Pilota

Hezetasuna tarteko, bertan behera gelditu da Beotibarren jokatzekoa zen jaialdia

Datorren astelehenean egingo dute bertan behera gelditutako jaialdia, Beotibarren bertan. Atzoko jaialdirako sarrera zeukaten eta etzi joaterik izango ez duten zale horiei, berriz, dirua itzuliko zaie.

Beotibarren jokatutako partida bateko artxiboko irudia. AITOR KARASATORRE / FOKU
Beotibarren jokatutako partida bateko artxiboko irudia. AITOR KARASATORRE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abenduaren 6a
18:00
Entzun

Pilota partidarik ikusi gabe itzuli dira etxera Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekura bildu diren zale guztiak. Hezetasuna dela eta, bertan behera gelditu dira jaialdiko partida guztiak; nola ez, baita Binakako Txapelketari zegokion partida ere. Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu, eta Iker Larrazabal eta Jon Mariezkurrena ziren elkarren aurka jokatzekoak, baina kantxa ere ez dute zapaldu. Antolakuntzak adierazi duenez, dena ondo bidean etzi jokatuko da partida, astelehenez, Beotibarren bertan (16:30). 

Beotibar pilotalekuko hormetan agertutako hezetasunak direla medio, bertan behera gelditu dira Binakako Txapelketari zegokion partida eta jaialdiko beste bi neurketak ere. Antolakuntzak sareetan zabaldu duen oharrean dioenez, egunean zehar hartu dituzten neurriak ez dira nahikoa izan, eta ez zegoen bertan jokatzerik. Horregatik hartu behar izan dute jaialdi osoa bertan behera uztearen erabakia. Ohar horretan bertan zehaztu du antolakuntzak gaur jokatzekoa zen jaialdi osoa datorren astelehenean jokatuko dela, hilak bederatzi. Gaurko sarrerekin astelehenean sartzeko aukera izango dute zaleek. Bestalde, joaterik ez duten zaleei dirua itzuliko zaie. Horretarako, helbide elektroniko bidez egin dezakete eskaera, eta, bestela, astelehenean bertan izango dute aukera, Beotibar pilotalekuko txarteldegian.

Lehen jardunaldian egin bezala, gaur ere Larrazabalek ordezkatu behar zuen Iñaki Artola. Alegiako aurrelariak ezker hankako iskiotibialean hartu zuen min Lau eta erdikoan, eta oraindik ez da osatu Mariezkurrenarekin batera bikotea osatzeko. Astelehenean ere Larrazabal arituko da Artolaren tokian.

Partida bikoitza

Gaurko jaialdia atzeratu egin behar izan duten arren, Binakako Txapelketak bere bidea jarraituko du, bihartik aurrera. Binakakoari dagozkion bi neurketa jokatuko dituzte bihar bertan; Bilbon bata, eta Iruñeko Labriten bestea. Bilbon, Erik Jaka eta Ander Imaz eta Unai Laso eta Martxel Iztueta arituko dira nor baino nor gehiago. Labriten, berriz, Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta eta Peio Etxeberria eta Julen Martija bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Bi jaialdiak 17:15ean hasiko dira, eta ETB-k Labriteko partida soilik emango du zuzenean.

Jakak eta Imazek irabazi egin zuten estreinako jardunaldian. Basaurin (Bizkaia) jokatu zuten iragan igandean, Peña II.aren eta Albisuren aurka, eta nagusi izan ziren hasi eta buka. Azkenean, 22-16 irabazi zuten. Baina aurkariek ere garaipena eskuratu zuten lehen jardunaldian. Lau eta erdiko txapelduna debutariarekin ari da txapelketan, eta erakustaldia egin zuten larunbatean, Lizarran (Nafarroa): 22-9 hartu zituzten mendean Larrazabal eta Mariezkurrena. Bi bikoteak helburu berarekin kantxaratuko dira bihar Bilboko Bizkaia pilotalekura: Bigarren puntua eskuratzea. 

Iruñeko partidako protagonistei dagokienez, gazia eta gozoa dastatu zuten bi bikoteek lehen jardunaldian. Ezkurdiak eta Rezustak ezustean irabazi zieten Aitor Elordiri eta Jose Javier Zabaletari. Azken bikote hori da finalera heltzeko faboritoetako bat, baina aise irabazi zieten Ezkurdiak eta Rezustak. 22-12 nagusitu ziren, eta beteranoak izan arren, lehiarako prest daudela erakutsi zuten. Peio Etxeberria-Martija bikoteak, ordea, galdu egin zuen lehen partidan. Jokin Altunak eta Aitor Arangurenek 8-0 hartu zieten aurrea, eta oso deseroso sentiarazi zituzten Peio Etxeberria eta Martija; 22-13 amaitu zen neurketa. Bihar izango dute bigarren aukera txapelketako lehen puntua eskuratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.