Eibarrek ligako lehen neurketa jokatuko du gaur Santanderren (Espainia), Racingen aurka, (19:00, Movistar La Liga). Argia da denboraldiko helburua: Lehen Mailara igotzea. Aurreko bi sasoietan gertu izan du, eta berriro saiatuko da. Hirugarren ahalegina balekoa izatea nahi du.
Horretarako, aldaketa asko egin ditu; entrenatzailearengandik hasita. Aurreko sasoia bukatu zenean, Gaizka Garitanok Eibarko entrenatzaile izateari utzi zion, eta Joseba Etxeberriak haren lekua hartu zuen. Aurkezpenean, «ilusio handia» eta jokalarienganako «konfiantza osoa» azaldu zuen Joseba Etxeberriak. Garitanoren lana ere goraipatu zuen.
Entrenatzaile berriak adierazi du ez dela «kasualitatea» Eibar azken bi denboraldietan Lehen Mailara igotzear egon izana. Bi aldi horietan, maila nagusira igotzeko lehen kanporaketa galdu zuten eibartarrek. Gainera, horietako aldi bakoitzean, ondoren igotzea lortu zuen taldeak kanporatu zuen Eibar: 2021-2022ko denboraldian, Gironak, eta 2022-2023ko sasoian, Alavesek.
Liga hasierarako taldea erritmoa hartuz joateko, denboraldiaurrean bost lagunarteko jokatu ditu Joseba Etxeberriaren taldeak. Horietatik bi irabazi ditu, bi berdindu, eta bat galdu. Real Unioni 1-0 irabazi zion, eta Barakaldori, 3-0; Athleticekin bana berdindu zuen, eta gaurko aurkariarekin, hutsean; Amorebietaren aurka, berriz, 1-2 galdu zuen. Etxeberriarentzat, denboraldiaurre «emankorra» izan da, eta taldea «ongi» lehiatu da.
Jokalariak joan eta etorri
Aulkian ez ezik, jokalarien artean ere aldaketa dezente egon da. Bost jokalari iritsi dira: Cristian Gutierrez ezker hegaleko jokalaria, Mario Soriano erdilaria, Francisco Feuillassier aurrelaria, Konrad de la Fuente aurrelaria eta Unai Vencedor erdilaria. Horietatik Cristian Gutierrez bakarrik fitxatu du Eibarrek, 2027ra arte. Feuillassier Cartagenan utzita aritu zen aurreko sasoian, eta itzuli egin da. Soriano, De la Fuente eta Vencedor, berriz, utzita ariko dira Eibarren sasoi honetan. Gainera, Ager Aketxe erdilariari beste denboraldi baterako luzatu dio kontratua, eta Amorebietan utzita egon ondoren itzuli den Jorge Yriarte erdilariari, beste hiru sasoirako.
Aldiz, zazpi jokalarik utzi dute taldea: Ander Cantero atezaina akordio batera iritsi da klubarekin kontratua eteteko, eta Racing Ferrolera joan da. Sergio Cubero atzelaria ere hara joan da, bainautzita jokatuko du. Aurreko sasoian utzita aritu zen Oscar Sielva erdilaria, eta Huescak fitxatu du. Peru Nolaskoain erdilaria eta Imanol Garcia de Albeniz atzelariak, berriz, Athleticera itzuli dira Eibarren utzita aritu eta gero. Daniel Lasure atzelaria eta Javier Muñoz erdilaria libre joan dira: Lasure, Amorebietara, eta Muñoz, Las Palmasera.
Gaurko neurketa 17:00etan hastekoa zen, baina eguraldi beroa dela-eta, 19:00etara atzeratu dute. Racing duela bi denboraldi igo zen Espainiako Bigarren Mailara, eta aurreko sasoian hamabigarren postuan amaitu zuen. Ustez, Racing ez da Eibarren aurkari zuzena mailaz igotzeko lehian. Hala ere, azti ibili beharko dute eibartarrek.
Hirugarren ahaleginean bai?
Eibarrek Lehen Mailara igo nahi du, eta, hori lortzeko, aldaketak egin ditu: nagusia, entrenatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu