2003an Nigerian jokatu zen 20 urtez azpiko Munduko Kopan txapeldunorde izan zen Ferran Corominas (Banyoles, Herrialde Katalanak, 1983), Espainiako selekzioarekin. Selekzio hartan Juanfranen ordezkoa zen —Asier Riesgo zen atezain titularra, eta Andres Iniesta eta Sergio Garcia ziren izarrak—. Osasunara ere Juanfran ordezkatzera iritsi zen orain hilabete. Jose Antonio Camachorekin, iritsi orduko hasieratik jokatu zituen lehendabiziko partidak. Espanyolen aurka jokatzerik ez zeukan kontratuz, eta Jose Luis Mendilibarrek aintzat hartzen duen ikusi beharko da orain.
Espanyolen aurka 4-0 irabazi ostean nola dago taldea Levanteren aurkako partida garrantzitsuaren atarian?
Oso ondo, motibazioz gainezka.Mesede handia egin digu Espanyoli irabazteak, behar genuen. Entrenatzaile aldaketaren osteko lehen partida irabaztea oso garrantzitsua zen, adorea indarberritu digu, eta orain etxetik at ere gauza bera egiteko gai garela erakusteko ordua da.
Arraro sentitu al zinen zure bihotzeko klubari lau gol sartu eta poztu egin behar zenuela ikusita?
Ez, ez. Osasunak irabaztea nahi nuela argi neukan, eta asko poztu nintzen. Espanyol denboraldi bikaina egiten ari da eta halaxe jarraitzea opa diot, baina une honetan Osasuna da nire kluba, eta Osasunakirabaztea da nire lehentasun bakarra. Berdin zait Espanyolen aurka aritzea; sasoi amaiera bitartean nire jatorriko klubaren aurka beste hiru aldiz jokatu behar izango bagenu ere berdin segituko nuke, eta beste hiru aldietan ere Osasunak irabaztea litzateke nire nahia.
Kontratuz galarazita zeneukan partida hori jokatzea. Pena?
Bai, argi dago. Espanyolen aurkakoa zelako batetik, eta entrenatzaile berriaren lehen partida zelako, bestetik. Entrenatzaile aldaketa dagoenean gauzak ondo egin eta jokatzeko aukera izatea da jokalari guztion nahia. Harmailetatik ikusi behar izan nuen norgehiagoka, eta aste honetan niri egokitzen zait Mendilibar konbentzitzea. Iritsi nintzenetik jokatzen ari nintzen; ea orain ere entrenatzaileak aukera ematen didan. Niretzat ez zen unerik onenean iritsi entrenatzaile aldaketa, baina taldekideek partida bikaina jokatu zuten, eta hori da garrantzitsuena. Jokalari asko gaude Osasunan, eta edonork joka dezake.
Camachok babestu zuen zure fitxaketa. Hark taldea utzi izanak kalte egin ahal dizu?
Ez dago jakiterik, eta ez dut uste horrek eragin handirik izango duenik. Entrenamenduetan gauzak ondo egiten saiatuko naiz, barruak hustuko ditut lanean, eta entrenatzaileak hartu beharko du erabakia.
Montjuicen jokatu dituzu zuk etxeko jokalari gisa partida gehienak. Sadarren jokatzea oso ezberdina al da?
Oso ezberdina. Montjuic zeharo hotza zen, zaleak urrun nabaritzen zenituen, eta ia-ia entzun ere ez genituen egiten euren oihuak. Cornellako zelai berria beste gauza bat da, zaleak gertuago nabaritzen dituzu. Halere, hemengoa ikaragarria da: zaleen babesa asko nabaritzen da, eta horri esker lortu ditugu etxean hainbeste puntu sasoi honetan.
Real Madrilen aurkako partidan jokatu zenuen lehen aldiz Sadarren Osasunaren elastikoarekin.
Bai, partida ahaztezina izan zen. Inoiz ez dut ahaztuko egun hori, egun horretan konturatu nintzen zer nolako zaleak ditugun. Real Madrili irabaztea gauza handia izan zen. Zure zaleen aurrean lehen aldiz jokatzeko partida aproposagorik ezin da amestu.
Fisikoki nola zaude? Iritsi zinenean gutxi jokatu izanaren ondorioen beldur zinen.
Partida batzuk jokatu ditut, eta egunetik egunera hobeto ikusi dut neure burua. Konfiantza berreskuratzen ari naiz, eta taldeari nire ekarpena egin nahi diot.
Mendilibarren etorrerarekin egundoko ilusioa piztu da taldearen inguruan. Aldagelan nola bizi izan duzue?
Zaleek ilusio itzela dutela begibistakoa da, eta jokalariak motibazio ikaragarriarekin gaude. Hori ona da, sailkapeneko postu arriskutsuetatik aldendu nahian ari baikara, eta garrantzitsua da giro ona izatea nagusi.
Etxetik kanpoko bolada txarra amaitzeko ere garrantzitsua da giro ona.
Bada garaia, eta igande honetako partida aurkari zuzen baten zelaian jokatuko dugu, gainera. Aurrerapauso itzela litzateke Levanteren zelaian irabaztea. Ez da komeni urtebete pasa etxetik at irabazi ezinda gaudela gogoratzea.
Hurrengo bost partidetan bost aurkari zuzenen aurka jokatu behar duzue.
Hilabete batean sailkapeneko postu arriskutsuak atzean uzteko aukera bikaina daukagu, eta hori da asmoa. Horretarako, ondo jokatu beharko dugu, dena dela, eta partidaz partida joan behar da. Levante talde sendoa da bere zelaian.
Liga amaiera arte sufritzeko prest egon behar dute Osasunako zaleek?
Estutasunak saihesten ahaleginduko gara, asko sufritzen baita azken jardunaldietan hil ala bizi jokatu behar duzunean. Espanyolen azken urteetan hiru Liga amaiera estu izan ditut, eta ez da batere gozoa.
Zure etorkizuna?
Ekainera arte Osasunako jokalaria naizela argi dago, eta gauzak ondo egitea nahi dut. Egia da Osasunak ni erosteko aukerarik ez zuela lortu Espanyolekin adostutako akordioan, eta Espanyolekin beste denboraldi baterako kontratua daukat, baina ikusiko da, ez dut ezer baztertzen. Halere, ez dut etorkizunarekin itsutu nahi, arreta guztia Osasunan jarri eta emaitza onak lortzea da nire asmo bakarra.
Iruñean jarraitzeko aukera ez duzu baztertzen orduan?
Ez, asko gustatu zait kluba eta baita hiria ere. Oso ondo hartu naute aldagelan, zale bikainak ditu Osasunak, eta hirira ondo egokitu naiz. Gauza onak besterik ez ditut ikusi iritsi naizenetik.
Ferran Corominas. Osasunako jokalaria
«Hilabete batean zulotik ihes egitea da asmoa»
Ekainera arte Espanyolek utzita ari da Osasunan Ferran Corominas. Hala ere, erdilari kataluniarrak ez du baztertu datorren sasoian Iruñean jarraitzea. «Oso gustura nago hemen», aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu