Hirugarren aldia, bereziena

Emakume Master Cupeko Binakako Masterraren pilota mistoko finala jokatuko dute bihar, Irunen: Arrizabalaga-Gaminde, Aldai-Capellanen aurka. Ez da izango edukiera mugarik

Andrea Capellan, Amaia Aldai, Enara Gaminde eta Olatz Arrizabalaga, Uranzun, finalaren aurkezpenean. EMAKUME MASTER CUP.
Julen Etxeberria.
Irun
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Berezia izango da bihar eguerdian Irungo (Gipuzkoa) Uranzu pilotalekuan jokatuko duten Emakume Master Cupeko Laboral Kutxa Binakako Masterraren pilota mistoko finala. Uranzuk hirugarren aldiz hartuko du finala, baina ez du antzik izango aurreko biekin. Ez dute jokatuko duela bi urte bezala, ikusleen kopurua mugatuta, eta are gutxiago, iaz bezala, ateak itxita, eta erabateko isiltasunean. Lehengo moduan jokatuko dute finala, koronabirusak dena hankaz gora jarri aurretik egiten zen moduan: harmaila ahalik eta gehien beteta, eta festa giroan.

Hain zuzen, festa bat izatea nahi dute antolatzaileek, baita emakumezkoen kirolari beste bultzada bat emateko aukera ere. Horregatik egin dute Uranzura joateko deia. Debalde izango da sarrera, frontoiaren benetako mugara iritsi arte: 727 ikusle. 12:00etan hasiko dira. Joan ezin denak telebistaz ikusi ahal izango du, ETB1ek zuzenean emango baitu.

Finalak osagai guztiak ditu ederra izateko. Egungo aurrelari onenetako bi ariko dira: Olatz Arrizabalaga (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1997) eta Amaia Aldai (Dima, Bizkaia, 2000). Eskarmentu handiko bi pilotari horiek gora eta gora ari diren bi gazte izango dituzte atzelari lanetan: Arrizabalagak, Enara Gaminde (Laukiz, Bizkaia, 2007), eta Aldaik, Andrea Capellan (Santo Domingo de la Calzada, Errioxa, 2006).

Arrizabalaga-Gaminde dira faboritoak. Hiru partida jokatu dituzte, eta hirurak irabazi; tartean, elkarren artekoa: 22-16, Eibarren (Gipuzkoa), Astelenan. «Bikoteen berri eman zutenean, argi izan nuen guk izango genuela presio osoa. Ez da erraza presiopean jokatzea, baina ondo eraman dugu. Erakutsi dugu zergatik garen faboritoak. Txapelketa oso ona egin dugu, eta, orain, lana biribildu nahi dugu. Azkeneko bi finalak galdu ditut, eta badut gogoa behingoz txapela lortzeko», azaldu du Arrizabalagak.

Gamindek, berriz, estreinakoa du binaka: «Oso pozik nago. Txapelketa biribila egin dugu, eta oso gustura aritu naiz Olatzekin. Txapela irabazi nahi dugu. Baina Amaia eta Andrea bikote gogorra dira. Gogotik lan egin beharko dugu irabazi nahi badugu».

Estrategia berbera

Aldaik ere argi du aurkariak direla faborito: «Hasieratik oso argi izan nuen haiek zirela bikoterik indartsuena, eta guri irabazita erakutsi zuten. Baina Andrea eta biok oso gogotsu gaude. Ez gara haiek bezain ikusgarriak, baina gogorrak gara. Lanak ematen saiatuko gara. Finaletan zeresan handia izan ohi dute nerbioek».

Hain zuzen, Capellanek tentsioari erreparatu dio: «Sekulako gogoa dut jokatzeko, baina oso urduri ere banago. Hori eramaten jakin behar dut. Aurkari zailak dira, baina ez dago ezinezkorik».

Ez dago sekreturik. Lau pilotariek ez dute ezkutatu beren estrategia: aurkarien aurrelaria saihestea eta atzelaria kargatzea. Ondoen egiten duenak irabaziko du.

Finala hasi aurretik, hirugarren eta laugarren posturako neurketa jokatuko da: Leire Garai eta Ane Mendiburu Maddi Barrokal eta Itsaso Erasunen aurka ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.