Pilota. Binakako finala

Herriko haurren ispilu

Bolada zaila igaro dute Bergarako pilota eskolan, baina, Beñat Rezustaren bultzadari esker, haurrek ilusioa berritu dute. Reyes Azkoitia da hango arduraduna aspalditik. Pilotalekuan zein pilotalekutik kanpo hazten ikusi du atzelaria.

Beñat Rezusta eta Reyes Azkoitia, alde banatan, Bergarako pilota eskolako gaztetxoekin batera, herrian jokatutako Gabonetako sari batean. IÑIGO ZAITEGI.
jon eskudero
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Binakako Txapelketa honetan bihotzekoak jo ez badio dagoeneko lasai bizi daitekeela dio Reyes Azkoitiak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1953). Gutxik ezagutuko dute hark bezala Beñat Rezusta, kasik «ama-semeen arteko harreman» baten modukoa dutela aitortu baitu. Duela hiru hamarkada Bergarako (Gipuzkoa) pilota eskolaren ardura hartu zuenetik, hazten eta hezten ikusi du Rezusta, eta ez du ezustean harrapatu hirugarrenez binakako finalean egoteak. Txikitatik nabarmendu izan dela adierazi du, eta espero zuela goi mailako pilotaria izatea. «Ez genien kasurik egiten esaten zutenei ezkerra eta atzelaria ezin zitekeela izan». Horregatik, Azkoitia gozatzen ari da pilotariaren sasoiaz, eta bihar ere zale sutsu bilakatuko da.

Urteak daramatza Azkoitiak Bergarako pilota eskolari lotuta, eta Rezustak lehen egunetik harritu zuela dio. «Lehengusuak eta anaia pilotan ibiltzen zituen, eta bera ere eskolara etorri zen. Familia oso pilotazalea du, amaren aldetik. Ez naiz memoria onekoa, baina oroitzen naiz urtebete zaharragoen aurka ere irabazi egiten zuela. Eskolan inoiz eduki dugun onentsuena izan da; hori bai, nik guztiekin lana berdin egin dut. Rezusta beste herri batean ere pilotaria izango zen». Umetan ere altua eta argala zela gogoratu du, kolpe bizikoa. «Besteek baino koadro bat gehiago jotzen zuen beti. Halere, 15 bat urte bete arte Gipuzkoa mailan ez zen nabarmendu. Behar zen garaian iritsi zen lurraldeko onenen parera. Eskerrak pilota hautatu zuen, Eibarrek futbolerako ere fitxatu nahi izan baitzuen».

2009an «urte magikoa» bizi izan zutela aitortu du pilota eskolako arduradunak. «Herriarteko txapelketa ondo pasatzeko tresna baten moduan hartzen genuen ordura arte, baina urte hartan Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapeldun izan ginen. Zer izan zen hura! Udaleko balkoian harrera, herritar guztiak gainean... Bertsoa ere kantatu nuen denen aurrean!». Garaipen horretan Rezustak garrantzi handia izan zuen. «Hark jokatzen zuen partida oro ia puntu ziurra izaten zen. Umila izanagatik, nortasun handia zuela erakutsi zigun. Urte hura harrokeria izan zen niretzat, oso giro onean puntaraino iristea lortu genuelako. Niretzat beti izan da garrantzitsuena pilota eskolan giro ona izatea, eta ez garaipenak eskuratzea».

Urte hark Rezustari mesede handia egin zion, Azkoitiaren esanetan. «Final-zortzirenetako kanporaketa zen, Andoainen, eta orduan hasi ginen Rezustaren ahulgune nagusia ikusten: eskuin eskua. Zabalera sakatzen zioten, asko sufritu zuen, eta mirariz irabazi genuen partida. Orduan hasi ginen eskuina lantzen. Autokritika egiten dut beranduegi jabetu ginelako horretaz. Lehenago lantzen hasi bagina, orain eskuin hobea izango zuen». Halere, autokritika eginagatik, Azkoitiak beti garbi eduki du ezkerra eta atzelari ona izateko gaitasun osoa zuela bergararrak, nahiz eta askok bestelakorik uste. «Zenbatetan entzuten ote genuen ezin zitekeela ezkerrez soilik atzetik jokatu. Ezinezkoa zela zirudien, eta Beñatek asko sufritu zuen. Guk beti lagundu genion. Egia da aurrez inor ez zela ezaugarri horiekin profesionala izan, baina zer! Konparaziorik ere ezin zitekeen egin, eta jendeak alferrik hitz egiten zuen. Aho asko isildu dira orain». Izan ere, hobea izango al zen aurrelari aritzea? «Ezta inondik ere. Aurrean jokatuta abiadura bizian etortzen da pilota, eta eskuin hobea behar da defentsarako. Atzetik aritzea errazagoa da».

Gazteen eta nagusien mailan hainbat txapela jantzi ondoren, 20 urterekin egin zuen Rezustak profesionaletarako jauzia. «Jokin Etxanizi esan nion izugarri hobetu zezakeela. Ordura arte fisikoa landu gabe zegoen, entrenamendu seriorik egin gabe, eta berehala eman zuen jauzia. Aspen ere harrituta geratu ziren». Inork ez zuen espero halako maila ematerik. «Urtebete behar izan zuen mailari neurria hartzeko, baina azken lau urteetan ematen ari den maila sekulakoa da. Nik ere ez nuen espero hain urrun heltzerik. Gaitasun izugarria du». Gaitasuna, umiltasuna eta lanerako gogoa. «Oso langilea eta apala da. Afizionatu mailan ere ikusten zitzaion hori. Partida bat galduz gero, hurrengo egunean takoak ipini, eta eskuak egitera joaten zen frontoira. Anbizio handikoa da. Horri esker dago dagoen tokian».

Belaunaldi aldaketa

Izar bilakatu arren, umiltasuna du oinarri Rezustak, sarritan oroitu izan baita Azkoitiak eta ingurukoek pilota eskolan eginiko lanarekin. «Ahalik eta gehienetan joaten gara haren partidak ikustera, eta bera ere etortzen da Bergarako pilotalekura, gazteak ikustera. Gutaz beti bezala akordatzen da».

Frontoitik apur bat urruntzen hasi nahi luke Azkoitiak, gazteei atea irekitzeko. «30 urte daramatzat eskolan, eta pixkanaka gazteak sartzen ari dira zuzendaritzan. Gure aroa amaitzen ari da. Duela bi urte ez nuen belaunaldi aldaketarik ikusten, baina, orain, gazte batzuk badauzkagu gogoz eta ilusioz, eta oso pozik nago herriko pilotak geroa izango duelako».

Eskolaren arduradun berrien artean ez da Rezustaren izenik ageri, baina haren presentzia ezinbestekoa da etorkizunera begira. «Zerbait gaizki egin dut azken urteetan, 2000n jaiotako ume alerik ez baita ari pilotan. 2001ekoa ere bakarra daukagu. Huts egingo nuen zerbaitetan! Orain herriarteko txapelketan ez gara ateratzen jende kopururik ez daukagulako. Tristea da». Halere, etorkizunak ez du kezkatzen. «Rezustak Bergarako pilotari eman dion bultzada izugarria izan da, berriro ere onbidean sartuta gaude eta. Ume asko hasi dira hari esker, eta orain 6-10 urte arteko 86 haur ditugu. Kopuru galanta da. 2008an jaiotako batzuen artean oso maila onekoak daude, baina kantitatea da garrantzitsuena. Rezusta pilotalekura agertzen denean, guztiek jokatu nahi izaten dute haren kontra». Pilota bizi-bizirik dago Bergaran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.