Futbola

Hil egin da Libertadores kopako partida batean bihotzekoa izan zuen futbol jokalaria

Juan Izquierdo uruguaitarra ostegunean ospitaleratu zuten, Sao Pauloren aurka jokatzen ari zen partidaren amaieran lurrera erori eta gero.

Nacionaleko eta Sao Pauloko futbol jokalariak, Libertadores kopako osteguneko partidan, Izquierdok konortea galdu ondoren. ISAAC FONTANA / EFE
Nacional de Montevideoko eta Sao Pauloko jokalariak, Libertadores kopako osteguneko partidan, Izquierdok konortea galdu ondoren. ISAAC FONTANA / EFE
2024ko abuztuaren 28a
12:15
Entzun

Juan Izquierdo futbol jokalari uruguaitarra hil da bart, 27 urte zituela. Sao Paulon ospitaleratuta zegoen ostegunetik, Brasilen, bihotza gelditu baitzitzaion han Libertadores kopako partida bat jokatzen ari zela. Lehiaketa hori Txapeldunen Ligaren parekoa da Hego Amerikan.

Izquierdoren taldeak baieztatu du albistea sare sozialetan, Nacional de Montevideok: «Munduko minik sakonenarekin, gure jokalari maite Juan Izquierdoren heriotzaren berri eman behar dizuegu. Doluminak bidali nahi dizkiegu haren familiartekoei, lagunei, adiskideei eta ahaideei. Talde osoa doluan dauka atzera-bueltarik ez duen galera honek. Juan, beti egongo zara gurekin».

Uruguaitarra Morumbi estadioan ari ziren jokatzen, Sao Pauloren aurka, bihotza gelditu zitzaionean —zehazki, 83. minutuan—. Libertadores kopako final-zortzirenei zegokien norgehiagoka. Han bertan saiatu ziren jokalaria suspertzen, baina ospitalera eraman behar izan zuten berehala. Bi orduren buruan, medikuaren lehen argibideen berri eman zuen taldeak: Izquierdo ZIU zainketa intentsiboetako unitatean zegoen, «egonkor», baina behaketan.

Egunak pasatu ahala, baina, futbolariaren osasunak okerrera egin zuen. Hori ikusita, familiak komunikatu bat plazaratu zuen, jarraitzaileei babesa eskatzeko: «Mesedez, errezatu ezazue. Bidali indarra eta energia ona, Juanmak behar ditu eta. Etxean behar dute zortzi eguneko semeak eta 2 urteko alabak».

Uruguaiko Gobernuko Kirol idazkari Sebastian Bauzak astelehenean kontatu zuenez, Izquierdori bihotzeko arritmia bat atzeman zioten 2014an, gobernuak sustatutako egitasmo batean egindako azterketa batean. Jokalariak 17 urte zituen orduan. Hango prentsak jaso duenez, gurasoek eta taldeak ez zuten diagnostiko horren berri, eta haserre agertu dira horregatik.

Futbolariak ibilbide oparoa izan du goi mailan. Zortzi titulu irabazi ditu, guztiak Uruguaiko taldeekin: lau Liverpoolekin, hiru Nacional de Montevideorekin eta beste bat Peñarolekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.