Hiru arantza

Mikel Beroiz finalerdietara iritsi da binakakoa jokatu duen aldi bakoitzean. Irujo, Olaizola II.a eta Bengoetxearekin parte hartu du, eta lehen fase onak egin arren, ez da inoiz sailkatu finalerako.

Mikel Beroiz pilota bati begira, atzo Eibarko Astelena pilotalekuan eginiko aukeraketan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2014ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Astelena pilotalekuko harmailetan eserita, adarra jo diote Mikel Beroizi (Uharte, Nafarroa, 1990). «Zu oso ikusia zaude jadanik...»; atzelariak barrez egin du jauzi: «24 urte ditut eta!». Haren adina entzunda, harrigarria da binakako txapelketan duen curriculuma. Lau aldiz hartu du parte —2011n finala jokatu zuen bakarrik, Barriolaren ordez— eta lauetan finalerdietako ligaxkan sartu da, baina finalik ez: «Txapelketa bakoitzeko arantza sartuta daukat. Hain gertu ibilita...». Igandean ekingo dio laugarrenari, Xala eta Zubietaren aurka.

Lau aurrelari ezberdinekin iritsi da, gainera: Irujorekin, Olaizolarekin, Bengoetxea VI.arekin eta aurten, Urrutikoetxearekin. «Guztiekin ibili naiz oso gustura. Ezberdina da, handiekin zabiltzanean presioa sumatzen duzu, irabaztera ia behartuta zaude. Nik Bengoetxea ere zaku horretan sartuko nuke. Aurten, Urrutikoetxearekin ezberdina da, baina berak txapelketa bikaina egin du, eta aurten asko egin du gora».

2010a, Irujorekin: «Asko lagundu ninduen»

«Lehen txapelketa ez zen erraza izan. Juanek asko lagundu ninduen, eta asko ikasi nuen». Irujorekin jokatzeak ilusioa egin zion, elkarrekin entrenatzen zutelako, eta ez du ahaztu enpresakide ohiaren jokoa. «Oso oldarkorra da, laura, lau t'erdira jaisten denean eman egiten dio, eta kolpetik dominatzera pasatzen zara».

Lehen fase onaren ondoren ligaxkan iritsi zen garraztasuna. «Lehen sailkatuak izan ginen, baina gero, finalerdietan, hiru partidak galdu genituen. Horietatik bi 22-21 gainera». Finalerdietako ligaxkako lehen partida irabazi ez zuen aldi bakarra izan zen. «Niretzat garrantzitsuena bigarrena da, hori ikasi dut. Urte hartan bigarrena 22-21 galdu genuen, eta hirugarrena ere bai».

2012a, Olaizola II.arekin: «Eskuak txikitu nituen»

«Olaizola II.ak beste inork baino klase gehiago du. Hark ere asko laguntzen du». 2011n txapelketatik kanpo gelditu ondoren, ilusioz ekin zion 2012ari —enpresaz aldatu zuen, Aspetik Asegarcera passatu zen—, eta bere lanaren oroitzapen ona du. «Lehen txapelketan baino lasaiago nengoen. Banekien zer ziren binakakoak. Gusturago jokatu nuen lasaiago nengoelako, eta lehen urtean baino maila hobea eman nuen».

Txapelketa gazi-gozoa izan zen, baina, hobe esanda, gozo-gazia. Pilotazaleek oraindik ez dituzte ahaztu Olaizola II.a-Beroizek jarraian irabazitako hamabost partidak. «Lehen faseko partida guztiak irabazi genituen, eta ligaxkako aurrenekoa. Baina eskuin eskua izorratu nuen. Ligaxkako bigarren partidan izan zen, eta hirugarrenera oso justu iritsi nintzen». Kolpe hura ez du ahaztu. «Hark asko irakatsi zidan. Aurten, esaterako, ligaxkako azken jardunaldiaren aurretik bi partida utzi nituen. Txapelketa haren ondoren, bi hilabetez egon nintzen geldirik, eskuak ez ziren sendatzen. Hortik aurrerako arazoak ezkerrean izan ditut».

Iaz, Bengoetxea VI.arekin: «Nire txapelketarik onena»

«Nire txapelketarik onena izan zen. Oroitzapen gozoena utzi didana. Aurrekoa ere bikaina izan zen, baina eskuetatik nola bukatu nuen ikusita, iazkoa nabarmenduko nuke». Ligaxkan hirugarren izan ziren, hamar partida irabazita, eta finalerdietako lehen partida irabazi zuten. «Ez genuen zorterik izan», hartu du gogoan: «Ea aurten ezberdina den».

Bengoetxeaz oso oroitzapen ona du. «Nire ustez, goikoetako bat da. Irujo eta Olaizola II.arekin atzean lagundu eta ez galtzearekin aski da, baina Oinatz zaku horretan sartuko nuke nik ere. Agerikoa da ez duela beste bien kolperik baina erraz bukatzen du tantoa, eta asko laguntzen zaitu: airez, sakeak kentzen...»

Aurten, Urrutikoetxearekin: «Gehiago nahi dugu»

«Finalerdiak sari bat bezala hartzen ditugu, eginiko ligaxka onaren saria, baina ez gaude konforme, guk gehiago nahi dugu. Ni beti finalerdietan gelditu naiz... Baina, aurten zergatik ez finalera?». Harro dago eginiko lanarekin eta izandako bilakaerarekin. «Ulertzen dut jendeak gu faboritotzat ez jo izana: gazteak gara, Urutikoetxearen lehen txapelketa... Ni ere urduri hasi nintzen, baina sasoi betean ez geundenean ere, garrantzia gehien zuten partidak irabazi ditugu».

Urrutikoetxeak ez du aurretik alboan izan dituen aurrelarien sonik, baina Beroizek haren balioa aldarrikatu du. «Besteekin alderatuta aurrelari ezberdina da. Jotzaile bat da, eta hark ere asko laguntzen dio atzelariari. Boleaz sakeak kentzen ditu, botera sartzeko bostera jaisten denean urrun jartzen du pilota, baita ezkerrez ere, txokora joaten denean... Pilotakada berezia du, asko harrotzen du, eta aurrelaria saihesten du». Are gehiago, txapelketan bertan hazi egin dela uste du. «Urduri hasi zen, baina orain hobeto ari da. Azken partidan ikusi zen , nola errematatu zuen, bukaeran, behar zenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.