Parekatua eta lehiatua, derbiak halakoak baitira beti, eta bi taldeak sailkapenaren goialdean berdinduta baikaude. Gakoa gure jokoa ezartzea izango da. Guri jokoa lantzea gustatzen zaigu; Athleticek, berriz zuzenago jokatzen du. Baloia izan behar dugu, eta gero min egin. Izan ere, alferrik da jabetza izatea, gero horretarako gai ez bazara. Jose Luisek [Sanchez Vera] behin eta berriz azpimarratzen digu. Bestalde, uste dut, Anoetan bezala, markagailuan aurretik jartzen den taldeak asko izango duela irabazia.
Zer itxura hartzen diozu Athletici aurtengo denboraldian?
Denboraldi ona osatzen ari dira, eta horregatik daude haiek ere goian. Zelai erditik aurrera oso jokalari bizkorrak dituzte, eta kontraerasoan min handia egiten dute.
Lehen minutuetan oso adi irten beharko duzue, gol asko sartu baitizkizuete. Aztertu duzue zergatik ari zaizuen gertatzen hori?
Bai, aztertu dugu, argi baitago arazo bat dugula. Hori nola konpondu da kontua. Jakingo bagenu, jada konponduta egongo litzateke. Partida aurreko beroketako gauzak ere aztertu ditu entrenatzaile multzoak, hor ere zerbait aldatu edo hobetu behar den ikusteko. Gainera, teknikoki eta taktikoki taldea ondo dago. Nik uste gehiago dela gauza mental bat. Lantzen ari gara, bai bakarka eta bai talde moduan, eta Deportivoren aurka ez zitzaigun hori gertatu. Ea hala jarraitzen dugun.
Aurreko denboraldian Lezaman jokatu zen partida. Oraingo honetan, San Mamesen. Zuk non nahiago zenuen jokatu?
Nik uste dut halako partidak beti jokatu behar direla estadio handietan. Izugarri disfrutatzen dut. Gainera, San Mamesen jokatutako azken aldiaren oroitzapen ona daukat, irabazi egin genuelako.
Gustura zaudete orain arte egin duzuen lanarekin?
Uste dut emaitzak oso onak izan direla. Partida zailetan eta agian merezi ez genuenetan, puntuak lortu ditugu, eta hori oso garrantzitsua da. Ondo ari gara lehiatzen. Emaitzei erreparatuta, gauzak ondo doaz. Jokoari dagokionez, badugu zer hobetua. Hala izatea ederra da, egunerokoan pizgarri eta oinarri baita hobetzeko nahi eta grina hori.
Zertan hobetu behar duzue?
Uste dut oinarri sendo batzuk ezarri ditugula gure jokatzeko eran: baloia izatea gustatzen zaigu, eta hortik abiatuta izan nahi dugu kontrolpean partida. Oinarria hori da, eta aurkariari egiten diogun presioa. Orain zera egin behar dugu, detaile txiki batzuk findu. Hori eginez gero, salto handia emango dugu.
«Oinarri sendo batzuk ezarri ditugu gure jokatzeko eran, eta, detaile txiki batzuk finduz gero, salto handia emango dugu»
Zer moduz Jose Luis Sanchez Verarekin?
Argi dago Natalia [Arroyo] eta hura diferenteak direla, eta egunerokoan lan egiteko gauza batzuk aldatu egin dira, horrenbestez. Baina ohitu gara. Jose oso entrenatzaile exijentea eta bizia da, eta argi esaten du zer nahi duen. Alde horretatik, oso zuzena da. Natalia lasaiagoa zen. Jokoari dagokionez, oinarria berdina da. Baina Josek zelai erditik aurrera zuzenago jokatzea nahi du.
Pozik zaude denboraldi honetan nola aritu zaren ikusita?
Aurreko sasoiarekin alderatuz, denboraldia ez da hain ona izaten ari. Hura bikaina izan zen. Gainera, nire ohiko postutik kanpo jokatu nuen. Orduan neukan txinparta falta zait. Baina normala da. Zaila da denboraldi guztietan bete-betean aritzea. Dena den, lanean ari naiz txinparta hori berreskuratzeko. Gainera, nire ustez, norbanakoaren gainetik taldea dago. Taldea ondo ari denez, ni lasai nago.
Ekainean amaituko zaizu kontratua. Zure etorkizunaren inguruan erabakirik hartu al duzu?
Bizitzan ez ezik, futbolean ere egunean egunekoa bizitzea gustatzen zait. Oraindik hilabete batzuk falta dira ekainerako, eta arreta eguneroko horretan daukat jarrita. Ez dut hurrengo entrenamendutik edo partidatik harago pentsatzen. Baina ez dut zalantzarik: etxetik urrun egon arren, etxean sentitzen naiz. Izugarri gustura nago hemen. Klubak, taldekideek, zaleek... izugarri maite naute. Leku askotan jokatu dut, baina hemengo zaleak bezalakorik ez dago. Ez dut esateagatik esaten. Gainera, kluba apustu handia egiten ari da emakumeen futbolaren alde.
«Oso maitatua sentitzen naiz hemen. Leku askotan jokatu dut, baina hemengo zaleak bezalakorik ez dago»
Hirugarren postuan amaitu eta Europarako sailkatzeak lagunduko luke zu hemen geratzeko? Hori lortzea posible ikusten duzu?
Nik uste dut posible dela hirugarren amaitzea. Baina ez dugu horretan pentsatu behar. Urratsez urrats joan behar dugu. Ilusio eta nahi hori dugu, baina ez diogu geure buruari zama hori jarri behar. Azken batean, Realak behin bakarrik lortu du balentria hori. Zama Atletico Madrilek izan beharko luke, sarriago lortu baitu. Baina argi izan horretarako borrokatuko garela.