Iñaxio Perurenak marka pertsonala hobetzeko saioa egingo du gaur, Leitzako (Nafarroa) Amazabal pilotalekuan (12:30). 308 kiloko harritzarra jasotzen saiatuko da. Otsail amaieran 305ekoa altxatu zuen, eta negu-udaberrian lorturiko sasoi puntu ona luzatu du. Bere azken saiakeretan ohiko denez, «etxean» egingo du ahalegina, eta ez du sarrerarik kobratuko. Borondatea baino ez du eskatuko, epaile, dopin kontrol eta beste gastu batzuei aurre egiteko.
«Entrenamendu ikusledunaren» formulari eutsiko dio Perurenak. Leitzarrak bere burua ezagutzen du, eta badaki gehiegizko presioak kalte egiten diola. Aspaldiko partez giharra irabaztea lortu du, eta gustura ari da lanean. 303koarekin bere garaian eginiko hiru saiakera ustelak ahaztuak ditu. Otsailean 305ekoa altxatu aurretik oso ondo ikusi zuen bere burua entrenamenduetan, eta horrek eraman du zama handitzera.
Lehen asmoa bi kilo igotzea zuen, eta 307koarekin egitea saiakera, baina, bere burua hain ondo ikusi duenez, 308kora jo du. Plazara irten aurretik Perurena hiru entrenamendu aste on kateatzen saiatzen da, beraz, pentsatzekoa da 308koa ondo bezatua duela, baina plazan dena da ezberdina. Hori bai, altxatu edo ez, hau izango da aurten bi eskuekin egingo duen marka saiakera, laster erakustaldiak ematen ibiltzeko garaia iritsiko zaiolako.
Aitak baino gazteago
Gaur 308koa jasoko balu, bere aitak baino urtebete lehenago lortuko luke. Iñaxiok 32 urte ditu, eta Iñaki Perurenak 33 urterekin altxatu zuen, 1989an. Hori bai, urte hartan bertan bere marka hobetuz jarraitu zuen, eta 312 kilo altxatuz bukatu zuen. Aitak 320 kilo ere altxatu zituen. Mieltxo Saralegi, aldiz, askoz gazteago iritsi zen marka horietara, 24 urterekin altxatu baitzuen 312koa. Hura 329 kilora arte iritsi zen.
Hiru gehiago nahi ditu
Iñaxio Perurena 308 kiloko harria altxatzen saiatuko da gaur, Leitzan. Otsailaren 27an 305ekoa altxatu zuen, eta sasoi puntua baliatu nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu