Arrauna

Herrialdeko onenak izateko aukera

Gipuzkoako eta Bizkaiko traineru txapelketak dira gaur, Donostian eta Lekeition; 18:45ean jokatuko da lehena, eta 18:00etan bigarrena

Gizonetan, Hondarribiak irabazi zuen iaz Gipuzkoako txapelketa. J. R. RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Arraunlarientzat ez da ohiko eguna izango gaurkoa: entrenatzera joan beharrean, estropada batera joan beharko dute. Bizkaiko eta Gipuzkoako traineru txapelketak jokatuko dituzte gaur: Lekeition (Bizkaia) bat, eta Donostian bestea. Gipuzkoakoa 18:00etan hasiko da; Bizkaikoa, berriz, 18:45ean.

Txapelketak beti txapelketa arraun munduan, eta ligen itzalean geratu badira ere azken urteetan, garai bateko garrantzia galduta, oraindik ere eusten diete nolabaiteko xarma horri, eta arraun elkarte askotan estropada garrantzitsuak izaten dira herrialdeko onena zehazteko hauek.

Bizkaikoak azken orduko korapilo bat izan du. Izan ere, Lekeition ez jokatzeko arriskua izan da, estropadak antolatzeko klubek behar dituzten betikobaimenetatik aparte beste berri bat eskatu zielako egunotan Espainiako Gobernuak, Itsasoko Kapitaniaren bidez. Lekittarra taldeak ere atzo bertan aurkeztu zuen agiri hori, eta aurreikusita zegoen bezala jokatuko da Lekeition.

Eremu jostalaria da, eta gaurko ere izango du ezusteren bat gordeta. Haize pixka bat dago emanda, eta metro bateko olatuak espero dira, biak ere ipar-mendebaldeko norabidetik. Emakumeen txanda bakarrak emango dio hasiera lehiari, Kaiku, Deustu, Isuntza eta Ondarroaren arteko lehiarekin. Lehen biak dira faboritoak, eta iazko txapelduna Kaiku da.

Gizonezkoetan, ezin kabitu Eusko Label ligako sei taldeak txanda berean, eta Isuntza eta Ondarroa ez dira ohorezko txandan ariko. Bai, aldiz, Urdaibai, Zierbena, Santurtzi eta Kaiku. Bermeotarrek irabazi zuten iaz, gaurko leku berean.

Gipuzkoakoan ere antzekoak izango dira itsasoaren eta eguraldiaren baldintzak, eta kontuz Donostiako eremuarekin, aurreko larunbatean Eusko Label ligako estropadan ikusi zen bezala. Emakumezkoen artean, txanda nagusia azkenekoa izango da, eta horretan joango dira Orio, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia. Inork ez du oraindik txapelketa hau irabazi.

Gizonen kasuan, ohorezko txandan, Orio, Hondarribia, Donostiarra eta San Pedro aterako dira. Lehen biek dituzte txapelketa gehien: oriotarrek, hamaika; eta hondarribiarrek, hamar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.