Tituluak besterik iradoki badezake ere, erreportajeak ez du zerikusirik izen bereko mendiarekin, protagonistak goi mailan ari badira ere. Ezta Euskadi Irratiko irratsaioarekin ere, nahiz eta hango mikrofonoetan makina bat hitz esandakoak diren. Hiru lagun dira, bai, baina ez dira Errege Magoak, haietako bat urrezko bihurtuko bada ere. Aizkolariak dira, eta herri kirol modalitate horren hiru erregeak. Azkenaldiko emaitzei erreparatuz gero, behintzat.
Izan ere, koronabirusaren pandemia hasiz geroztik, hiru aizkolari nabarmendu dira besteen gainetik: Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a. Dena den, aurtengo emaitzei erreparatzea nahikoa da haien bolada ona frogatzeko. Hiruren artean banatu dituzte 2023an jokatutako txapelketa nagusiak: Vicente da Euskadiko Federazioaren Lehen Mailako txapelduna, eta Donostiako Urrezko Koparen garailea; Mikel Larrañagak irabazi du Sherpa Ai txapelketaren aurtengo aldia; eta Alberdik, berriz, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketa eta Urrezko Aizkolari Txapeldunen Liga.
Hain justu ere, Egur Sporten beste txapelketa bateko finalean elkartuko dira hiru kirolariak, bihar, Asteasun (17:00). Ohi bezala, Gipuzkoako herri horretan jokatuko dute Urrezko Aizkolarien Kopako finala, Urtezahar egunez. Urriaz geroztik kanporaketak igarotzeko lehia betean aritu ostean, ez da kasualitatea Vicente, Larrañaga eta Txikia IV.a ailegatu izana urteko azken finalera.
Azken hori da egungo txapelduna, iazko finalean gailenduta, eta, Egur Sporti dagokionez, urtea biribildu dezake 2023ko Urrezko Aizkolarien bakarkako txapela guztiak jantzita. Dena den, Alberdik dio osatzen igaro dituela azken egunak, eta aurreikusi du «zaila» izango dela Asteasuko finala: «Larrañagari eta Vicenteri irabazteko dena egin behar da ondo, ezin da erdizka joan».
Aldiz, Mikel Larrañagak gainditu ditu orain hilabete batzuk gerrian izandako arazo fisikoak, eta sasoi gozoan ailegatuko da. Ez alferrik, joan zen igandean hura gailendu zen Euskadiko Federazioaren hirugarren mailako txapelketan, Alberdiri aurrea hartuta —aurten itzuli direnak behetik hastera behartu ditu erakundeak—.
Nolanahi ere, azpeitiarrak lehia estua espero du Asteasun: «Urtea ondo amaitzeko azken helburua izango da, baina, ikusita gaur egungo bi aurkaririk onenak izango ditudala, gauzak oso ondo egin beharko ditut irabazteko. Ea zorte pixka batekin horretarako modua dudan, baina zaila ikusten dut» Alde horretatik, Larrañagaren esanetan, hiru aizkolariak oso ondo ari dira, eta «gehien eusten dionak edo fisikoki ondoen dagoenak» irabaziko du txapela.
Bete-beteko jaialdia
Urrezko Aizkolarien Kopak sortu du ikusmin gehien, baina beste zenbait txapelketa ere amaituko dira Usarrabi pilotalekuan egingo duten jaialdian. Ez alferrik, gizonezko aizkolarien txapelketarekin batera jokatu baitituzte azken asteetan. Haietako gehienak gaur amaituko dira, jaialdi beraren barruan. Modalitate berean, binakako emakumezkoen txapelketa jokatuko dute. Nerea Arrutik eta Malen Barrenetxeak osatutako bikoteak Nerea Sorondo eta Ane Zapirain izango ditu aurkari. Bi proba horiez gain, ordea, kimu mailako mutilen binakako proba egingo dute estreinakoz, lau talde elkartuta.
Dena den, aizkorak ez ezik, harri jasotzeak ere presentzia nabarmena izango du Asteasun; hain justu ere, orain bi aste Euskadiko Harri Handien Txapelketa jokatu zuten leku berean. Hiru bikote lehiatuko dira maila bakoitzean. Emakumezkoenean, Karmele Gisasola Zelai III.a-Aroa Sanchez, Ainitze Zumeta-Udane Ostolaza, eta Maddi Gesalaga-Lierni Osa bikoteak ariko dira. Gizonezkoen proban, berriz, Xabat Olaizola-Inhar Urruzuno, Beñat Telleria-Gorka Etxeberria eta Mikel Lopetegi Urra-Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a. Azken bikote hori da irabazteko hautagai nagusia. Saioa biribiltzeko, Olaia Esnaola bere marka propioa jartzen saiatuko da, 125 kiloko harriarekin. Harri jasotzaile azpeitiarrak 16 urte ditu.