Nork ozenago kantatuko dabiltza Wout van Aert (Herentals, Flandria, 1994), Mathieu van der Poel (Kapellen, Flandria, 1995) eta Tom Pidcock (Leeds, Ingalaterra, 1999). Ziklo-kroseko hiru tenorrak dira, eta haien doinuak zaleak gozarazi ditu Eguberri garaian. Van Aert eta Van der Poelen melodiak ondo ezagunak dira. Urteak daramatzate lokatzetan distira egiten. Elkarren arteko lehiak beste maila batera eraman du ziklo-krosa. Pidcock iaz hasi zen ahotsa goratzen, Munduko Txapelketa irabazita, eta Van Aert eta Van der Poel piztien pare aritu dira azken lasterketetan. Bost aldiz aritu dira buruz buru zazpi egun eskasean, eta ikuskizun aparta eskaini dute. Van Aertek abestu du indarrik handienaz: bost probetatik lau irabazi ditu. Apalago aritu da Van der Poel, garaipen bakarra lortu baitu. Pidcockek ez du irabazi, baina lau aldiz igo da podiumera.
Aurrenekoz abenduaren 4an neurtu zituzten indarrak, Anberesen (Flandria) jokatu zen Munduko Kopako proban. Van der Poel izan zen indartsuena, Van Aerten aurretik. Pidcock urrun gelditu zen, zortzigarren postuan. Haatik, hirurek lehia bizia izan dute azken aste eta erdian. Abenduaren 23an, indar erakustaldia egin zuen Van Aertek. Erori egin zen hirugarren itzulian, baina, bizikleta gainera azkar igo, eta Van der Poel atzean utzi zuen bi itzuliren faltan. Pidcock hirugarren helmugaratu zen. Hiru egun geroago, Van der Poelek mendekua hartu zuen Gaveren (Flandria), Munduko Kopako proban: 27 segundo atera zizkion Van Aerti, eta 54 Pidcocki. Bigarrenez jarraian, hiru izarrek osatu zuten podiuma.
Aitzitik, Zolderren (Flandrian) laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen Pidcockek. Zirkuitua ez zen aproposa harentzat. Indar betean aritu ziren, aldiz, Van Aert eta Van der Poel. Oso borroka estua izan zuten bukaerara arte, eta Van der Poelek azken itzulian egindako huts tekniko batek erabaki zuen, Van Aerten alde. Abenduaren 27an izan zen hori, eta biharamunean, Diegemen (Flandria), parez pare aritu ziren Van Aert eta Pidcock. Izugarri ondo aritu zen britainiarra, baina bigarren izan zen azkenean. Van der Poelek indar gehiegi xahutu zuen, eta hustuta gelditu zen azken itzulian.
Loenhouten (Flandria) jokatu zen urteko azkeneko lasterketa, abenduaren 30ean, eta bukaera zirraragarria eduki zuen. Azken metroetara elkarrekin iritsi zen hirukotea, eta esprintean, Van Aert gailendu zen. Hartara, flandriarrak hiru garaipen kateatu zituen hiru egun eskasean. Ikusteko dago hiruretako nor nagusitzen den gaur, Herentalseko zirkuituan. Hiru tenorrek hilaren 22an eskainiko dute azken emanaldia, Benidormen (Herrialde Katalanak), Munduko Kopari dagokion lasterketan. Pidcock ez da ariko Munduko Txapelketan; bai, ordea, Van Aert eta Van der Poel. Otsailaren 5ean jokatuko da, Hoogerheiden (Herbehereak).
Errepidean ere ikusgarri
Ortzadar maillota laugarrenez irabazten saiatuko dira flandriarra eta herbeheretarra. Gauzak oso estu izango dira bien artean. Orain arteko emaitzak kontuan harturik, koska bat gorago legoke Van Aert. Guztira zazpi lasterketatan hartu du parte, eta bost irabazi ditu. Iaz ere egurrean aritu zen, hamar probatan bederatzi garaipen erdietsita. Alabaina, uko egin zion Munduko Kopari, errepideko sasoia buru-belarri prestatzeko.
Van der Poelek ere ez zuen parte hartu. Herbeheretarrak lesioa zuen bizkarrean, eta bi probatan besterik ez zen lehiatu lokatz sasoian. Denboraldi honetan, berriz, bederatzi lasterketatan aritu da, eta hiru garaipen erdietsi ditu. Ez dago gaizki, baina hutsaren hurrena da Van der Poelek behinola lortutako emaitzekin alderatuz gero. Duela lau urte jo zuen goia: 32 garaipen lortu zituen. Arreta osoa ziklo-krosean zuen.
Herbeheretarra bezala, modalitate ezberdinetan aritu zalea da Pidcock. Gaur egun, olinpiar txapelduna da mendiko bizikletan, eta munduko txapelduna ziklo-krosean. Lokatzetan bi garaipen lortu ditu sasoi honetan. Hirugarrena patrikaratzeko aukera aproposa izan zuen herenegun, Van Aert eta Van der Poel etxean zirelako, baina erori egin zen.
Errepidean ere, urte txundigarria osatu zuten hirurek. Van Aertek hamar aldiz altxatu zituen besoak, eta erakustaldi gogoangarriak egin zituen Frantziako Tourrean. Van der Poelek, berriz, bigarrenez irabazi zuen Flandriako Tourra, eta maglia arrosa jantzi Italiako Giroan. Pidcock, berriz, Alpe d'Huezen irabazteko gauza izan zen. Aurki, bizikletako lokatza garbitu, eta errepidera itzultzeko unea iritsiko zaie. Van Aertek eta Pidcockek Strade Bianchen hasiko dute sasoia; lehenago itzuliko da Van der Poel, Arabiar Emirerrietako Itzulian.
Hiru tenorren tenorea
Urtea erakustaldi handiak eginez bukatu zuten Wout van Aertek, Mathieu van der Poelek eta Tom Pidcockek. Astebetean bost aldiz izan dira aurrez aurre, ziklo-krosaren zaleen gozamenerako. Gaur ariko dira berriz ere nor baino nor gehiago, Herentalsen, Flandrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu