«Talde polita dugu; uste dut edozein zailtasun izanda ere ondo moldatuko garela»
Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzailea
Imanol Alvarezek (Ermua, Bizkaia, 1967) seigarren sasoia du Super Amara Bera Bera entrenatzen, bosgarrena jarraian. Haren aginduetara, Donostiako taldeak garaipen zerrenda ikusgarria lortu du.
Gaur ekingo diozue ligari, etxean Malaga jasoz (18:15, ETB1). Zer moduz zaudete?
Ondo gaude, nahiz eta hiru jokalari dauzkagun min hartuta [Malena Cavo, Sara Gil de la Vega eta Alba Menendez]. Partida asko jokatu ditugu denboraldiaurrean, eta ondo aritu gara. Talde polita osatu dugu. Hasiera gogorra dugu; ondo etorriko zaigu zehazki nola gauden jakiteko.
Buruhauste handia izan da hiru jokalari horiek min hartzea?
Bai, baina halakoak gertatzen dira. Aurreko denboraldian zortea izan genuen, eta ez genuen izan lesio larririk. Aurten, ordea, ez dugu zorte onik izan. Baina jokalari gazteak ditugu, laguntzeko prest daudenak.
Hiru jokalari fitxatu dituzue: Shula Gavilan, Paula Arcos eta Anne Erauskin. Nolako jokalariak dira?
Shula aspaldi nuen begiz joa, Gijonen ari zenetik. Sinetsita nengoen gure talderako oso aproposa zela: oso ondo menperatzen du jokoa; badaki non egon behar duen une oro. Indartsua ere bada, eta horrek mesede egingo digu defentsan, batez ere Europan aritzeko. Oso fitxaketa ona da. Paulak, berriz, oso gaztea izan arren [20 urte], sekulako eskarmentua du: Olinpiar Jokoetan eta munduko eta Europako txapelketetan aritu da. Espainiako selekzioko gazte mailan entrenatu nuen, eta agerikoa zen ezberdina zela. Oso bizi mugitzen da, baloiarekin eta gabe; hiru postutan joka dezake; eta oso ondo moldatzen da defentsan. Eragin handia izango du gure jokoan. Anne, berriz, Ermuan entrenatu nuenetik ezagutzen dut; izugarri hobetu du, batez ere azken hiru urteetan, Zuazon. Indartsua eta bizia da; oso aproposa da gure jokorako.
Ale politak dira, baina blokea da Bera Beraren indarra, ezta?
Dudarik gabe. Jokalari gehienek badakite nola jokatzen dugun; beraz, egiteko nagusia hobetzea da, eta jokamolde ezberdinak lantzea. Bloke sendo bat izateak erraztu egiten du lana.
Zein da helburua?
Lehiaketa guztietan azkeneraino borrokatzea. Europan, ligaxka jokatu nahi dugu, baina kanporaketa bat pasatu behar dugu, eta aurkari zailak daude. Ea zozketan zortea dugun. Ligan, berriz, saiatuko gara titulua lortzeko azkeneraino lehiatzen. Txapeldun izan gara azken hiru urteetan, liga erregularra jokatuz, baina sasoi honetan kanporaketak jokatuko ditugu. Gustatzen zait aldaketa. Beste herrialdeetan hala jokatzen dute, eta arrakasta du. Denboraldi amaiera polita izan dezakegu, talde asko ariko baikara lehian, eta horrek jendea erakarri dezake. Ona izan daiteke eskubaloiarentzat.
Zer itxura hartzen diozu ligari?
Gero eta politagoa da, eta, guretzat, gero eta zailagoa irabazteko. Ro'Casa eta Malaga indartu egin dira; Porriño eta Granollers goian egongo dira; eta Guardes eta Gijon arriskutsuak dira etxean. Gainera, igo diren bi taldeak, Logroño eta Beti Onak, aurreko sasoietan igo zirenak baino hobeak dira. Estu egongo da lehia: hamabi taldeetatik zazpik edo zortzik irabaz diezazukete euren etxean. Baina talde polita dugu; uste dut edozein zailtasun izanda ere ondo moldatuko garela.
Espainiako Kopan eta Superkopan arantza atera nahi duzue?
Ez dakit «arantza» hitza egokia den, baina ulertzen dut jendeak hori pentsatzea, azken hiru urteetan ez baitugu jokatu Kopako finala, eta galdu egin baitugu Superkopakoa. Bai, irabazi nahi ditugu, lehiaketa politak baitira biak.
«Azkeneko bost sasoietako talderik lehiakorrena eta osoena dugu»
Joseba Rodriguez 'Haito' Zuazoko entrenatzailea
Zubileta Evolution Zuazok 11. urtez jarraian ekingo dio maila nagusiko lehiari. Joseba Rodriguez Haito-k (Basauri, Bizkaia, 1980), berriz, bosgarren denboraldia du entrenatzaile lanetan.
Nola dago taldea lehia hasi bezperan?
Behetik gora egin dugu. Hasieran, kosta egin zitzaigun, jokalari berriak ez baitziren berehala egokitu. Oso goiz etorri zitzaigun Bera Beraren aurkako lagunartekoa, eta argitasunez galdu genuen. Hobeto aritu ginen Beti Onak-en aurka, nahiz eta galdu. Ordutik, beste Zuazo bat ikusi da. Jokalariak hobeto moldatzen dira. Oso gustura amaitu dugu sasoiaurrea, jokoz eta erritmoz.
Bost jokalari fitxatu dituzue: Nerea Gil, Sara Moles, Andrea Zaldua, Ane Valero eta Paula Molano. Zer moduzkoak dira?
Gogotsu daude guztiak. Andreak eskarmentu handiagoa du, Bera Beran jokatu baitzuen. Baina beste laurak oso gazteak dira, eta euren berri emateko irrikan dira. Pena da Anek oraindik ez jokatu izana, mina baitu belaunean. Bestela, oso pozik nago. Oso ondo egokitu dira gure jokamoldera. Zuazon joka dezaketela erakutsi dute, eta ziur nago gora egiten lagunduko digutela.
Zer espero duzu haiengandik?
Andrea iaioa da urrutitik jaurtitzen; mesede egingo digu, arlo horretan hankamotz baikinen. Defentsan ere asko lagun gaitzake: garaia da, eta ondo moldatzen da defentsa ezberdinetan. Nereak, berriz, lehen lerroko postu guztietan joka dezake, eta abila da bat-bateko jokaldietan. Aproposa da gure defentsarako ere. Sarak du lanik zailena, Anne Erauskinek utzitako zuloa estaltzera etorri baita. Baina Sarak erakutsi du kalitate handia duela, eta asko duela hobetzeko. Azkenik, Paula eta Ane antzeko egoeran daude. Kukullagatik datoz, Bigarren Mailatik, eta klubaren asmoa da haien garapenean laguntzea.
Erauskin kenduta, bizkarrezurrari eutsi diozue. Albiste ona da hori?
Bai. Denboraldiero hiru jokalari galtzen ditugu. Bosgarren urtea dut nik, eta hiru jokalari baino ez daude lehen urte horretakoak: hamaseitik hiru. Agerikoa da talentua galduz joan garela. Birsortu egin behar izan dugu urtero. Hala ere, ez gara inoiz zulora erori. Sekulako ilusioa dut. Duela bi urte Ainhoak [Hernandez] taldea uztea mugarri izan zen Zuazorentzat, baina ordutik birsortzen jakin dugu. Azkeneko bost denboraldietako talderik lehiakorrena eta osoena dugu. Asmo handiak ditugu: titulurako kanporaketak eta Kopako azkeneko fasea jokatu nahi ditugu. Aurrerapauso bat eman nahi dugu.
Talde askok egin nahi dute hori.
Hala da. Ligak gora egin du, eta taldeak berriro hasi dira atzerritarrak fitxatzen, maila oso onekoak. Goiko taldeak asko indartu dira, eta bi igo berriek dirua dute. Lehia oso estua eta polita egongo da. Inoiz baino argiago dago inor ezin dela lo geratu.
«Jauzi handia dago, baina konfiantza dugu geure jokalariengan»
Miguel Etxeberria Beti Onak-eko entrenatzailea
Ikusgarri aritu zen aurreko denboraldian Gurpea Beti Onak, eta lan bikain horrek sari handia izan zuen: lehen aldiz maila nagusian aritzea. Horretaz gozatzeko irrikan dago Miguel Etxeberria (Iruñea, 1988).
Nola zaudete lehen aldiz Espainiako Ohorezko Mailako ligari ekin bezperan?
Ilusio eta gogo handia dugu. Bost astetan prestatu dugu denboraldia, eta taldea oso ondo entrenatu da. Hasteko irrikan gaude.
Maila nagusiko taldeen aurka jokatu duzue. Maila berrira egokituz joateko balio izan dizue?
Helburu nagusia izan da taldera iritsi diren jokalariak egokituz joatea, baita poliki-poliki sasoia eta erritmoa hartzea ere. Maila nagusiko taldeen aurka jokatu dugu, eta horrek mesede handia egin digu. Gainera, inork ez du min hartu. Beraz, denboraldiaurre biribila izan da. Geure burua neurtzeko gogoa dugu; ea prest gauden eta borrokatzeko gai garen.
Zuazori eta Sportingi irabazi diozue, eta txukun aritu zarete Bera Beraren aurka. Itxuraz, borrokatzeko gai zarete.
Talde guztiok froga asko egiten ditugu denboraldiaurrean. Beraz, ondorioak tentuz hartu behar dira. Baina, Bera Berarekin ez beste, zeina beste maila batean dagoen, nor baino nor gehiago aritu gara beti; pozik gaude egin dugun lanarekin. Aldeak ez dira horren handiak izan. Baina argi geratu zaigu aukeraren bat izan nahi badugu ezin dugula hutsik egin.
Sei jokalari fitxatu dituzue: Patricia Encinas, Graciela Ayelen, Natalia Montilla, Maria Angeles Uriarte, Paula Garcia Locay eta Kassia Janete Jose Cesar. Zer espero duzu haiengandik?
Maila nagusian esperientzia zuten jokalariak nahi genituen, eta sei horiek badute: Encinas Olaiarekin [Luzuriaga] batera ariko da atean; ezberdinak dira biak. Ayelenek eta Montillak kalitatea emango digute; Garciak, berriz, lehen lerroko edozein postutan joka dezake; azkenik, Kassia iaioa da urrutitik jaurtitzen, eta asko lagunduko digu erasoan.
Aurreko denboraldiko bizkarrezurrari eutsi diozue. Hori zen asmoa?
Bai. Oso argi genuen aurreko denboraldian hain lan ona egin zuen taldearen bizkarrezurrari eutsi nahi geniola. Lortu dugu, eta oso pozik gaude. Jokalari gazteak dira, etorkizunean zeresana eman dezaketenak. Oinarria egina dago. Ez gara hutsetik hasi.
Mailari eustea da helburua?
Bai. Hori da helburu nagusia. Baita bidean gozatzea ere. Errespetu pixka bat ematen du halako lehiaketa gogorrean aritzeak, baina ilusioa dugu helduleku.
Ligan zer maila ona dagoen kontuan hartuta, itxaropentsu zarete?
Derrigorrez izan behar dugu itxaropentsu. Jauzi handia dago maila batetik bestera, baina konfiantza dugu geure jokalariengan eta egiten ari garen lanean. Gogor borrokatuko gara helburua lortzeko.