Andoni Aretxabaleta. Asegarceko pilotaria

«Hiru ordu egin nituen ilaran larunbaterako sarrerak erosteko»

Iaz binakako txapeldunorde izan arren, aurten ez zuela jokatuko uste zuen. Bere mailara itzultzen ari da apurka, baina onartu du oraindik falta zaiola. Asteburuan etxean jokatuko du, eta pilotalekua beteko da.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Masajistarenetik bueltan erantzun du BERRIAren deia Andoni Aretxabaletak (Markina, Bizkaia, 1992). «Errutinak hobeto zaintzen ditut aurten. Hori ikasi dut iazkotik». Larunbatean etxean jokatzen du eta sasoi betean egon nahi du.

Larunbateko jaialdirako sarrera batzuk ez dituzu izango?

Niretzat ez dauzkat-eta! Gonbidapenak aitonari eman nizkion. Kuadrilla eta familiaren artean ehun bat lagun izango dira, eta hamar bakarrik eros zitezkeen pertsonako.

Tira, zuk, enpresarekin hitz egin, eta kito.

Ez, pilota elkarteak saldu ditu. Ni ere ilaran egon nintzen, hiru ordu eta erdi, ireki zezaten zain, eta aurretik 50 bat pertsona nituen. Nik ez nuen pribilegiorik nahi. Enpresak niri bi gonbidapen baino ez dizkit ematen, etxekoentzat.

Eromena herrian?

Iaz ere egon zen; aurten, agian, pixka bat gutxiago. Baina jende askok egin du plana, bazkaria eta pilotalekura.

Zuri ere ilusioa egingo dizu horrek? Sukar hori, hein batean, zuri esker delako.

Bai, bai... Niretzat urteko arrakastarik handiena hori da, jendearen babesa. Eta ez bakarrik Markinan, jende asko ari da niri segika pilotalekuetan. Gastu handia da hori, eta niri lotsa ematen dit ezin gehiago laguntzea... Lagunak erdi gonbidatzen ibiltzen naiz batzuetan, beste batzuetan ez, eta eskertzekoa da ahalegin hori egitea.

Zer moduz? Eskuak? Jokoz?

Ondo. Zoritxarrez, aurreko astean tratu gutxi hartu genuen—22-7 galdu zuten—. Ni eskuetatik biguna naiz, eta iaz baino gehiago ari naiz zaintzen Eta, Irujok esan zuen bezala, ez dakit aurten pilotak gogorragoak ez diren, edo gehiago sartzen diren eskuan. Pilota ezberdinak dirudite, eta eskua gehiago zaindu behar da. Ez da normala hainbeste pilotarik kale egitea. Iaz ere egon ziren hutsuneak, baina ez hainbeste. Ez diot nik bakarrik, Irujok ere aipatu zuen. Agian, gu gara takoekin, baina uste dut pilota ere zerbait izango dela. Ez da kasualitatea.

Gozatzeko aukerarik izan duzu?

Txapelketan gozatzea oso gaitza da. Jokatzen ari naiz, Bengoetxearekin, eta oso gustura. Nik nahiko nukeena baino maila apalagoan, baina jokatzen ari naiz.

Argi duzu beste pauso bat eman dezakezula?

Bai, zalantzarik gabe. Mundu guztiak iazkoaren arabera aztertzen nau, baina ezin da alderatu. Beste kide bat nuen, eta udatik beste joko batekin iritsi nintzen. Aurten, aldiz, aurkakoa izan da, uda oso txar baten ondoren. Nik nire lanarekin konforme egon nahi dut. Egia da iaz Olaizolarekin jokatzen nuela eta txapelketa honetan beste Andoni bat ikusi dela, aurrelaria Bengoetxea delako, eta nik beste lan bat egin behar dut: pilotakada gehiago jo, gehiago kendu eta gehiago babestu. Iaz baino lan gehiago dut. Iazko maila hartzeko, ez zait asko falta, baina puska bat bai.

Alde handia dago Olaizola II.a eta Bengoetxea VI.aren artean?

Jokatzeko modua ezberdina da. Olaizolak beste erraztasun bat du lautik atzera, Bengoetxeak ez duena. Ez dut esan nahi Bengoetxea gutxiago denik. Bengoetxeak psikologikoki beste gauzak batzuk ditu, oso tematia da, ez da isiltzen... Ezberdinak dira.

Bikote langilea zarete.

Apurtu ez dugu egiten-eta. Partida gogortzen saiatzen gara. Harreman oso ona dugu, eta hori beti da lagungarria.

Kinieletan ez zineten agertzen, baina seitik hiru irabazi dituzue.

Oraingoz, bosgarren gaude, hor, erdian. Txapelketa halakoa da. Segi egin behar da. Hurrengo fasera lau pasatzen dira bakarrik, baina azken unera arte lehian jarraitzea da helburua.

Iaz bikote batek sei garaipen aski izan zituen sailkatzeko.

Aurten zazpi beharko dira. Seirekin ez dut uste... Ni ez naiz ona matematiketan, baina zazpi beharko direla uste dut. Guk larunbatean laugarrena lor dezakegu, eta ea bigarren itzulian beste hainbeste egiten dugun.

Txapelketan sartzea espero zenuen? Zalantzarik ba al zenuen?

Handia. Azkenera arte, aurkezpenera joateko mezua jaso nuen arte, ez nuen batere garbi izan. Ibai Zabala aurretik ikusten nuen, Ibai oso ondo ibili da, eta gero kolpe gogorra hartu du, haren tokian banengo nik hartu izango nuena bezalakoa. Harrituta gelditu nintzen ni sartu eta Ibai kanpoan gelditu zenean, eta Zubietarenarekin ere bai. Zortez, baina, txapelketan sartu naute, ordezko lanak egitea ez delako oso gustagarria. Baina, sartu edo ez, nik berdin segituko nuke lanean.

Uda gogorra pasatu zenuen: gaixo, eskuak... Txapeldunorde izatea ez zenuen zukutu.

Horrek eman zidan pena. Txapelketa onaren ondoren... Ni Olaizolaren itzalean egon nintzen, eta normala da, hark egin zuen txapelketa bikaina. Halere, nik lehen uda ona egiteko itxaropena nuen, torneoetan sartu eta partida handiak jokatuz. Neure burua hor ikusi nahi nuen. Baina, zoritxarrez hasi aurretik, pneumonia izan nuen, asko kosta zitzaidan buelta ematea, hilabetetik gora, eta eskuak bigundu egin ziren...

Txapeldunorde izan ondoren txapelketa ezberdina al da?

Ez. Palmaresena agertzen da, baina nik badakit zergatik iritsi nintzen finalera. Ondo ari nintzen jokatzen, baina alboan Olaizola nuen, maila oso onean jokatzen. Nik hankak lurrean ditut, eta ez daukat arazorik hori onartzeko.

Duela urtebete baino ezagunagoa izango zara behintzat.

Finalera iritsita eta... Jende askok Aimarren laguna izan nintzelako ezagutzen nau. Gehiegi ez dit axola. Ni, finalean galdu edo lehen fasean kalera joan, berdina izango naiz. Ez naiz harrotuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.