FUTBOLA

Hiru jokalariren kontratua berritu du Athleticek

Irene Ogizak 2026. urtera arte luzatu du kontratua, Jone Amezagak 2027ra arte, eta Beñat Pradosek 2031ra arte.

Irene Ogizaren kontratu berritzea aurkeztu duten unea, gaur. ATHLETIC
Irene Ogizaren kontratu berritzea aurkeztu duten unea, gaur. ATHLETIC
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko ekainaren 27a
14:43
Entzun

Lezaman hazitako jokalarien garrantziaz hitz egin zuen Jon Uriarte Athleticeko presidenteak denboraldiko balantzean. Bada, gaur, talde zuri-gorriaren harrobian hazitako hiru jokalariri kontratua berrituko dietela iragarri dute San Mames zelaiko Geuria jatetxean. Emakumezkoen taldean, Irene Ogizak eta Jone Amezagak David Aznarren aginduetara jarraituko dute. Gizonezkoetan, Beñat Pradosek ere taldean jarraituko du.

Amezaga da hiruretan gazteena. 19 urte ditu Zallako aurrelariak, eta 2027ra arte luzatu du kontratua. Aurtengoa bigarren denboraldia izan du Athleticen lehen taldean, eta 54 partida jokatu ditu bi urteotan. Gainera, aurten sei gol sartu ditu —iaz, bost sartu zituen—; horietako bat ligako azken jardunaldian, Sevillaren aurka. 

Amezagari ez ezik Ogizari ere kontratua berrituko diotela iragarri dute. 24 urteko durangarra taldeko kapitainetako bat da, eta jada 77 partida jokatu ditu jada Athleticen lehen taldearekin. Aurten, lesio bat zela medio, berandu ekin zion denboraldiari, baina hor ibili da taldeak sailkapenean gora egin duen boladan. Talde gaztea da Athleticena, baina aurrerapauso handia eman dute iaztik. Bi berritze horiek islatzen dute klubak konfiantza duela gazte horiengan.

Bestetik, gizonezkoen taldean ere iragarri dute kontratu luzatze bat: Beñat Pradosek 2031ra arte jokatuko du Athleticen. Iruñeko erdilariak 23 urte ditu, eta aurten jokatu du estreinako denboraldia lehen taldearekin. Iaz Mirandesen aritu zen, utzita, baina aurten Ernesto Valverderen konfiantza bereganatu du. 33 partida jokatu ditu, eta Espainiako Kopan minutu gehienetan aritu den jokalarietan hirugarrena izan da taldean. Finalean bertan ere hasieratik aritu zen; bigarren zatian, aldatu egin zuten. 

Uriarte presidenteak jokalariek taldearekin duten engaiamendua azpimarratu du: «Nahiz eta beste talde batzuen eskaintzak izan, jokalari hauek Athleticekoak dira ezin gehiago, eta guztion artean osatzen ari garen proiektuan sinesten dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.