Ez dakit kasualitatea den», hasi du hausnarketa Leire Landak. «Baina, ez, ez; ez da», ondorioztatu du, azkar, Marta Unzuek. Euskal jokalariak eta Bartzelona lotzen ari dira biak. Lehen Mailako azken urteotako talderik indartsuenean hiru euskal jokalari elkartu dira denboraldi honetan: Landa, Unzue eta Ane Bergara. «Eta aurretik Bartzelonan jokatutakoak dira Laura Gomez eta Eli Sarasola ere», zehaztu du Unzuek berak.
Bergararentzat da berriena esperientzia, denboraldi honetan iritsi delako taldera. «Udan Realetik aterata, beldur pixka bat baneukan, ligako lau titulu irabazita dauzkalako Bartzelonak eta urtero Txapeldunen Liga jokatzen ari delako». Baina beratarrak azkar uxatu ditu zalantzak. Hasieratik jokatzen ari da gehienean. «Eta oso gustura nago taldekideekin. Oso esperientzia ona izaten ari da». Ondo ezagutzen du hiria, 2005etik 2011ra Espanyolen jokatu zuelako. «Hiria ez da asko aldatu, baina klubaren eta Espainiako selekzioaren bidaiak kontuan hartuta, oraindik ez dut igaro denbora askorik hirian, eta nahiko ezberdina izaten ari da dena».
Joan den astean Sportingen aurka azken unean gola sartu eta partida berdindu bazieten ere—1-1 amaitu zen partida—, sailkapenean goi-goian ageri da Bartzelona, hirugarren postuan, 20 punturekin, Athletic eta Atletico Madrilengandik bi puntu eskasera—igandean 0-10 irabazi zion Albaceteri—. «Baina iritsi nintzenean askoz talde apalagoa zen hau». 2006an fitxatu zuen Bartzelonak Unzue. «Eta gogoan daukat garai hartan entrenamenduak ere ez genituela egiten klubaren kirol hirian». Ondoko instalazio batzuetan egiten zuten prestaketa. «Eta 20:15ean hasi eta 22:30 aldera amaitzen genuen».
Denboraldi hartan bertan maila galdu zuen taldeak. «Baina klubak gero eta apustu serioagoa egin du emakumezkoen futbolaren alde, eta, maila berreskuratuta, gero eta hobeto jokatzen eta tituluak eskuratzen hasi ginen». Taldeko kapitainaren besokoa jantzita, ligako lau titulu eta kopako hiru dauzka pilatuta nafarrak. «Zazpi titulu dauzkat, baina Txapeldunen Liga irabaztea eta Espainiako selekzioarekin jokatzea falta zait oraindik». Argirik gabe entrenatzen hasi, eta tituluen borrokan sartu da azkenerako taldea. Aldaketaren erakusgarri, kirol hirian bertan gosaltzen eta bazkaltzen dute orain jokalariek, elkarrekin.
Bartzelona klub erraldoiaren hiru zaintzaile finak dira Bergara, Unzue eta Landa. Atzelariak dira hirurak, eta dotore ari dira betetzen euren eginbehar nagusia, lehen zortzi partidetan bost gol besterik ez dutelako jaso kataluniarrek. Atletico Madrilek (3) eta Athleticek (4) soilik jaso dute gol gutxiago. «Guretzat saria da Bartzelonaren gisako talde batean jokatzea». Belauneko lesio larriarekin iritsi zen iaz Landa Kataluniako hiriburura. «Eta buruarentzat oso zaila da hori. Gogorra izan zen egokitzea». «Kexati samarra da izatez, eta...». Bergarak eta Unzuek barrez zirikatu dute irundarra. «Baina denboraldi honetan, jada, hasieratik ari naiz taldearekin lanean, eta desberdina izaten ari da dena. Futbolarekin gozatzen ari naiz berriz». Gazte-gaztetako gaixotasun larriari lesioak gehituta igaro behar izan duen guztiarekin, ez da gutxi.
Bi denboralditarako kontratua dauka Landak Bartzelonarekin. «Nahiz eta ikusiko dugun nola erantzuten dudan». Eta bakarra daukate hitzartuta Bergarak eta Unzuek. Baina klubaren urrutira begirako asmoekin bat egin nahiko lukete hirurek. «Sei bat urte barru Txapeldunen Liga irabazi nahi du klubak», hasi du azalpena Bergarak. «Baina pausoz pauso joan beharra daukagu».
Txapeldunen Liga, pizgarri
Biik Kazygurt Kazakhstango taldea kanporatu ondoren —1-1 etxetik kanpo eta 4-1 Bartzelonan—, Europan Twente da hurrengo pausoa. Bihar jokatuko dute joanekoa, Herbehereetan (19:00, www.fcbarcelona.es eta Barça TV), eta astebete barru itzulikoa, Bartzelonan. «Chelsea eta Twente ziren zozketan nahi ez genituen bi taldeak». Eta, gehienetan gertatzen den moduan, nahi ez zen hura egokitu zitzaien, azkenean. Unzuek gogoratu du Bayern Munich Alemaniako egungo txapelduna «eta faborito argia» kanporatu zuela Twentek aurreko kanporaketan —1-1 etxean eta 2-2 kanpoan—. «Oso zaila izango da, baina, zerrendaburu ginenez, gu izango gara faboritoak. Garrantzitsua izango da etxetik kanpo gutxienez gol bat sartzea».
Txapeldunen Ligaz hizketan hasitakoan, ahotsa aldatu zaio Landari. «Niretzat oso berezia izan zen lehiaketa nagusiko lehen partida. Sentsazio desberdina da Europako jokalaririk onenen aurka jokatzea». Ligak eskatzen duen erregulartasunetik urrun, «180 minutuko kanporaketak» izaten dira Txapeldunen Ligan. «Eta oso-oso politak dira». Kapitainaren antzera, Twente «talde arriskutsua» dela azpimarratu du irundarrak ere. «Baina inor baino gutxiago ez garela pentsatu behar dugu».
Bergarak aurretik ere bazekien zer zen Txapeldunen Ligan aritzea. «Espanyolekin jokatu nuen, baina desberdina zen egitura. Ez zeukan gaur egungo Txapeldunen Ligaren mailarik». Ordukoari gaur egungoa gehituta, Europan barrena ibiltzea «oso esperientzia polita» dela onartu du beratarrak. «Espainiako selekzioarekin jokatuta nengoen, baina oso berezia da zeure taldearekin bidaiatzea eta jokatzea».
Euskal Herritik kilometro askora dauden arren, hirurak zeharka zaintzen ari dira Athletic, Reala eta Oiartzunen lana. «Athletic beti ibiltzen da sailkapenean goi-goian. Entrenatzailea aldatu dute, gainera, eta horrek ilusio berezia sortzen du beti», hasi du hausnarketa Bergarak. «Jokalariei koska bat gora egiten laguntzen die aldaketak», gehitu du Landak. Bartzelonako kapitainari, berriz, bihotza samurtu zaio zuri-gorriekin. «Athleticen filosofiak sari handiagoa merezi du; azken denboraldiotan gurekin lehian ibili dira, finalak jokatuz, eta guk irabazi ditugu gehienak».
Reala hizketagai hartuta, neurri batean «harrituta» daude Bartzelonako hiru euskal jokalariak. Bergarak ondo ezagutzen ditu taldekide izan zituenak. «Talde gaztea osatu dute, oso lehiakorra, eta entrenatzaile berria fitxatu dute. Orain arteko aurkariak ez dira izan indartsuegiak ere, baina ezustekoa izan zen Valentziari irabazi izana. Oso pozik nago eurak hain indartsu ikusita».
Oiartzunek, berriz, «meritu handia» daukala uste dute hirurek. «Zaila izango da denboraldia», adierazi du Unzuek. «Baina euskal izaera berezi hori aterako dute momenturik zailenetan, eta mailari eutsiko diotela uste dut». Landak onartu du «gol zaparradak jasotzeko arriskua» daukatela gipuzkoarrek. «Eta jasotzen ari dira. Baina partida onak jokatu dituzte etxean, eta ilusio handiarekin daude. Denboraldi ona egingo dute; ziur nago». Bergarak itxi du zirkulua. «Goraipatzekoa da Oiartzunen lana. Oso pozgarria da daukan aurrekontuarekin Lehen Mailan lehiatzea. Jokalari onak dauzka, eta ea azkenean mailari eusteko gai den».
Ligan eta Kopan, «titulua»
Gainerakoen lanari begira egon gabe, hori bai, Bartzelonak «denboraldi ona egiteko aukera» daukala uste dute hiru atzelariek. Kapitainak egin du azterketarik zehatzena. «Liga irabaztea da helburu nagusia, hurrengo denboraldian Txapeldunen Liga jokatzeko aukera ematen duelako horrek». Baina Kopari keinua egin dio segidan. «Asko gustatzen zait lehiaketa hori, eta aurreko denboralditik arantza barruraino sartuta daukagu, ez genuelako lortu finalean sartzerik». Txapeldunen Liga, berriz, «presiorik gabeko lehiaketa» izango da. «Klubak apustu handia egin du, baina helburuak pixkanaka bete behar ditugu». Landak, hala ere, ez dio aterik itxi balentria handiren bati. «Zergatik ez? Hurrengo zozketen baimenarekin, ea urrutira iristeko gai garen».
Soziologia eta katalana ikasten ari da Landa; katalan klaseak jasotzeaz gain, haur bati ikasketekin laguntzen ari da Bergara; eta GHIN, gradu ondoko bi ikastaro, eta master bat egin ondoren, ingelesa eta alemana ikasten ari da Unzue. Espainiako Ligako talderik indartsueneko futbolariak dira, Europan barrena gozatua hartzen ari dira... «Baina etorkizunerako bidea egin beharra daukagu». Profesional izatetik urrun dagoelako, oraindik ere, emakumezkoen futbola. Horregatik betetzen dute barrua irribarre txikiekin. «Anek eta biok euskaraz hitz egiten dugu elkarrekin, eta lehengoan, partida batean, nirekin euskaraz ari zela euskaraz hitz egin zion beste taldekide bati ere. 'Ane, euskaraz ez; horri ez!' esan nion, barrez. Eta 'ai ama, egia!' erantzun zidan». Diru kontuetatik urrun, giro ona, naturaltasuna, bizipoza... hori ere badelako futbola.
Hiru zaintzailerik finenak
Azken urteotan Lehen Mailako talderik indartsuena izan denak, Bartzelonak, hiru euskal jokalari elkartu ditu atzealdean. 2006an iritsi zen Marta Unzue, 2014an eman zuen pausoa Leire Landak, eta aurten Ane Bergarak. Txapeldunen Ligako partida jokatuko dute bihar, Twenteren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu