Hirugarren ekitaldia ere prest dute

Asteburuan abiatuko da III. Berria Txapelketa Andoainen, eta ekainaren 24an izango dira finalak. Goi mailako lau bikote arituko dira

Emakumezkoen Berria Txapelketaren aurkezpena, atzo, Martin Ugalde kultur parkean. JON URBE / FOKU.
jon eskudero
2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Aurreko bi ekitaldien arrakasta ikusirik, abiatzeko prest dago berriz ere Berria Txapelketa. Gizonezkoen arteko lehia hasi zela badira jada bi hilabete eta erdi, eta emakumeen artekoak asteburu honetan emango du lehen pausoa. Besteak beste, atzo egin zuten txapelketaren aurkezpen ekitaldia, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa), eta lehiaren nondik norakoak azaldu zituzten antolatzaileek. Estreinakoz, izen emate irekia egin dute aurten, baina aurreko ekitaldietako formatu bera izango du txapelketak. Zehazki, bi finalerdi jokatu dira lehenik, eta bi bikote irabazleek ekainaren 24an neurtuko dituzte indarrak finalean, Andoainen bertan, San Joan jaien egitarauaren barruan. Beste behin, goi mailako pilotariak bilduko ditu Berria Txapelketak.

Hain zuzen, larunbat honetan jokatuko da lehenengo finalerdia, Andoaingo Arrate pilotalekuan, 11:15ean. Bi bikote on lehiatuko dira: Arrillaga-Mendizabal eta Garai-Oses. Bigarren finalerdia ekainaren 11n izango da, baina oraindik ez dute zehaztu non. Kantxan izango dira Larrarte-Erasun eta Etxegarai-Capellan. «Bistan denez, txapelketa guztietan aurreko lerroan ibiltzen diren pilotariak izango ditugu. Bikoteak orekatzea izan dugu helburu, eta txapela irabazteko ez dago faborito garbirik. Lehiaketa polita izango da», esan zuen Nora Mendizabalek, parte hartuko duten pilotarietako batek eta, era berean, antolatzaileak. Sarien berri ere eman zuten. Bikote irabazleak garaikurrak, pilotarako materiala eta 200 euro batuko ditu. Bikote txapeldunordeak garaikurrak, materiala eta 150na euro. Finalerdia galtzen dutenek, berriz, 100 euro irabaziko dituzte.

Besteak beste, Mendizabalek ongi baino hobeki daki zer den Berria Txapelketa irabaztea, orain arteko bi ekitaldietan lortu baitu podiumaren goreneraino igotzea. Duela bi urte Arrate Bergararekin jantzi zuen txapela, eta iaz Olatz Arrizabalagarekin. «Esperientzia politak bizi izan ditut txapelketa honetan. Urte sasoi honetan maila politean egon ohi naiz, eta ilusioa egiten dit lehiaketa hau irabazteak. Iaz ere jendetza batu zen finalerdietan zein finalean, eta guretzat hori da garrantzitsuena. Harmailak beteta izanez gero, gusturago aritzen gara pilotan». Lehia estua espero du. «Txapelketan izena eman duten pilotari guztiek ilusio berezia dute parte hartzeko; pentsa, Capellan bera Errioxatik etorriko da. Horregatik, garesti salduko da garaipena».

Bikoteak aztertuta, Mendizabalek lagun berria izango du aurten: Arrillaga. Biak atzelariak izaki, egokitu egin beharko dute jokatzeko beste modu batera. «Bost atzelarik eman genuen izena, eta hiru aurrelarik. Ondorioz, Arrillagak aurrelari gisa jokatuko du, eta saiatu beharko dugu tantoak luzatzen. Ea zer moduz moldatzen garen». Ez dute partida erraza izango Garai eta Osesen aurka. «Oses bolada itzela bizitzen ari da, eta denok dakigu Garai zer-nolako artista den tantoa bukatzen. Partida polita izango da». Beste finalerdian ez du faboritorik ikusten Mendizabalek. «Larrarte eta Erasun aspaldiko lagunak dira, eta baliteke konplizitate hori kantxan islatzea. Halere, zail izango dituzte gauzak Etxegarai eta Capellanen kontra». Mendizabalen esanetan, pilotari bakoitza sasoiko dagoen eta haren eskuak nola dauden, horrek guztiak zerikusi handia izango du.

Ilunpe eta Tolosa

Gizonezkoei dagokienez, joan den asteburuan jokatu dira final-zortzirenetako azken kanporaketak, eta Azpeitiko Ilunpek eta Tolosak lortu dituzte hurrengo faserako sailkapenak. Ilunperen kasuan, 2-1 nagusitu zen Markinaren kontra. Kadeteetan 22-15 nagusitu ziren Azkue eta Artetxe Egurrola-Zearraren kontra. Gazte mailan ere Labaka eta Egiguren azpeitiarrek 22-9 menderatu zituzten Alvarez eta Calvo. Nagusietan aski zuen Ilunpek bi tanto egitea, baina 14-0 aurretik joan ziren markinarrak. Azkenean 6-22 amaitu zen lehia, Markinako Agirreamalloa eta Pujanaren alde, Ilunpeko A. Egiguren eta Labakaren kontra.

Beste kanporaketan ere nagusien arteko partidak erabaki zuen guztia. Aurrez aurre aritu ziren Tolosa eta Zornotzako Lagun Onak, eta merezita eskuratu zuten sailkapena gipuzkoarrek. Kadete mailan Tolosako Insausti eta Castrok 22 eta 6 irabazi zieten Lagun Onak-eko Torralba eta Diazi. Gazteetan beste aldera egin zuen txanponak, bizkaitarrak nagusitu baitziren. 19-22 irabazi zuten Alonsok eta Bullonek Iraeta eta Garciaren kontra. Hala, nagusien esku zegoen guztia, eta iazko txapeldunordeek ez zuten hutsik egin. Altunak eta Aizpuruk 22-7 menderatu zituzten Prieto eta Arrien. Hala,Ilunpe eta Tolosa elkarren kontra ariko dira final-laurdenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.