Herri Kirolak

Herritarren beroa jasoko du

Donato Larretxea aizkolariari omenaldia eginen diote gaur Arantzan (Nafarroa), haren sorterrian. 12:00etan herri kirol saio bat eginen dute, eta, gero, herri bazkaria izanen dute frontoian.

Donato Larretxea, entrenatzeko bere tokian. AINHOA LARRETXEA
Ainhoa Larretxea Agirre.
2022ko abenduaren 2a
11:32
Entzun

Sorterrian eginen diote omena: Arantzan (Bortziriak, Nafarroa). Arantzarra baita Donato Larretxea aizkolaria (1960). Bi urte zituela, Almandozera (Baztan, Nafarroa) mugitu zen haren familia, eta Almandoztik Berara (Bortziriak, Nafarroa) joan zen kirolaria gero. Estimu handian dute herrikideek, halere, eta horren seinale da gaurko antolatu dioten omenaldia. Plazan segitzen duen arren, Larretxeak orain arte egindako lan guztia oroitzeko eguna antolatu dute arantzarrek: herriko plazan ariko dira atzoko eta gaurko aizkolariak; tartean, baita Larretxea bera ere.

«Ez nuen espero», erran du Donato Larretxeak omenaldiari buruz: «Urduritzen nau jendearen aitzinean solastatu behar izateak», erantsi du. Goizeko omenaldia pasatuta, frontoian eginen duten bazkarian «lasaiago» egonen dela aitortu du. Eskertu du arantzarren aitortza: «Nitaz oroitzea nahikoa da».

Herri kirolen munduan, aurkezpenik behar ez duen izena da Donato Larretxearena. 18 urte zituela atera zen plazara lehenengoz, kasualitatez, anaia lesionatu eta haren ordez. Elizondon (Baztan, Nafarroa) egin zuen lehen plaza hura, Santiago bestetan, eta urte berean irabazi zuen gazte mailako txapela, Donostian. Aizkolaritzaren harra sartu zitzaion barruraino, eta geroztik horretan jarraitzen du. Dozena bat apustu baino gehiago egin du, modalitate ia denetan lortu ditu txapelak, eta Euskal Herriko zein mundu mailako hainbat plazatan aritu da. Zortzi aldiz izan da Ameriketako Estatu Batuetan aizkoran, eta egona da Europan eta Australian.

Larretxearen apustua

Larretxearen ibilbidean, aizkolariak egindako apustuak nabarmentzen dira. Joxe Mari Olasagastiren kontra lehiatu da lau aldiz, eta lauretan lortu du garaipena. Olasagastiz gain, Miel Mindegia izan da bere aurkari handienetakoa. Herri kirolzale anitzen memorian iltzatuta dagoen apustua da 2009an haren kontra jokatu zuena. Azken apustua izanen zela erran zuen Larretxeak, baina haren ondotik egin zuen bertze bat: 2015ean Arria V.aren kontra. Geroztik, alde batera utziak ditu txapelketak, baina tartean behin ateratzen da plazara.

Arantzako herritarrak aritu dira omenaldia antolatzen, eta tartean da aizkolariaren lehengusu Patxi Larretxea. Haren hitzetan, «aspalditik» merezi zuen omenaldia: «Nahiz eta noizean behin erakustaldi batean parte hartzen duen, erraten ahal da erretiratua dagoela, eta garai egokia zela pentsatu dugu omenaldia egiteko».

Izan ere, Patxi Larretxeak nabarmendu duenez, aizkolaria urte luzez aritu da herriaren alde lanean: «Anitz eman dio herriari Donatok. Mendi mutil lanean ari zela ere herritarrekin ibiltzen zen, eta gaur egun ere harreman estua du. Gazteen erakustaldietarako beti ekartzen du egurra, eta beti ibiltzen da laguntzen».

Gainera, herritarrek anitz maite dutela azaldu du Patxi Larretxeak: «Bere ibilbidean jarraitzaile anitz izan ditu, baina sutsuenak arantzarrak izan dira. Txapelketa eta apustu denetan izan da herritarren bat bera animatzen. Merezia du omenaldia».

Arantzako Udalak eta Gure Kirolen Klubak antolatu dute gaur 12:00etan plazan hasiko den ekinaldia. Larretxearekin urte aunitzez ibilbidea partekatu, eta gaur egun aizkora alde batera utzia dutenak ariko dira, eta, haiekin batera, azken urteetan Larretxeak plazan lagun izan dituen kirolari gazteagoak. Patxi Larretxeak azaldu duenez, Donato Larretxearen ingurua biltzen saiatu dira omenaldian: «Hogei kirolaritik goiti bilduko dira, ezinezkoa delako denak elkartzea, eta nonbait paratu behar delako muga». Herri kirolari denak aritzeko, bakoitzak lan motza egin beharko du; harri jasotzaileak ere ariko dira.

Gaurkoa herri kirolzaleen besta handia izatea nahi dute, eta, horregatik, herri kirolarien jardunaren ondotik, herri bazkaria izanen dute Arantzako frontoian; bazkaria eta arratsaldeko giroa berotuko dituzte Julen Zelaieta, Manolo Arozena eta Bittor Elizagoien bertsolariek, eta Andoni Mitxelena eta Beñat Mitxelena akordeoilariek. Gaurko eguna herri kirolzaleen memorian iltzatzea nahi dute antolatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.