Hesi guztien gainetik

Espainiako Txapelketa jokatu berri dute, eta Asier Martinez 20 urteko iruindarra izan da onena Euskal Herriko atleten artean: urrezkoa irabazi du 110 metroko hesidunetan, eta zilarrezkoa 4x100 metroko txandakakoan. «Izugarri pozik» dago.

Asier Martinez, Espainiako Txapelketan irabazitako urre eta banarekin, atzo, Bilbon. Han bizi da astean zehar. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herriko atletek uzta ederra bildu zuten joan den asteburuan, Madrilen, Espainiako Txapelketan: hogei domina baino gehiago irabazi zituzten. Atleta bat nabarmendu zen guztien artean: Asier Martinez (Iruñea, 2000). Grupompleo Pamplona Atletico klubeko atletak bi domina kolkoratu zituen: urrezkoa 110 metroko hesidunetan eta zilarrezkoa 4x100 metroko txandakakoan. Emaitza bikain horrek indartu egin du haren inguruko ustea: zeresan handia emango du etorkizunean.

Ia astebete pasatu da, eta oraindik egindakoa barneratzen ari da. «Pixkanaka ari naiz guztia barneratzen, baina oraindik ez dut guztiz sinistu. Izugarri pozik nago». «Pixka bat lotsatuta» dio jabetzen dela «zerbait garrantzitsua» egin duela. «Bakarrik nagoenean eta buruari bueltaka hasten naizenean ohartzen naiz zer-nolako garrantzia duen egin dudanak».

Lotsa puntu horrekin ere mintzatzen da oraindik komunikabideekin, nahiz eta azken egunetan makina bat elkarrizketa eman dituen. Twitter kontua ireki behar izan du. «Orlando Ortegak zoriondu egin ninduen txio batean [110 metroko hesidunetako munduko espezialista onenetako bat], eta eskertu egin behar nion keinua. Lagun baten laguntzaz sortu nuen kontua. Elkarrizketa dezente eman ditut azken egunetan, baina gustura egin ditut, garrantzitsua da atletismoak oihartzuna izan dezan. Hau ez da futbola. Behar ditugu halako aukerak ikusgarritasuna lortzeko».

Eskaera bera egin diote kazetari guztiek: eraman ditzala bi dominak, eta erakuts ditzala harro argazkietan. Horregatik, «batetik bestera» dabil haiekin. «Aurki» topatuko die «toki apropos bat». «Etxeko logelan jartzeko asmoa dut». Eta zer etortzen zaio burura haiek ikusten dituenean? «Laneta sakrifizio handia dago horien atzean. Bilbon bizi naiz aste barruan [Politika eta Administrazio Zientzia ikasten ari da], eta Basaurin [Bizkaia] entrenatzen naiz, bakarrik, taldekiderik gabe, eta entrenatzailearengandik bananduta. Ez da erraza. Domina horien atzean ere neguko entrenamendu luzeak daude, bakarrik egindakoak, horietatik asko euripean. Ez dira batere samurrak, are gutxiago niretzat, asma baitut. Eta aurten, konfinamenduan, garajean anaiarekin egindako lan saio prekarioak ere badaude horien atzean [Aitor, hura ere lasterketa hesidunetako atleta da, Ardoi klubean]. Baita egoerak eragindako ezinegona ere. Uste genuen sasoia bukatua zela, baina, zorionez, azkenean, lehiatu ahal izan gara».

Dezentetan ikusi ditu bi lasterketak. «Ordu erdi eskaseko tartean izan ziren», zehaztu du. Lehenbizi, hesidunetakoa izan zen. Enrique Llopis zen faboritoa. Martinezek berak hala uste zuen. «Bigarren edo hirugarren izateko esperantza nuen, baina ez irabazteko». Baina ezustea eman zuen. Ohi bezala, behetik gora egin zuen. «Nire altueragatik [1,90 metro], kosta egiten zait irtetea. Lasterketaren bigarren zatian egiten dut gora, azken lauzpabost hesietan. Hor egin nuen aldea oraingoan ere».

13,75eko marka egin zuen, bere markarik onena. Ia arnasarik hartu gabe egin zuen korri. «Ez dugu ia arnasarik hartzen, eta sekulako tentsioarekin lehiatzen gara. Horregatik, helmugan, tentsio guztia askatzen dugu. Aske sentitzen gara. Oraingoan, are ederragoa izan zen sentsazioa, irabazi egin bainuen». Handik gutxira izan zen errematea, txandakakoan zilarra lortuta. «Oso polita izan zen. Gogor egin genuen lan dena ondo irten zedin, eta hala atera zen. Lantaldeak jasotako saria izan zen, eta horrek oso berezi egiten du».

Jende askori eskertuta

Ez da kasualitatea taldea nabarmendu izana. «Nik oso argi dut domina hauek beste jende askorena ere badirela: etxekoena, lagunena, Jon Seriola, Ander Iriarte eta Iker Alfonso entrenamendukideena, eta, batez ere, nire entrenatzailearena, François Beoringyanena. Bikain moldatu gara, nahiz eta egoera oso zaila izan den».

Bi lehiaketa falta zaizkio denboraldia amaitzeko: asteburu honetan, Espainiako federazioen arteko txapelketa, Ciudad Realen (Espainia), eta bi aste barru 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa, Sevillan (Espainia). Aitortu duenez, «lasaiago» hartuko ditu. «Ahal dudan lanik onena egiten saiatuko naiz, baina helburua bete dut jada, ondo bete ere». Hala ere, badu erronka bat begiz joa: Javier Colomo iruindarraren marka ontzea. Hark du denborarik onena euskal atleten artean: 13,58. Martinezek hamazazpi ehunen hobetu beharko luke bere markarik onena. «Saiatuko» dela dio, baina horrekin «itsutu gabe».

Martinezen lorpenarekin argi geratu da soka ez dela eten Nafarroako hesietako atleten artean. Iñigo Monreal eta Txema Romera nabarmendu ziren aurretik, eta Sergio Fernandez azken urteetan. «Deigarria da horren eremu txikian horrenbeste atleta on irten izana». Etxean du horren beste adibide bat: ama, Elena Etxarte, 100 metroko hesidunetan nabarmendu baitzen. «Geneetatik datorkidan? Zerbait bai, ziur. Baina lana ere badago. Halakoetan, bietatik egon behar da».

«Sakratua» da atletismoa euren etxean. «Sekulako zaletasuna dugu». Bestela, ezin da ulertu4 urterekin jada Ardoin hasi izana. Gorako jauzian nabarmendu zen gero —2,04 metroko marka du—, baina Beoringyanek konbentzitu zuen hesietan hasteko, duela lau urte pasatxo. Eta katigatuta geratu da. «Arnasten den tentsioak erakartzen nau, baita egin behar den lan fisiko eta teknikoak ere. Argi dut: hau da nire proba».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.