Etxarri Aranatzen bueltaxka eman, eta ez zaio jendearen agurrik falta. Binakako finala ekitaldi handia da, eta gertutik erreparatzen dio jendeak herriko pilotariaren bideari. Kafea lagun, elkartean egin du elkarrizketa Aitor Zubietak (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1984). Ezer gutxi ezkutatu du.
Zer moduz?
Ondo. Eskuaren ardura logikoarekin. Finalerdien ondorengo astean ez dut pilotarik ukitu eta eskua zaintzen aritu naiz: masajea, botikak... Hori da lehentasuna; berriz ere, takoekin asmatzea gakoa izango da. Ea finalaren aurretik pilotaleku saio on bat egiteko aukera dudan.
Mezu asko jaso dituzu?
Pila bat, ikaragarria izan da. Auskalo zenbat mezu, zenbat jenderenak... Sailkatu ondoren, Whatssapp kolapsatu egin zitzaidan; ez zuen mezu guztiak kargatzeko adina ematen. Astelehenean igandeko mezuak jasotzen segitzen nuen. Ikaragarria izan zen.
Zerbait ondo egingo zenuen hainbeste jende zure arrakastarekin pozteko?
Nik maitasun hori nabaritzen dut behintzat. Jende asko pozten da nik irabazten dudanean, eta horipoztekoa da. Herrian ere bai; harrigarria da. Ea finalean poza ematen diedan.
Irabaziz gero, orduan sua? Etxarrin oraindik gogoan dute 2010eko txapela irabazi zenueneko gaua.
Etxarrin jende askok hartu du jai astelehenean, badaezpada ere. Pentsa, garagardoaren karpa joan den astean zen bukatzekoa, eta, finalarengatik, beste astebetez utzi dute, astelehenera arte. Aurreko txapel ostekoa harrigarria izan zen: hura harrera, hura zen giroa. Plaza, jendez lepo beteta; tabernetan ezin nintzen sartu ere egin. Ezin naiz kexatu.
Aspetik ere deitu zintuzten?
Bai, Jokin Etxanizek, beste pilotariek, leihatilakoak, langileek.... Nik Asegarcerekin jokatu dut, baina Aspeko pilotari eta langileekin tratu oso ona dut.
Hunkitu ere egin zinen.
Ez zen gutxiagorako. Aste gogorra izan zen. Bezperan ez nekien jokatu ahal izango nuen. Proba egin arte ez nekien nola zegoen eskua. Gero, zorionez, dena ondo irten zen, eta ezkerra ez zidaten askorik estutu, eta nik ere babestu nuen. Tentsio handiko astea izan zen. Ez naiz malko errazekoa, baina gainezka egin nuen.
Alaia, hiztuna... Ez dirudizu bereziki gogorra.
Nik lau ebakuntza pasatu ditut: belauneko hiru eta bihotzeko bat. Lotailuak hautsi eta bost hilabetera jokatzen ari nintzen. Mentalki gogorra naiz, baina eskuena... hori are zailagoa da eramaten. Nahia eta ezina da, eta asko luzatzen denean, hondoratu egiten zara. Hor etxekoek ikaragarri laguntzen naute: gurasoek, emazteak, anaiak... Une horietan etxekoak dira hor egoten direnak, eta askotan eurei esker lortu dut pilotarekin aurrera jarraitzea. Carlos Navarro nire entrenatzailearen lana era goratu nahiko nuke. Txikitatik ari gara elkarrekin, eta oraindik berarekin egiten dut lan. Jende askori diot zer eskertua, eta ea txapela eskaintzen diedan.
Eskuekin asko sufritu duzu.
Nire ahulunea izan dira debutatu nuenetik. Esku oso handiak ditut, eta, batzuetan, hori arazo bat da, pilotak errazago sartzen direlako. Arazoa da zurdak handitzen zaizkidala, eta zurda bat pixka bat handituta izan eta pilota bat sartzen bazaizu, berehala egiten du okerrera. Pilota astintzeko nire moduak ere badu eragina, eta azken urteetan asko landu dut hori; oin geldian oso bortitz jo beharrean, pilotaren bila joan eta eskuarekin gehiago gozatuz ematea. Hala, eskuak gutxiago sufritzen du.
Behin esan zenuen dena uzteko zorian egon zinela eskuen erruz.
Bai, nik argi dut: Pedro Garciarengatik ez balitz, seguru asko pilota utzia nuen. Pedrok bihar bere takoak egiteari utziko balio, agian ezingo nuke jokatu. Nire eskua nik baino hobeto ezagutzen du. Pasatu izan zait berak puntu batean min dudala esan, nik ezetz erantzun, pixka bat han ukitu eta mina sumatu. Sinestezina!
Pedro Garciaren takoek ibilbidea salbatu zidaten; material ezberdinak-eta ekartzen ibiltzen da. Nik oso gogorrak erabiltzen ditut; ukipen gutxiago duzu, baina haiekin jokatzen ikasi egin behar duzu. Esku bateko takoak egiteko ordu eta erdi behar dut, film oso bat. Bi eskuetakoak hiru ordu, bi film. Emazteari film bat jartzeko eskatzen diot, eta han jarduten naiz; ingeniari lana da. Auskalo zenbat film ikusi ditudan nik! James Bond, Riddick...
Bigarren finala duzu 11 urtean, ez al dira gutxi?
Oso zaila da finaletara iristea, eta nik lau t'erdian eta buruz buru zail dut. Nik binakako txapelketa politak egin izan ditut, askotan iritsi naiz finalerdietara. Iaz finalerdietarako azken partidan gelditu ginen finaletik kanpo; beste batean, arautegiaren interpretazioak utzi gintuen kanpoan; Ezkurdiarekin oso gutxigatik ez ginen finalerdietan sartu.... Azken urteetan Irujok eta Olaizola II.ak oso txapel gutxiri utzi diete ihes egiten, eta nik horietako bat ehizatu nuen. Ez dut uste txapelketan bide txarra egin dudanik.
Aldeak ezartzen dituen atzelariaren estatusa berreskuratu duzula iruditzen zaizu?
Eskuek utzi didatenean ondo jokatu dut, puntan jokatu dut. Egun pilotan maila oso handia dago. Nire azken urtea ona izan dela uste dut; udan ez nuen arazorik izan, eta torneoak eta jokatu nituen. Txapelketak asko ematen du, baina urte osoko jardunari ere begiratu behar zaio..
Irujorekin oso gutxitan jokatzen duzu, eta askotan, aurka.
Aurrelari guztiekin jokatzen dut gustura, baina egia da irujok asko laguntzen duela. Harekin ia beti aurpegiz jokatzen duzu, berak agintzen du eta asko laguntzen dio atzelariari. Ez dut berarekin txapelketa bat jokatzeko aukerarik izan. Nahiko nuke berarekin eta Olaizola II.arekin txapelketa bat jokatu noizbait. Baina tira, Irujoren aurka jokatzen jarraitzen dudan bitartean seinale ona izango da, ondo jokatzen ariko naizelako.
Zure mailaren inguruko zalantzak zabaldu ziren. Albisu, Merino, Zabaleta... Alderaketak. Kritikarik entzun duzu?
Normala da zalantzena, nik ere izan nituen neure buruarekin! Eskuekin garai oso txarrak pasatu ditut, eta horrek jokoa erabat baldintzatzen du. Iaz finalean sartzeko zorian egon nintzen eta, hala ere, txapelketa hura kalbario bat izan zen. Baina nik badakit ondo egon naizenean eman dudan maila eta ze tankerako partidak jokatu ditudan.
Goñi, Lasa, Eulate eta enparauen aurka hasi zenuen ibilbidea. Zein atzelari ziren hobeak, horiek edo egungo gazteak?
Haiek handiak izan ziren, eta hauek ere bai. Pilota jokoa asko aldatu da hamar urtean. Egungo pilotak gutxiago irteten dira frontisetik, eta orain, jokoa ezberdina da. Atzelariok eboluzionatu egin behar izan dugu, baita nik ere. Orain ezinezkoa da zortzigarren koadroan jo eta jo gelditzea; jokoak berak ez dizu uzten. Orain atzelariak dinamikoagoak dira, kantxa gehiago estali behar dute eta gauza gehiago egin. Orain, bolea, esaterako, ezinbestekoa da, eta ez eskuinez bakarrik.
Belaunaldi aldaketa iritsi da?
Bai. Orain dauden hauek geratzeko etorri dira. Atzelarietan duela urte batzuk pasatu zen, eta orain, aurrean. Urrutikoetxea finkatua dago jada, Ezkurdia, Altuna III.a, Artola... Altunari denbora pixka bat eman behar zaio... eta Elezkano II.a. Harritu egin nau.
30 urterekin txapelketako bigarren atzelari zaharrena izan zara.
Bai, egia da, Oinatz eta biok ditugu 30. Askok aurreko belaunaldiko azkenak garela diote, baina nik uste gazteen belaunaldi horrekin ere nahas gaitezkeela. Oraingoa garai oso polita da pilotan: belaunaldi nahasketa... Duela hamar urte pasa izan zen tankerakoa. Baina tira, aurrekoak hor daude, Xala lan handia egiten ari da sasoian jartzeko, eta ziur nago Olaizola II.a onena ikusiko dugula berriz. Bi txapelketa txar egiteagatik ezin da hura lurperatu.
Zer moduz Berasaluzerekin?
Ondo. Kontuan hartu behar da lesio batetik itzuli eta partidetara sartu zela txapelketan eta jokatu ahala hartu duela erritmoa. Pablori ausardia eskatzen zaio, eta hori egin du, kale edo bale, eta hala jokatu du. Oro har, oso ondo aritu dela iruditzen zait.
Noiz jakin zenuen berarekin jokatuko zenuela.
Aurkezpenaren bezperan esan zidaten Asegarcera utzita nindoala, eta nik, legalki arazorik ez bazegoen, ez nuen trabarik jarri. Ez nekien zeinekin jokatuko nuen, eta horretan pentsatzen pasatu nuen aurkezpen bezperako gau osoa.
Asegarceko atzelariei ez zien graziarik egin erabakiak.
Ulertzen dut haserrea. Aspen berdina egingo balute, ez liguke graziarik egingo. Enpresen erabakia izan zen; ez zegoen nire esku.
Berasaluzeren finala al da? Pilotazalea berarekin dago.
Tira, gu ezin gara horrekin itsutu behar. Bere ibilbide luzea hor dago, aurreko finalean gertatu zitzaion zorigaitza, Bilbon jokatze hori... Baina guk gozatzera irten behar dugu, final gutxi jokatzen dira eta ezin gara erotu.
Irabaziz gero, ohorezko sakea San Mamesen.
Zuk uste? Ohorea litzateke. Bertan egondakoa naiz futbola ikusten, eta giro bikaina egoten da, baina ni Realekoa naiz.
Ez al zinen Real Madrilzalea?
Ea, argi gera dadila: Realekoa naiz. Euskal talde guztiak gustatzen zaizkit, baina izatez, realzalea naiz. Esaterako, Manchesterren jokatu zuenean, hara joan nintzen ikustera. Egia da Europa mailan-eta Real Madril gustatzen zaidala, eta hori atera zidaten elkarrizketa batean, eta hala zabaldu zen, baina ni, izatez, realzalea naiz.
Asegarcen ondo? Geldituko zinateke?
Jende askok galdetzen dit, eta logikoa da. Baina nik sei hilabeterako akordioa sinatu nuen, eta orain bukatu egingo da. Nik Aspera itzuli behar dut; hortik aurrekoa ez dakit; ni jokoan zentratzen naiz. Gai berean, Asegarceko teknikari eta kideen inguruan ezin dut hitz txarrik esan.
Ez dira garairik onenak pilota profesionalentzat.
Ez, argi dago. Pilotari koadroek izan duten eboluzioa ikusi baino ez da egin behar.
Asko aldatu dira baldintzak azken hamar urteetan?
Bai, beherakada nabarmena izan da. Baina tira, nire familiakoek edo lagunek euren lantokietan jasan dutenaren antzekoa.
Kausa sozial ezberdinei atxikimendua eman izan diezu: euskarari... Arazorik horregatik?
Nik pentsatzeko modu guztiak errespetatzen ditut. Eta denak errespetatuz tratatu. Baina badakit zein den nire herria, nire hizkuntza, nire jendea eta haiek irmo defendatzen ditut. Nire iritziekin koherente izatea da.
Nolako egoera dago Sakanan? Krisiaren eraginaren ikonoetako bat izan da.
Txarra. Nik argi dut duela hamar urteko Sakana hura ez dela itzuliko. Ni, eta lagunak, 16-17 urterekin, institutua bukatu eta bi egunera fabrikan lanean ari ginen: Ufesan... Dirutxoa egiten. Hori ez da itzuliko. Orain badiote fundizioan eta kontratu laburrak egiten ari direla. Nik, dena den, argi dut batzuek zabaltzen ari diren ustezko hobekuntza hori Sakanan behintzat ez dela nabaritzen.
Makina bat pilotari sartu da politikan: Pascual, Eulate, Titin...
Hori edo telebista aurkezle esaten didate, kar-kar... Nik ez dut aterik ixten, baina ez... Oraingoz oso gustura nago pilotari moduan.
EPEL en Binakako Txapelketako finala. Aitor Zubieta. Asegarceko pilotaria
«Herrian jende askok jai hartu du astelehenean»
Ibilbideko une gazi-gozoei begiratu bat eman die, binakako finala jokatu aurretik. Igandekoa bigarren finala du, eta oso pozik dago izan duen erregulartasunarekin. Aldarte goxoan, pilotaz solasean hasi eta bizitzari buruz hitz egiten bukatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu