Hiru talde, eta beste horrenbeste helburu

Bihar hasiko da Espainiako Ohorezko Maila, eta hiru euskal talde ariko dira, inoiz baino gehiago.Gernikak gora begira egon nahi du; IDK-k, sufritu gabe mailari eutsi, eta Iraurgik, nola edo hala ez jaitsi

Julen Etxeberria.
2015eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Inoiz baino euskal talde gehiago ariko dira sasoi honetan Espainiako Ohorezko Mailan. Hiru izango dira euskal ordezkariak, aurreko sasoian maila nagusian aritutako Gernika Bizkaiari eta IDK Gipuzkoa EHUri Iraurgi gehitu baitzaie. Aurreneko biek bihar ekingo diote lehiari. Etxean jokatuko dute biek: donostiarrek Zamarat hartuko dute (18:00), eta gernikarrek, Mann Filter (18:30). Azpeiti, Azkoiti eta Zestoako Iraurgi taldeak, berriz, igande eguerdian jokatuko du estreinakoa (12:00). Hura ere zaleen aurrean ariko da, Azpeitiko kiroldegian.

GERNIKA BIZKAIA

Aurrerapausoaeman nahi du

Bigarren denboraldia du maila nagusian Gernikako taldeak. Aurrenekoan, iritsi berria izanagatik, bikain moldatu zen. Titulurako kanporaketak jokatzear egon zen. Azkenean, seigarren izan zen sailkapenean. Denboraldi honetarako helburua, beraz, gutxienez horretara gerturatzea da, eta, ahal izanez gero, aurrerapauso bat ematea.

Mario Lopezek talde eraberritua izango du bere aginduetara. Sei jokalarik utzi dute taldea, tartean lau atzerritar: Maria Markovic, Mirna Mazic, Brittany Miller eta Bernice Mosby. Azken bien hutsunea sumatuko da gehien, estatubatuarrak taldeko saskiratzaile onenak izan baitziren aurreko sasoian. Haien hutsunea estaltzen saiatuko dira haien herrikide Shanasa Sanders eskolta eta Ariel Edwards pibota. Beste bi iritsi berriren laguntza izango dute lan horretan, Gisela Vega pibot argentinarrarena eta Ella Clark hegal-pibot ingelesarena. Claudia Popek eta Rachael Vanderwalek, berriz, taldean segitzen dute, baita etxeko jokalarien multzoak ere: Naiara Diezek, Izaskun Garciak, Maite Mugirak eta Yaiza Lazarok.

IDK GIPUZKOA EHU

Ez du nahi estutasunik

Hirugarren sasoia du maila nagusian Donostiako taldeak, eta aurreko bietan bezala, helburu zehatza du: mailari eustea. Orain bi denboraldi, zortzigarren izan zen, eta aurrekoan, bederatzigarren. Sasoi honetan ere hori da helburua, baina ahal dela ez du estutasunik pasatu nahi.

Azu Muguruzak aurreko denboraldiko taldearen oso antzekoa izango du bere aginduetara. Lenita Sanford pibot estatubatuarrarena da hutsune nagusia aurreko sasoiarekin alderatuta. IDK-k ordezkoa topatu dio: Cierra Bravard estatubatuarra. Klubak fitxatutako onena, halere, bizkarrezurrari eustea izan da. Arantxa Novo antolatzaile galiziarra —taldeko saskiratzaile onena—, Miriam Foraste hegal-pibot kataluniarra eta Toch Sarr pibot senegaldarra Donostian ariko dira beste urtebetez, eta hori albiste oso ona da. Haiekin batera zeresana izango dute etxeko jokalariek: Iulene Olabarriak, Onintza Adurizek, Lara Gonzalezek, Laura Arroyok, Maria Eraunzetamurgilek eta Sara Iparragirrek.

IRAURGI

Duintasunez lehiatu nahi du

Ezustean iritsi da Iraurgi maila nagusira. Hasiera batean, Espainiako Bigarren Mailan jokatu behar zuen, bertan aritzeko txartela eskuratu ondoren. Baina agiri batzuekin arazoak izan, eta txartelik gabe geratu zen. Tarte horretan Al-Qazeres taldeak uko egin zion maila nagusian aritzeari, diru arazoak zirela eta. Eta Espainiako Federazioak haren tokia betetzea eskaini zion Iraurgiri, eta horrek onartu. Beraz, urtebetean bi maila egin ditu gora.

Berri ona, ordea, gurutze bide bilaka daiteke. Izan ere, itxura batean mailako talde apalena izango da Iraurgi, eta litekeena da partida askotan astinduak jasotzea. Horren jakitun dira klubean, baina horrek ez die ilusioa kenduko. Ahal duten lan onena egiten saiatuko dira. Duintasunez aritzea da helburua. Mailari eustea sekulako balentria litzateke.

Taldeari dagokionez, Joseba Lizarraldek aurreko sasoiko jokalari ia berak izango ditu bere aginduetara. Klubak hiru jokalari fitxatu ditu, kalitatean jauzi bat bermatu beharko luketenak: Roselis Silva joko antolatzaile venezuelarra, Mariya Davidova pibot errusiarra eta Marina Markovic hegal pibot serbiarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.